Txapelketa biribildu nahi dute

Binakako txapelketako finala jokatuko dute gaur Ezkurdia-Rezusta eta Artola-Mariezkurrenak, Iruñeko Nafarroa Arenan. Aspeko bikotea jotzen du faborito Oier Zearra pilotari ohiak, «berme handiagoa» eskaintzen duela uste baitu.

Mariezkurrena, Artola, Ezkurdia eta Rezusta pilota aukeraketa egunean. IÑIGO URIZ / FOKU
Mariezkurrena, Artola, Ezkurdia eta Rezusta pilota aukeraketa egunean. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
2025eko martxoaren 30a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteko egunik handienetako bat izango du gaurkoa pilotaren inguruak, Binakako Txapelketako finala jokatuko baita Iruñeko Nafarroa Arenan (17:00, ETB1). Lau hilabete luzeko jardunaren ondoren, bi bikote onenak ariko dira txapelaren lehian: Joseba Ezkurdia-Beñat Rezusta eta Iñaki Artola-Jon Mariezkurrena. Finaletan esperientzia handia du Aspeko bikoteak; gorengo mailan lehen finala izango dute, berriz, Baikoko pilotariek. Bete-beteko finala espero da, baina, alde txikiagatik izanagatik ere, Ezkurdia eta Rezusta jotzen dituzte faborito adituek. Baita Oier Zearrak ere (Galdakao, Bizkaia, 1977). Besteak beste, Aspeko bikoteak «berme handiagoa» eskaintzen duela iruditzen zaio: «Txapelketan eurak izan dira onenak, baina finaletan argi dago egun eta ordu jakin horretan jokatu behar dela. Beraz, final irekia espero dut».

«Aspaldian» izan arren, Zearrak berak badaki zer den binakako final bat jokatzea. 2006an txapeldunorde izan zen Aimar Olaizolarekin batera, Juan Martinez de Irujo eta Peio Martinez de Eulateren aurka: 22-11. «Gogoan dut ez nuela askorik gozatu finalaren atariko egunetan, eta badut pena apur bat. Pentsatzen dut gaur egun askoz erregulatuagoa dagoela guztia, eta finalistak tenple onean helduko direla kantxara. Badituzte euren psikologoak eta teknikariak, badute euren ingurua, eta, egun bereziak izan arren, ahalik eta bizitza normalena eginda helduko dira finalera». Esperientziak lagundu dezake garai zailak kudeatzen, baina uste du inozentzia ere gauza ederra dela. «Bikote batek eskarmentu handia du, eta besteak, ez. Ezin daiteke jakin zer den hobea. Arratsalde horretan ondoen jokatzen duenak irabaziko du».

«Txapelketan Ezkurdia eta Rezusta izan dira onenak, baina finaletan argi dago egun eta ordu jakin horretan jokatu behar dela. Beraz, final irekia espero dut» OIER ZEARRAPilotari ohia

Txapelketaren bilakaerari erreparatuta, Zearraren esanetan, Ezkurdia eta Rezusta izan dira txapelketako pilotaririk onenak. «Garbi dago futbolean bezalako liga batean jokatu izan balute, Ezkurdia eta Rezusta izango zirela txapeldunak. Bikote gisa talde izugarria egiten dute, baina bakoitza bere postuan ere onenak izan da. Elkar bikain hartu dute. Ezkurdiak boleaz lan zikin handia kentzen dio Rezustari, eta alderantziz ere bai». Gainera, behetik gorako bidea egin dute. «Finalerdietan eman dute mailarik onena, batez ere Ezkurdiak. Unai Lasoren eta Martxel Iztuetaren aurka finalerdietan jokatu zuten partidan zur eta lur utzi ninduen. Abiadura ikaragarria eman zion pilotari, eta tantoa bukatzen ere fin ibili zen».

Ezeren gainetik, Aspeko bikotea «sendotasun handikoa» dela iritzi dio pilotari ohiak. «Azken urte honetan erdi lurperaturik eduki dugu Ezkurdia, eta begira nola jokatzen ari den. Antzerako zerbait esan daiteke Rezustari buruz ere. Motor handiagoko bikotea osatzen dute Artolak eta Mariezkurrenak, baina berme handiagoa eskaintzen dute Ezkurdiak eta Rezustak. Ohituago daude defentsan jokatzera, baliabide gehiago dituzte, eta horrek asko balio du».

Piloten garrantzia

Baikoko bikoteak, irabazi nahi badu, gidoi bati jarraitu behar dio, Zearraren ustez. «Bikote batak zein besteak aitortu zuen pilota aukeraketan pilota biziagoak espero zituztela saskian. Ezaugarri desberdineko pilotak behar dituzte bi bikoteek. Bote altua duen pilota bizi bat komeni zaio Mariezkurrenari, atzeko koadroetan agindu dezan. Agintzea lortu beharra dauka, eta ea Artolak aurrean nolako inspirazioa duen. Ausart jokatu behar du alegiarrak, atzelariak sortzen dizkion hutsuneak baliatzeko. Baikokoek tanto askotan agintzen ez badute, jai daukate. Aitzitik, agindu gabe ere irabaztea posible dute Aspekoek. Hor dago aldea». Baliteke finalaren hasiera izatea gakoa, Zearrak dioenez. «Artola eta Mariezkurrena gaizki hasten badira, oso maldan gora jarriko zaie kontua. Ezkurdia eta Rezustari gaitasun handiagoa nabaritzen diet hasiera txar bat iraultzeko». Dena den, sasoiz eta joaz ezin osa daiteke Artolarena eta Mariezkurrenarena bezain bikote indartsurik. «Partidaren erritmoa eurek jartzen badute, txapela gertuago izango dute».

Zearrak eta Artolak badute antzekotasun bat, Zearrak berak profesional mailan debuta egin eta bederatzi urtera jokatu baitzuen estreinako finala. Artolak hamar urte behar izan ditu hori lortzeko, nahiz eta buruz buruko final batera sailkatu zen eta jokatzerik ez zuen izan. «Datu horren berri ez neukan, eta kuriosoa iruditzen zait. Aipatu da pilotak zor diola txapel bat Artolari, baina berak aitortu du ez duela hala sentitzen, eta hobe. Askeago jokatzeko aukera emango dio horrek». Edonork irabazten duela ere, garailea pilota izango dela adierazi du Zearrak. «Nafarroa Arena pilotaleku zoragarria da, eta sortuko den giroak urrearen balioa dauka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.