Borja Ekiza. Athleticeko jokalaria

«Txartelik atera ez badidate ere, ez naiz biguna»

Lezamako entrenatzaileek espero zuten baino hobeto ari da jokatzen. Konfiantza hartzen doan heinean zelaian gauza gehiago egiten ahaleginduko dela dio.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Amets bat bizitzen ari da Borja Ekiza (Iruñea, 1988). Duela lau hilabete, Athletic B-n hasierako hamaikakoan izateko ari zen borrokan. Orain, berriz, ordezkaezina da nagusien taldean. Zaleak harrituta utzi ditu, baita Lezamako entrenatzaile gehienak ere. Ekiza ez baita izan asko nabarmendu den futbolari bat. Baina konfiantza du bere buruarengan. Orain arte erakutsi duen baino gehiago emateko gai dela dio.

Azkenean, Liga jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Futbolari gehienak jokatzearen alde agertu dira. Zuk ere nahiago zenuen atzerapenik ez egotea?

Guk ez diogu aparteko kasurik egin kontu horri. Guk beste edozein astetan bezala egin dugu lan. Jokalariok Almeriaren kontrako partida besterik ez dugu buruan izan. Ondo entrenatu gara.

Atsedenaldi luzeegia ez litzateke komenigarria izango, baina Athleticek behar zuen zerbait azken neurketetako hutsen gainean hausnarketa egin eta okerrak zuzentzeko.

Ez dakit zer esan. Geldialdiak onak izaten dira batzuetan, eta txarrak beste batzuetan. Ea sasoi amaierari gogor ekiteko baliatzen dugun atseden txiki hau.

Zu zeu une gozoan zaude. Beraz, zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta hobeto.

Ni oso sasoi onean nago. Bolada onak aprobetxatu behar dira.

Asko aldatu zaizu bizitza azken hiru hilabeteotan?

Asko, eta onerako. Entrenatzaileari eskerrak eman behar dizkiot. Lehen Mailan hasteko aukera emateaz gain, partidak jarraian jokatzeko aukera eman dit. Hasiberri batentzat ezinbestekoa da agintzen duenaren babesa eta konfiantza izatea. Lasai jokatu eta ondo aritzeko, ezinbestekoa da.

Gauza on asko gertatu zaizkizu, bai. Guztiak barneratu dituzu?

Egoera profesionala goitik behera aldatu zait, baina aldaketa normala izan da. Ez naiz guztiz ohartzen aldaketaz.

Futbol profesionalean ez da oparirik egiten. Zergatik uste duzu egin duela Joaquin Caparrosek zure alde?

Jokalari batek debutatzen duenean ezin du bere dohain guztien berri eman. Atzelarioi defendatzea egokitzen zaigu. Eta, defendatzean, segurua izatea da garrantzitsua. Behin konfiantza apur bat hartutakoan, gauza gehiago egiten ahalegindu behar dugu.

Jokoan aurrerapausoak emango dituzuela diozu. Gehiago emango duzula, alegia.

Duda barik. Ziur nago askoz gehiago eman dezakedala. Abidal Bartzelonakoa da esan dudanaren adibiderik garbiena. 30 urterekin asko hobetu duela diote haren taldekideek. Nik 23 urte baino ez ditut, eta uste dut ikasteko dudan gogoarekin hobetu egingo dudala.

Zein arlotan dituzu gabeziak?

Arlo guztietan. Taldeko erdiko atzelariek asko erakuts diezadakete. Bakoitzarengandik hainbat gauza ari naiz ikasten.

Eta zein dira zure dohain nagusiak?

Serioa eta azkarra naizela eta kontzentratuta jokatzen dudala uste dut.

Nor izan da zure ispilua?

Rafa Alkorta eta Gerard Pique izan dira. Alkorta indartsua, gogorra eta taktikoki ona zen. Piquek, berriz, oraingo futbolak atzelari bati eskatzen dizkion dohainak batzen ditu. Baloia oinetan duenean erraz jokatzen du.

23 urte egin berri dituzu. Lehen taldera ailegatzeko azken aukera aprobetxatu duzula uste duzu?

Baliteke. Kontratuaren azken urtean nengoen. Joan den sasoian lesio larria izan nuen. Osatze bidean hausnartzeko denbora izan nuen. Azken urtean dena eman behar nuela pentsatu nuen. Ondo atera izan ez balitz, neure buruarekin bakean geratzeko balioko zidakeen.

Bigarren taldean, Caparrosek ondo ezagutzen dituen beste bi erdiko atzelarik jokatzen dute: Mikel Santamariak eta Xabi Etxebarriak. Harritu egin al zintuen zu aukeratzeak?

Ez. Hirurok izan ditugu aukerak, eta, azkenean, nire alde egin du. Ez dut kontu horretan asko pentsatu.

Ligan gehien jokatu duen bigarren erdiko atzelaria zara. Ustaritzek, Amorebietak eta Ociok baino gehiago jokatu duzu. Zuretzat berri ona da. Athleticentzat ere bai?

Zigorren eta lesioen kontua dela iritzi diot. Ni pozik nago, eta aukera aprobetxatzen ahaleginduko naiz.

Lan ona egiten ari zara, eta jakinekoa da talde zuri-gorriko zaleek ondo zaintzen dituztela igo berri gehienak. Baina denbora pasatzen den neurrian, gehiago eskatuko dizute, eta gutxiago barkatu. Argi daukazu hori, ezta?

Argi daukat, bai. Futbolean, egun batean goian zaude eta hurrengoan zuloan.

Onenen artean ematen ari zaren itxura oso ona da. Harrobiko entrenatzaile asko harrituta daude zure ekarpenarekin. Gainera, guztiak harritu dituen beste datu bat ere badago: hamabi partida jokatu dituzu Lehen Mailan, eta epaileek oraindik ez dizute txartel bakar bat ere erakutsi. Erdiko atzelarien kasuan, ez da oso ohikoa.

Ez dut txartela merezi duen sarrerarik egin. Horrek ez du esan gura atzelari biguna naizenik. Atzelari gogorra eta sendoa naizela uste dut. Ez naiz borroka saihesten duen atzelari bat. Beharbada, begi onez begiratu didate epaileek (kar-kar).

Ondo defendatuz gero, albiste ona da hori. Atzelari onak falta egin barik nagusitzen dira.

Hala da. Falta egin beharra badago, aurkariak aurrea hartu digulako da. Baloia falta barik berreskuratzeak kontraerasoa azkar antolatzeko aukera ematen du.

Astelehenean, Ulloa eta enparauak zaintzea egokituko zaizu Almerian. Ezin duzue huts egin. Partida erabakigarria izan daiteke.

Bederatzi final geratzen zaizkigu. Ez da izango norgehiagoka erraza, Almeriak ere asko baitu jokoan, azken-aurrena baita. Goian dauden taldeek etxetik kanpo ere irabazi egiten dute.

Hala da. San Mameseko puntuekin ez da nahikoa izango Europako Ligan jokatzeko.

Zerbait gehiago behar dugu, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.