Txapeldunen biharamun «gozoa»

Pozarren mintzatu dira Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo, Laboral Kutxa Masterreko finala irabazi eta gero. Lorpen horrek lanean jarraitzeko hauspoa eman diela nabarmendu dute bi pilotariek.

Oihana Orbegozo eta Amaia Aldai, Laboral Kutxa Masterreko txapela eta domina jaso berritan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Balentria egin duen kirolariak bestelako aldarte batean hasten du biharamuna. Halakoxe egoera bizi izan zuten atzo Amaia Aldaik (Dima, Bizkaia, 2000) eta Oihana Orbegozok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1985), herenegun Laboral Kutxa Masterreko txapela jantzi ondoren. «Pilotari guztion nahia da txapeldun izatea. Datorrenari gogoz begiratzeko bultzada ematen du horrek», adierazi zuen Aldaik. Orbegozorentzat ere ez zen izan lanegun buruzuri soil bat. Irribarretsu mintzatu zen: «Iratzargailuak jo duenean, nagi apur bat nuen, baina gustura jaiki naiz. Lantokira iritsi eta zoriondu egin naute».

Bi irabazleek badituzte pozik egoteko arrazoiak, kirol ibilbideko lehen txapela eraman baitzuten etxera igandean. «Beti pentsatu izan nuen ez nuela balio binakako txapelketarako, ez baita nire modalitatea. Bada, argi erakutsi dut binakakoan ere joko ona egin dezakedala», atera zaio barrutik Aldairi. Orbegozorentzat, bestalde, pilota mistoarekin jokatzen zuen lehen aldia zen. «Estreinakoan, garaile. Ez dago gehiago eskatzerik». Familiartean, gutxienez, izan zuten modurik ospatzeko. «Aurrez, hozkailuan gordeta zegoen xanpain botila ireki, eta guztion artean banatu genuen», aitortu du azpeitiarrak.

Ezohiko egoera honen aurrean ere, pilotariek jokatzen jarraitzeko aukera izan zezaten «txapelketa malgua» antolatzea erabaki zuten. Alde horretatik, «eskertuak» eta «pribilegiatuak» sentitzen dira biak. Aldairen esanetan, Iker Amarika Emakume Master Cupeko antolatzaileak eta haren lantalde osoak «ahalegin handia» egin dute txapelketa aurrera eramateko. Garai berezian jokatu den arren, duen balioa eman diote batak zein besteak. Familia zuten gogoan txapela eskaintzerakoan, baita entrenatzen aritzen diren taldekideak ere. Haiek emandako babesari eta laguntzari esker, «pilotari gisa gehiago hazten» ari direla uste dute.

Buruan ongi iltzatua duten finala telebistaz ikusteko astirik izan dute bi pilotariek.«Beste lasaitasun eta zapore gozoarekin», atzelari azpeitiarraren arabera. «Esan izan didate partida on baten ostean garrantzitsua dela neurketa berriz ikustea; jakiteko zer egin dugun ondo eta zer ez», azaldu du Dimako aurrelariak. «Pozik» daude egindakoarekin.

Hasi, baina, ez ziren ongi hasi. 0-4 atzetik ekin zioten finalari. Biek ez dute ezkutatu kantxara «urduri» atera zirela. «Patri [Espinar] bezalako pilotari bat aurrean izateak errespetua ematen zidan», onartu du Aldaik. Orbegozok, berriz, atzeko koadroetan pilota eramateko «zailtasunak» izan zituen. Baina ez zuten inolaz ere burua galdu. Partidako azken berdinketa bederatzinakoa izan zen, eta hortik aurrera, bikote garaileak hartu zuen demaren lema, eta horrek eman zien garaipena. «Konturatu ginen atzeko koadroetan pazientziaz jokatzea partida irabazteko giltzarria izango zela».

22. tantoa egin orduko, sentimenduz josi zitzaien burua. Aldaik hartu du hitza: «Final eta finalerdi asko galtzetik nentorren, eta neure buruarekiko ez nuen konfiantza handirik. Garaile ginela jabetu nintzenean, neure buruari esan nion: 'Amaia, egin dezakezu'». Orbegozo harago joan da: «Neure buruari sinetsarazi behar izan nion txapeldunak ginela».

Bikote «orekatua»

Bai Aldai, baita Orbegozo ere bikote moduan «eroso» eta «gustura» aritu dira kantxan. Bi entrenamendu soilik zituzten elkarrekin finala aurretik, baina nahikoak izan ziren elkar ulertzeko. Pilotari bakoitzak besteak duen bertutea balioetsi du. Bizkaitarrak azaldu duenez, Orbegozorekin batera ariko zela jakitean, «ilusioa» egin zion. «Oihanak nire aldean beste patxada bat dauka; ni odol beroko pilotaria naiz. Hark lasaitasuna transmititu dit txapelketa osoan». Gipuzkoarrarentzat, berriz, Aldairen dohaina, abiadura, pizgarria izan da: «Hankak oso bizkorrak ditu, eta oso lehiakorra da. Bikotearen zama hartzeko pilotaria ez naiz izan».

Lortutakoaz gozatzea besterik ez dute nahi orain. Haien aurretik beste pilotariek egin duten bideari jarraitzea dute xede, baita atzetik datozenen eredu izatea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.