Entrenamendua amaitu berritanda elkarrizketa Nuria Rabano Realeko jokalariarekin (Santiago, 1999), Z7 zelaian. Harmailetan eseri, eta soseguz, heldutasunez eta umiltasunez mintzatu da.Txuri-urdinek eskura dute Txapeldunen Ligako atarikoetarako sailkatzea, eta bihar Sevillaren zelaian jokatuko dute (12:00).
Madrilen aurka galdu ondoren, ondo etorri zaizue etena?
Bai. Fisikoki eta mentalki behar genuen etena, geratzen zaizkigun lau partida hauei indarrez heltzeko. Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera eskura dugu, eta ilusioz gaude. Pena izan zen Madrilen aurkako porrota, oso ondo hasi baikinen. Baina gola sartu zigutenetik ez genuen asmatu ohi bezain bizi jokatzen. Gutxienez gure bi aurkari zuzenek, Atletico Madrilek eta Real Madrilek, berdindu eta galdu egin zuten hurrenez hurren, eta oraindik gure esku dago dena.
Nola dago taldea?
Ondo gaude. Denboraldi guztietan, azken bi hilabeteak beti izaten dira gogorrak. Nekea pilatuz doa, bai fisikoki, baina batez ere psikologikoki. Exijentzia handia dago goi mailan, eta buruak arnasa hartzeko beharra du. Baina helburu polit bat dugu aurrean, eta indarra ematen digu horrek.
Etzi Sevillaren aurka jokatuko duzue. Nolako partida espero duzu?
Sevilla talde oso lehiakorra da, jokalari oso onak ditu, eta ziur nago estu hartuko gaituela. Baina etxetik urrun oso emaitza onak lortu ditugu. Gainera, haien zelaia egokia da gure jokatzeko erarako.
Ondoren berriro ere etena izango duzue. Nahiago al zenuten dena erreskadan jokatu?
Alde batetik bai, are gehiago aurreko partida galdu ostean. Baina nik garrantzi handia ematen diot kalitatezko entrenamenduak egiteari, eta halako etenetan hori egiten da. Oso ondo entrenatu gara, eta horrek asko balioko digu azken txanpa honi begira.
Falta diren partidetatik zenbat irabazi beharko dituzue Txapeldunen Ligako atarikoetarako sailkatzeko?
Etxeko biak irabaztea funtsezkoa izango da [Rayo eta Alavesen aurka jokatuko dute]. Hala, tarte txiki bat izango dugu etxetik kanpo. Baina partida horiek ere [Sevilla eta Granadilla] irabazteko modukoak dira, eta ahalik eta bizkorren lortu nahi dugu helburua.
Bigarren edo hirugarren geratzearen artean bada alderik: atariko bat gutxiago jokatzea. Garrantzi handia ematen diozue horri?
Bai. Baina hortik harago, ia denboraldi osoa daramagu bigarren postuan, eta ezin digu ihes egin. Postu hori galtzen badugu, gure akatsengatik izango da.
Zure sasoirik onena da hau goi mailan?
Hirugarren denboraldia dut Lehen Mailan. Uste duturtero hobetuz joan naizela. Baina gaztea naiz, erronkak gustuko ditut, eta neure buruari asko eskatzen diot. Asko dut hobetzeko.
Taldearen jokatzeko era zuzen, bizi eta erasokor horrek mesede egiten dizu?
Ni oso eroso eta gustura nago. Lehen zelai erdian jokatzen nuen; beraz, beti begiratzen dut aurrera. Jokatzeko era honekin, aukera dut horretarako. Gainera, hegala Nerearekin [Eizagirre] partekatzen dut. Bera asko sartzen da barrualdera, eta horri esker hegal osoa dut niretzat. Defentsan ere, ezinbestean, lehen baino hobeto moldatzen naiz. Hazi egin naiz.
Zer ikustekorik izan du hazkunde horretan Natalia Arroyo entrenatzaileak?
Nataliak egoera eta une batzuetan falta zitzaidan konfiantza eman dit, eta errendimendua hobetzen lagundu. Oso gertuko da, eta beti dago guri laguntzeko, erakusteko eta aholkatzeko prest, baita exijitzeko ere.
Ekainean amaitzen zaizu kontratua, eta, Ane Etxezarretarekin batera, oraindik kontratua berritu ez duzun jokalari bakarra zara. Garbiñe Etxeberria Kirol zuzendariak esan zuen klubak nahi zuela denek segitzea, eta sare sozialetan zale eta taldekide askok eskatu dute zuri kontratua berritzeko. Txuri-urdin izango zara datorren sasoian?
Kluba eta nire ordezkaria hizketan ari dira. Nire lehentasuna Realean segitzea da, baina egia da eskaintza garrantzitsuak jaso ditudala. Niretzat garrantzitsua da jakitea beste klub batzuek ere gertutik erreparatzen diotela nire lanari. Baina, esan bezala, nire lehentasuna Reala da. Txapeldunen Liga jokatu nahi dut Realarekin. Oso gustura nago hemen. Etxetik urrun egon arren, haiengandik gertu sentitzen naiz. Giro oso ona dugu, eta asko hazi naiz.
Buelta asko ematen dizkiozu erabakiari, edo lasai zaude?
Lasai egon nahi dut. Oso gaztea naiz, eta, esan bezala, erronkak ditut. Baina, aldi berean, argi dut hemen oso ondo nagoela, eta Realak oso ondo zaindu nauela lehen egunetik, asko eman didala. Nire alde apustu egiten badute, nik ere haien alde egingo dut.
Taldea Txapeldunen Ligarako sailkatzea erabakigarria izango da zuk hemen segitzeko?
Bai, garrantzitsua litzateke, baina badira kontuan hartzeko beste gauza batzuk. Adibidez, hemen daramatzadan bi denboraldietan oso ondo aritu naiz, asko hazi naiz. Hona etortzeko urratsa egin nuenean hori nahi nuen, bai pertsona moduan eta bai futbolari moduan, eta buruan nuena topatu dut. Gozatzen ari naiz futbolaz.
Zer egiten duzu kontu horietangehiegi ez pentsatzeko?
Argi dago erabaki garrantzitsua dela, eta ez dela erraza ahaztea. Are gehiago etxekoak eta lagunak urrun izanda. Baina horretaz ere ikasten ari naiz; hazkunde eta heldutasun prozesuaren parte da. Gainera, sekulako taldekideak ditut. Bai zelaian eta bai zelaitik kanpo asko laguntzen didate. Irakurtzeak, musika entzuteak eta paseoak emateak asko laguntzen dit egunerokoaz ahazten.
Zer duzu gustuko irakurtzea?
Batez ere poesia. Baina baita buruko osasunari eta haurren heziketari buruzko liburuak ere. Buruko osasunaren gaia oso garrantzitsua iruditzen zait. Etxetik irten naizenetik are garrantzi handiagoa ematen diot. Aldaketa handia izan da. Emozionalki prest egon behar duzu egoera hori ondo kudeatzeko. Bestalde, futbol profesionalean lehiakortasuna eta exijentzia handituz doa egunero, eta fisikoki eta psikologikoki prest egon behar duzu horretarako. Bestalde, haurren heziketaren kasuan, Haur Hezkuntza ikasi dut, eta futbola uztean horretan egin nahi dut lan.
Nuria Rabano. Realeko jokalaria
«Txapeldunen Liga jokatu nahi dut Realarekin»
Taldeko jokalaririk onenetakoa da oraintxe Rabano. Ekainean amaitzen zaio kontratua, eta oraindik ez du berritu. Onartu du eskaintzak dituela. «Baina hemen segitzea da lehentasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu