AIZKORA

Txikia IV.ak eta Atutxak irabazi dute Binakako Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa lehen mailan

Emakumezkoetan Zelai III.a eta Ansorregi sailkatu dira, eta promozio mailan, berriz, Julen Kañamares eta Pellejerok irabazi  dute saria.

Iragan urtean egin zen Ai Sherpa txapelketa. MARISOL RAMIREZ/FOKU
jone arruabarrena
2021eko uztailaren 17a
08:03
Entzun

Hamabi bikote lehiatu ziren atzo Azpeitian: bost gizonezkoen maila nagusian, eta hiru emakumezkoenean. Gainontzeko laurak gizonezkoen Promozio Mailakoak izan ziren. Txikia IV.ak eta Atutxak lortu zuten saria lehen mailan, eta Zelai III.a eta Ansorregi izan ziren garaile emakumezkoetan. Promozio mailan berriz, Julen Kañamares eta Pellejerok irabazi zuten txapelketa.

Azpeitiko Izarraitz frontoian 22:00etan hasi ziren aizkorakadak. Promozio Mailakoek ekin zioten lehiari, eta emakumezkoak aritu ziren ondoren. Hiru bikotek eman zuten izena proba horretarako: Karmele Gisasola-Uxue Ansorregi, Beatriz Tanco-Maika Ariztegi eta Garazi Arruti-Julia Martinez. Haientzat ere estreinako aldia izan zen, eta bide berri bat zabaldu zuten emakumezkoen aizkoran.

Iker Vicente-Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga-Jexux Mujika, Eneko Otaño-Ugaitz Mugertza, Jon Irazu-Jon Rekondo eta Julen Alberdi Txikia IV.a-Atutxa II.a bikoteak lehiatu ziren azkenik, lehen mailan. Azken honetan Iker Vicente eta Azurmendi geratu ziren bigarren, eta Otaño eta Mugertzak lortu zuten hirugarren postua. Emakumezkoetan, berriz, Tanco eta Maika bigarren sailkatu ziren, eta Arruti eta Julia hirugarren. Promozio mailan, Saralegik eta Mugerzak lortu zuten bigarren postua, eta Larrea III.a eta Zelai IV.a hirugarren postuan geratu ziren.

Ez zen lan erraza izan atzokoa: maila nagusiko gizonezkoen kasuan, zortzi kana-erdiko (54 ontza), 60 ontzako sei eta lau oinbiko (72 ontzakoak) ebaki zituzten. Emakumezkoek, berriz, bi kana-erdiko eta 36 ontzako bi mozteko lana izan zuten aizkolariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.