Txapeldunaren agurra

Itxako utzi, eta Gyori Hungariako taldean ariko da Ambros Martin entrenatzaile datozen bi sasoietan

Manu Etaio eta Ambros Martin, atzo, Iruñeko hotel batean egindako agerraldian. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Denek zekitena baieztatu zuen atzo Ambros Martinek: Itxakoko zortzi urteko zikloa amaitu, eta beste etapa bat hasiko du Gyori Hungariako taldean. Asteon aurkeztuko dute talde berrian, eta uztaileko lehendabiziko astean hasiko da klub berriarekin lanean. Bi denboraldirako kontratua sinatu du, hirugarren baterako berritzeko aukerarekin. Falta duen txapela irabaztera joan nahi du Ambrosek Hungariara: Txapeldunen Liga irabazten saiatzera, alegia.

Ambrosen eskutik, 11 txapela irabazi ditu Itxakok. Lizarrako taldeak dituen guztiak. Tituluen gainetik, halere, eguneroko lana nabarmendu nahi izan zuen Gyoriko entrenatzaileak, atzo, agurraren orduan. Azken zortzi urteotan bigarren entrenatzaile izan duen Manu Etaiorekin agertu zen kazetarien aurrera. Itxakoko presidenteak ez zuen parte hartu agerraldian, baina zuzendaritzako bi kide izan ziren Ambrosekin: Juanma Amas eta Roberto Zabala. Itxakoko ordezkari Javier Ibañezek, eta San Antonioko jokalari ohi eta Ambrosen lagun Alberto Martinek ere babesa eskaini nahi izan zioten.

Hunkituta zegoen Ambros, eta eskerrak emateko gogoz. Etaioren laguntza bereziki eskertu nahi izan zuen, bai eta Itxakoko kideena eta jokalariena ere. «Batez ere, erabat zoriontsu izan ez ziren jokalariei eman nahiko nizkieke eskerrak», erran zuen Lizarrako taldeko entrenatzaile izandakoak.

Itxakon egindako lana eta ikasitakoa nabarmendu zituen, eta txapelen gainetik, taldeak beti bertze urrats bat egiteko erakutsitako gaitasuna azpimarratu zuen. Ambrosek, halere, argi du bere zikloa amaitu dela Lizarran. «Aurreko sasoian jada sumatu nuen ez nuela taldearekin bat egiteko hasierako gaitasuna». Arantza bakarra du, Txapeldunen Ligakoa: «Ez iazko finala galdu genuelako, baizik eta aurten finalerdietarako ez garelako sailkatu».

Txapeldunen Liga irabaztea da Gyoriren helburu nagusietako bat. «Argi dut hori lortzeko estutu nautela. Eta horregatik noa harat». Presio hori maite baitu. Agurraren orduan, gero arte erran zuen Martinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.