Las Palmas 0-2 Athletic

Athletic Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan dago oraindik ere

Zuri-gorriek 0-2 irabazi diote Las Palmasi, Guruzetak eta Saul Cocok beren atean sartutako golei esker.

Athleticeko jokalariak Guruzetaren gola ospatzen, gaur, Las Palmasen. QUIQUE CURBELO / EFE
Athleticeko jokalariak Guruzetaren gola ospatzen, gaur, Las Palmasen. QUIQUE CURBELO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 10a
19:29
Entzun

Aurtengo Athletic oso talde fidagarria da. Oinarri sendoak ditu. Hori erakutsi du gaur, beste behin. Aitzakiarik gabeko garaipena lortu du Las Palmasen (0-2), etxekoak baino hobeak izanda. Guruzetak sartu du lehen gola, eta Cocok bere atean bigarrena. Txapeldunen Ligarako txartela ematen duen laugarren postua bi puntura dute zuri-gorriek.

Bizkaitarrek hasieratik izan dute partida nahi zuten tokian. Goian egin dute presioa, eta handik ihes egin ezinda ibili da Las Palmas. Sancetek eman du lehen abisua, buruz, eta gisa horretara heldu da gola: Nico Williamsek sartu du, jokaldia ezker hegaletik, eta bikain erdiratu du baloia, Guruzetak bakar-bakarrik erremata zezan. 31. minutua zen. Atsedenaldira bitartean minutu onak jokatu dituzte kanariarrek, baina Athleticek ondo eutsi dio haien joari.

Bigarren zatiari ere indartsu ekin dio Las Palmasek, baina korner batek isilik utzi du estadioa. Vivianekin lehian zebilela, Saul Cocok buruz jo du baloia; norabide okerrean, ordea. Sareetan amaitu du baloiak. 0-2.

Amaierara arte bi golen aldeak ematen duen erosotasunarekin defenditu du Athleticek. Dena den, izan ditu aukerak Las Palmasek: gol bat baliogabetu diote, eta bost minuturen faltan geldiketa ikusgarri bat egin du Unai Simonek. Era batera edo bestera, 0-2 eta hiru puntu gehiago poltsikora.

Las Palmas: Valles; Cardona, Marmol, Coco, Araujo (Marc Cardona, 79'); Javi Muñoz, Kirian, Munir (Ramirez, 79'), Campaña (Enzo, 55'); Sandro (Pejiño, 86') eta Moleiro (Marvin, 55').

Athletic: Unai Simon; Vivian, Paredes, De Marcos (Lekue, 69'), Yuri (Yeray, 73'); Ruiz de Galarreta, Prados, Sancet (Unai Gomez, 61'); Iñaki Williams, Nico Williams (Berenguer, 69') eta Guruzeta (Raul Garcia, 73').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.