Txapeldunak lehian

Olaizola II.a eta Begino dira Bilboko torneoa irabazteko faboritoak gaur, Titin III.aren eta Merino II.aren aurka

Titin III.a pilota jotzear, Olaizola II.a begira duela, binakako txapelketako partida batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Finalen usainean dabil aspaldi luze honetan Olaizola II.a. Finala non, han izan ohi da bera. Eta, noski, gaur ere galtza zuriak jantzita izango da Bilboko pilotalekuan, hango torneoko finala jokatzeko. Begino izango du lagun, eta Titin III.a eta Merino II.a aurkari. Asegarcekoak faborito argiak dira, baina errioxarrak artistak dira pronostikoak iraultzen. Edo, bestela esanda, ezinezkoa dirudiena egia bihurtzen. Bada, horretan ahaleginduko dira, aurrelariaren inspirazioa eta atzelariaren sendotasuna baliatuta. Akaso, ez dira egongo momentu onenean, baina gogorrak dira oso. Gogorrak eta lehiakorrak. Merino II.ak egun ona baldin badu, Titin III.ak ez du txarra izango, eta kontrarioei gauzak zail jartzeko gai badira. Gai baino zerbait gehiago ere bai.

Egungo binakako txapeldunak dira. Orduan, ezustean harrapatu zituzten guztiak, eta orain izen bat irabazi dute estelarretan. Izenik, ordea, ez dago izanik gabe, eta nortasun handikoak dira nola Titin hala Merino. Olaizola II.ari momentu honetan aurre egitea ez dago erraza, begia jartzen duen tokian ipintzen duelako pilota, baina elkarrentzako eginak daude errioxarrak. Gainera, atzelarietan goizuetarraren aurkari deserosoena da Merino II.a. Daukan ezkerrarekin aise kentzen dio pilota aurrelariari, eta horrek lanak errazten dizkio Tricioko artistari. Aukera sortzen duten lehenengoan, berriz, ez dute barkatzen, ezkerrez ez ezik eskuinez ere urrun jartzen baitu pilota Villar de Torrekoak.

Aspek bi, Asegarcek bat

Atzeko koadroetan, baina, ez dio nahi bezala erakutsiko bizkarra Beginori. Autzakoa ez dago sasoiko, eta torneoko lehen partidan asko sufritu zuen, baina daukan eskuin kolpea oso da arriskutsua. Olaizola II.ak pilota txarrak kendu egiten dizkio, eta onak utzi. Bada, pilotaren teoria bikain betetzen dute: atzelariak jo eta aurrelariak tantoa bukatu. 2010. urtean txapeldun izan ziren elkarrekin, eta nabari da ongi moldatzen direla. Jokoaldetik onenean ez egon arren, horiei irabaztea asko kostatzen da. Goizuetarra pilotaririk onena izaten ari da azkenaldian, eta lana gogotik egin behar da hura mendean hartzeko.

Iazko eta 2010eko binakako txapeldunak ikusi ahal izango dira nor gehiago. Azken txapeldunak lehian. Egia da uda ez dela txapelketa ofizial bat jokatzeko garairik onena, baina bi bikoteak meritu osoz sailkatu dira finalerako. Olaizola II.ak eta Beginok ez dute aparteko arazorik izan: estreinakoan, 22-18 irabazi zieten Xalari eta Zubietari, eta bigarrenean, 22-5 Berasaluze VIII.ari eta Albisuri. Aspekoei, berriz, gehiago kosta zaie. Porrotarekin ekin zioten torneoari, Bengoetxea VI.aren eta Apraizen kontra 22-19 galduta. Irujo eta Barriola aise menderatu ostean, baina, gauzak konpondu zituzten.

Aspekoek bi torneo dituzte irabaziak aurten; Asegarcekoek, bakarra. Bilbon ikusiko da, beraz, berdinketa gauzatzen den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.