Jakina zen oso zaila izango zela, baina segituan bihurtu da ezinezko. Egutegi bete-betea du Realak, aste barruan partida oso garrantzitsuak jokatzen ari da taldea, eta ez da samurra zenbait jokalari lesionatuta edo zigortuta Bartzelonari bisita egitea. Are gutxiago hamazazpigarren minututik bat gutxiagorekin jokatuta. Kataluniako taldeak erraz irabazi dio egoerak baldintzatutako Realari (4-0).
Imanol Alguacilek hamaikako lehiakorra zelairatu du, eta lehen minutuetan nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak. Gola ere sartu du Sergio Gomezek, baina epaileak baliogabe utzi du erdiraketa egin duen Javi Lopez jokoz kanpo zegoelako. Bi taldeak goian ari ziren presioa egiten, defentsako lerroak ia zelai erdian jarrita, eta norgehiagokak osagai guztiak zituen ikusgarria izateko. Ez da hala izan, ordea: pase luze batean, Aritz Elustondok bizkarretik heldu dio Dani Olmori, eta epaileak txartel gorria atera dio zuzenean.
Zortzi minutu gehiago iraun du bizirik Realak. 25. minutuan, Lamine Yamalek izkin egin dio Javi Lopezi, Olmok erdiratu egin du bigarren zutoinera, eta Gerard Martin harrobiko jokalariak bere estreinako gola sartu du lehen taldearekin. Hiru minutu geroago, Olmok berak egin du bigarrena, area ertzetik. Hortxe amaitu da lehia.
Ostegunera begira
Ostegunean Europa Ligako final zortzirenetako kanporaketaren joanekoa jokatuko du Realak, Anoetan, Manchester Uniteden aurka, eta 2-0ekoaren ostean hara begira jarri dira txuri-urdinak. Alguacilek jokalari garrantzitsuenak kendu ditu —Zubimendi, Barrenetxea eta Aramburu, besteak beste—, eta gutxien jokatzen ari direnei eman die aukera: Mariezkurrenari, Turrientesi eta lesio luze baten ostean berdegunera itzuli den Hamari Traoreri. Horixe izan da eguneko albisterik onena.
Bigarren zatian beste bi gol sartu ditu Bartzelonak, Araujok bata eta Lewandowskik bestea, baina ordurako beste toki batean zuen burua Realak. Sailkapen nagusian, behin-behinean, bederatzigarren da taldea, eta 34 puntu ditu.