Aizkora

Txikia IV.a eta Azurmendi garaile binakako Sherpa Ai txapelketan

Iazko garaipena errepikatu du Txikia IV.ak. Eneko Otañok eta Jesus Mari Mujikak amaitu duten bigarren; promozioko mailan, Julen Kañamares eta Julen Otaño gailendu dira.

'Txikia IV.a' eta Azurmendi garaipena ospatzen, atzo, Zestoan (Gipuzkoa). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2023ko urtarrilaren 29a
11:17
Entzun

Julen Alberdi Txikia IV.a eta Iñaki Azurmendi izan ziren indartsuenak atzo Zestoan (Gipuzkoa), Sherpa Ai binakako aizkolari txapelketan. Bikote txapeldunak 30 minutu eta 7 segundo behar izan zituen seina kana-erdiko, 60 ontzako beste seina eta 72 ontzako bi ebakitzeko.

Minutu eta erdi baino gehiagoren aldea atera zieten bigarren sailkatuei, Eneko Otañori eta Jesus Mari Mujikari. Haiek 31 minutu eta 48 segundoan amaitu zituzten lanak; 8 segundo gehiago behar izan zituzten Mikel Larrañagak eta Arkaitz Jauregik (31:56). Laugarren amaitu zuten Ugaitz Mugertzak eta Julen Larreak (32:22). Lehia estua izan zen hiru bikote horien artean.

Horrela, bigarren urtez jarraian jantzi du txapel hori Txikiak. Txapelketa jokatzen zen bigarren aldia zen aurtengoa. Iaz, Aitzol Atutxarekin irabazi zuen, eta, aurten, Azurmendirekin.

Promozioa

Promozio mailako txapelketa ere jokatu zen atzo Zestoan, hiru bikoteren artean. Haiek lau kana-erdiko eta 60 ontzako beste lau moztu behar zituzten. Horretarako, 15 minutu eta 30 segundo behar izan zituzten garaileek, Julen Kañamaresek eta Julen Otañok. Bigarren amaitu zuten Eneko Saralegik eta Asier Pellejerok (15:44), eta hirugarren Eloy Corcherok eta Aratz Mugertzak (16:02).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.