Ikusgarri ari Athletic, eta gertu du saria: Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Sei jardunaldiren faltan, laugarren daude zuri-gorriak, eta puntu bakarrera dute hirugarren postu preziatua. Gaur egin nahi dute lehen urratsa, Levanteri irabazita (16:00, Movistar+). Azken txanpari «ilusioz» helduko diote, Ane Azkona kapitainak ziurtatu duenez (Iruñea, 1998).
Garai gozoan zaude; sei gol sartu dituzu azken zazpi partidetan. Pozik zaude?
Bai, noski. Aurrelariontzat golak sartzea beti da positiboa, batez ere taldeari laguntzen badiogu. Sei partida geratzen zaizkigu, sei final; azkenengo txanpari heltzeko gogoz gaude.
Kostatu zaizu sasoi honetan gola sartzea. Baina behin Betisen aurka lortuta, asmatzen ari zara ate aurrean. Aurrelariak beharrezkoa izaten du gola; konfiantza eman dizu?
Partida guztietan nituen aukerak, baina golak ez ziren iristen. Betisen aurkakoak lasaitasun pixka bat eman zidan, nolabaiteko bakea. Hortik aurrera, beste bost gol etorri dira. Gainera, gola sartu dudan bakoitzean hiru puntuak lortu ditugu. Pertsonalki oso pozik nago, konfiantza handiagoz.
Sei partida falta dira liga amaitzeko, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borroka betean zaudete. Nola ikusten duzu hirugarren postua eskuratzeko lehia?
Atletico Madrilen aurka borrokatuko gara, eta badakigu zer-nolako taldea den; Txapeldunen Ligarako diseinatuta dago. Gure ligako hasierako helburua ez zen Txapeldunen Liga, baina orain, gauden unean, aukera dugu. Taldea lasai dago, eta ilusio handia dugu; ez dugu presiorik. Oso ondo ari gara lanean, eta espero dugu sei aste hauetan horrelaxe segitzea. Aukerak eskura ditugula heldu nahi dugu Atletico Madrilen aurkako partidara.
Hain zuzen, tartean Atletico Madrilen aurka jokatuko duzue. Partida erabakigarria izan daiteke?
Bai, baina lehenago, aurretik ditugun hiru partidak irabazi behar ditugu; edo tira, behintzat postu horretatik asko ez aldendu. Horiek ez baditugu ateratzen, ez du ezertarako balioko Madrilen jokatuko dugun neurketak. Partidaz partida joan behar dugu, inolako presiorik gabe, eta jokatzen ari garen bezala jokatzen jarraitu. Espero dugu hala izatea, eta Madrilera iristen garenean oraindik aukerak izatea.
Azken neurketan, berriz, Bartzelonari egingo diozue bisita. Levantek irabazi dio sasoi honetan, baita Real Madrilek ere, eta San Mamesen estu hartu zenituzten zuek; hala ere, kalkuluetarako, hobeto da hiru puntu horiez ahaztea?
Bartzelona munduko talderik onenetarikoa da, ez bada onena. Ahal bada, etxeko lanak aurretik egingo ditugu. Hala ere, denboraldi honetan ikusi den bezala, min egin ahal diogu. Haien kontra partida oso serioa egin genuen; azken unera arte 0-0 ibili ginen. Bartzelonan zerbait badugu jokoan, ondo prestatuko gara.
«Taldea lasai dago, eta ilusio handia dugu; ez dugu presiorik. Aukerak eskura ditugula heldu nahi dugu Atletico Madrilen aurkako partidara»
Nola dago taldea?
Oso ondo. Liga hasieran ez ginen oso ondo sentitu, baina garaipenak lortu genituen merezi edo espero ez genituen partidetan, eta horrek ere balio izan digu orain gauden tokian egoteko. Azken boladan, taldeak oso ondo landu ditu partidak, eta nagusi izan gara baloiarekin. Eibarren eta Sevillaren aurkako porrotek min handia egin ziguten, baina horrelako gauzak ere gertatzen dira futbolean, eta garrantzitsuena da porrot horiek ez digutela min egin hurrengo partidetarako.
Kapitaina zara, eta eskarmentua duen jokalari bat. Azken txanpa honi heltzeko orduan ardura berezia duzu?
Uste dut garrantzitsua dela gazteen alboan egotea. Haientzat sentsazio berriak dira, eta kapitainen funtzioa da lasaitasuna transmititzea. Sei partida geratzen dira, eta orain arte egin dugun moduan hartu behar ditugu, inolako presiorik gabe; ez dut nahi orain arte egindakoa botatzea.
Komentatu duzu denboraldi hasierako helburua ez zela Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Zein zen zuen asmoa?
Aurreko denboraldiko datuak hobetzea. Gaur egun esan dezakegu helburu horren bila gabiltzala, baina beste helburu edo ilusio bat ere sartu dela bidean. Horri helduko diogu. Espero dugu ilusio edo amets horrek asko irautea, eta liga amaieran lortu dugula esatea.
Europarako sailkatu ez arren, denboraldia ona litzateke?
Ez sailkatzea kolpea izango litzateke. Azken asteetan, aldagelan, Lezaman, asko entzuten ari gara aukera dugula, eta ingurukoek ere esaten digute. Ilusio hori puzten ari da. Zaila izango da, baina Txapeldunen Ligarako sailkatzea ez badugu lortzen, kolpea hartuko dugu. Hala ere, perspektibaz hartu beharko genuke.
«Argi dugu zertan jokatu nahi dugun; badakigu talde moduan lan egiten ez badugu asko galtzen dugula»
Non dago hain ondo aritzearen gakoa?
Guztiak bat eginda ari gara. Beste taldeetan indibidualtasun gehiago daude: bakoitza agian bere jokoa egiten saiatzen da. Hemen argi dugu zertan jokatu nahi dugun; badakigu talde moduan lan egiten ez badugu asko galtzen dugula. Talde kohesio horrek asko ematen digu, eta uste dut identitate horri eutsi behar diogula.
Bederatzigarren denboraldia duzu klubean; gustura zaude?
Bai, oso gustura. Lehen Mailan jokatzeko aukera eman didan klub bat da. Atzera begiratzen badut, oroitzapen oso politak ditut. Asko gustatzen zait hemen nola egiten den lan, etxeko jendearekin.