Berak eraman zituen Asperen pilotak aukeraketara, eta bera egon da azken partidetan Irribarriaren alboan. Jon Apezetxea (Goizueta, Nafarroa, 1988) pertsona aproposa da finalari buruz galdetzeko.
Zer moduzkoak dira pilotak?
Niretzat, onak, egokiak. Badakit kexaren bat egon dela, baina txapelketa osoa... eta azken 15 urteak daramatzagu pilota hauekin. Tokatu da gaur Urrutikoetxeari ez zaizkiola gustatu, eta kito.
Urrutikoetxeari, batez ere, saskian zegoena ez zaio gustatu.
Zegoenarekin kexatu da, baina, azkenean, aukeratua izan ez dena. Halakoetan, hobe da pixka bat itxarotea eta zer hartzen den ikustea. Saskian, agian, bazegoen gehiegizkoren bat, guri ere gustatu ez zaiguna, eta horregatik ez dugu hartu. Baina, tira, oro har, pilota egokiak dira finalerako.
Zergatik ez dituzue hautatu bizienak?
Ikerri ez zaizkiolako komeni. Jendeak esaten du «bizia, bizia». Bada, ez... Gertatzen dena da asko ematen diola pilotari. Pilota lasaiagoa hobea da beretzat.
Alegia, gelditu diren bi horiek lurrean asko ibiltzen zirela.
Frontisean eta lurrean. Ikerrek lurrean pixka bat geldi daitezenbehar du ondo jartzeko.
Nolako partida espero duzu?
Zaila. Urrutikoetxea da egungo txapelduna, laugarren finala du jarraian... Txantxa gutxi horrekin. Ikerrek 19 urte ditu, goza dezala, eta, bere jokoa egiten badu, izango du irabazteko aukera.
19 urte, baina heldua da.
Bai, hala dirudi, baina ikusi egin beharko da igandean nola irteten den. Finala da, Lehen Mailako lehenengoa... Ea zein tenple duen.
Orain arte nola ikusi duzu?
Ondo. Azterketetan kontzentratuago dago finalean baino, eta nik uste ondo datorkiola hori. Bihar [gaur] bi azterketa ditu, eta etxera noiz joango irrikan dago liburuak hartzeko.
Irribarriak, orain arte, atzera bakarrik jo du. B planik baduzue?
Ez B, ez C, ezta D ere. Etorriko gara, eta ikusiko dugu nolako eguna duen. Orain arte mesede egin digu joko serioak, eta, gauza okertzen bada, ikusiko dugu zerbait aldatzen dugun edo ez. Dena den, zaila da Urrutikoetxearen aurka jokoa aldatzea, hura arlo guztietan baitabil ondo.
Irribarriak publikoki esan du asko lagundu diozula, Bengoetxearen aurka bereziki.
Eskertzekoa da, baina berak atera zituen babak eltzetik. Berak erreakzionatu zuen, eta berak eman zion buelta partidari. Botileroak hau edo beste esan diezazuke, baina norberak egin behar du.
Zaleak zur eta lur utzi ditu. Zu?
Ni ere bai. Bagenekien gai zela, baina hainbesterako... Iaz, entrenamendu oso gogorra egin zuen Irujorekin Eibarren, eta orduan ikusi genuen zaldi ona zela.
Zer pasatu zen, bada?
Parez pare ibili ziren. Entrenamendu gogorra izan zen. Ederra. Eta, aurten, Jaunarena, Arretxe... irabazi egin zien, eta gero Olaizolari. Ahoa bete hortz utzi gintuen.
Zer esan zizuen Irujok?
Iker zaldi ona zela eta buruz buruko pilotari handia izango zela.
Langa oso altu jarri du.
Bai; lehen txapelketan, finalera. Irujok ere altu jarri zuen bere garaian, baina hark eutsi egin zion. Oraingoz, lasai joan gaitezen.
Girorako prest al dago?
Etorri eta dena hutsik ikusi duenean, zera esan dit: «Hau bete egingo da. Eta zer egingo dut nik hemen, bakarrik, Urrutikoetxearekin?». Baina bera hazi egiten da halakoetan, gustuko du jendea egotea. Mentalizatua dago, baina 19 urte ditu.
Pilotalekuari buruz zer esan?
Ona da. Enpresek hemen jokatu behar dela esan dute, eta kito. Final handia da, partida handiena, Goizuetan jokatuta ere.
Jon Apezetxea. Aspeko intendentea eta Irribarriaren botileroa
«Txapelketa osoa... eta azken 15 urteak daramatzagu pilota hauekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu