Jardun erraza izaten da arraun munduan, zurrumurru eta kontu. Azkenaldian, badabil bat Donostiarraren Eusko Label ligako taldearen inguruan: diru arazoak dituela, eta hainbat arraunlarik taldea uztea erabaki dutela, agindutako sosak ez zaizkielako ari ordaintzen, krisiak eraginda. «Hamabost arraunlari bakarrik dauzka», ari da esaten zurrumurrua belarrietara heldu zaion arraunzalea. «Hamabost dauzkagu, bai, baina hamaseigarrena minez delako. Bi patroi ere baditugu, eta KAE 1 ligako taldeko hiru arraunlari ere gurekin ari dira», esan du Igor Makazaga entrenatzaileak.
Minez dena Iban Verdugo da. Taldea utzi dutenak, ordea, ez dira «hainbat arraunlari», bi baizik: «Iban Lopezek arazoak izan ditu laneko ordutegiarekin, eta ezin du arraunarekin uztartu. Haritz Etxebestek, berriz, ez segitzea erabaki zuen apiril hasieran». Diru arazoak izan direnik ez du ukatu Makazagak, baina esan du konpondu dituztela: «Kirol guztietan izan dira gorabeherak alor horretan, eta gure klubean ere tratua egin dugu zuzendaritzarekin, egoera ekonomiko orokorra den bezalakoa delako. Bada hilabete ados jartzea lortu zela».
Ez die aparteko garrantzirik eman nahi gauza horiei arraunlarien arduradunak, eta ziurtatu du taldea buru-belarri ari dela bihar zortzi Coruñan (Galizia) hasiko den denboraldia prestatzen. Are gehiago, gehitu du ez dela aldaketarik izan denboraldiko plangintzan zehaztutako arraunlari kopuruan: «Hemeretzi izatea espero genuen otsailean, bi patroirekin, eta bidean bi galdu ditugu, baina B taldeko hiru arraunlarirekin osatuko dugu taldea; hala izango zela pentsatuta geneukan krisiaren aurretik ere». Harrobiko horietako batek A taldean hiru estropada jokatzen baditu, ezingo du gehiago bigarren taldean arraun egin, eta hiru horietako bat ziurrenik lehen taldera igoko da, aurreko udetan gertatu izan den bezala, eta beste biak goian eta behean ibiltzekoak ditu Makazagak: «Asmoa da uda aurrera doan heinean Bko bi horiek gero eta gehiago etortzea gurekin». Beraz, azkenean, 21eko eskifaia dauka esku artean Makazagak, Verdugo barne eta Arkaitz Diaz eta Jon Iruretagoiena patroiak kontatuta.
Hobekuntzarekin harrituta
Gaur-gaurkoz, baina, 21eko kopurua ez da benetan horrela gauzatzen ari. Izan ere, hamabost arraunlari eta bi patroirekin ari da entrenamenduak osatzen, Bkoak bere taldean dabiltzalako, eta Verdugo osatu gabe delako. Kopuru txikia da, baina, Makazagak dioen bezala, «gauza txarretan ona ere atera egiten da», eta ondo ari zaio etortzen hiru hilabeteko etenak eragindako kalte handiena bideratzeko: «Blokea egiten berriz hasi behar izan dugu ekainaren 8tik, uretan lan egiteko aukera daukagunetik, eta hamabost arraunlari bakarrik izatea ondo ari gara baliatzen lan hori egiteko». Inoiz ikusi gabeko aurrerapena ere badela aitortu du: «Oso gustura ari gara, eta egunetik egunera asko ari gara hobetzen. Bi astean asko egin dugu aurrera, lehen egunetan baldar baikeunden. Harrituta nago zeinen azkar ari garen blokea osatzeko lanean hobetzen, inoiz ez dut horrelakorik ikusi».
Makazagak dioen bezala, txarrak ere badauka onik, eta taldeen entrenatzeko ohiko dinamika hautsi izanak onura ere ekarri du: «Fisikoan, topera daude arraunlariak, hiru hilabetean besterik ez dutelako landu, eta oso ondo landu ere. Indartsu daude». Arraunlarien sasoi puntua ona izanagatik ere, ez du ukatu kosta egiten zaiela entrenamendu gogor baten ondoren errekuperatzea, eta, hain zuzen, liga hastean egoera horrek beste hau eragingo duela dio: «Irregularrak izan gaitezke talde guztiak».
Txarrak ere badauka onik
Eusko Label ligako Donostiarra taldean hamabost arraunlari ari dira entrenatzen. Bat min hartuta dago, eta, gero, B taldeko hiru batzeko aukera izango du. Bidean bi arraunlari geratu dira: lan kontuengatik bat, eta utzi egin duelako bestea. Gutxi izanda, blokea azkarrago lantzen ari da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu