ARRAUNA

Txapelduna ez da ase

Urdaibaik bi jardunaldiren faltan irabazi du Eusko Label liga. Kontxako Bandera eta garaipenen errekorra dituzte hurrengo helburuak.

Gorka Aranberri, Urdaibaiko lemazaina, patroi onenaren saria jasotzen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Gorka Aranberri, Urdaibaiko lemazaina, patroi onenaren saria jasotzen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 27a
05:00
Entzun

Goiz da oraindik, baina Eusko Label ligak badu jada txapelduna aurten. Urdaibaik irabazi du, bi jardunaldiren faltan. Hamargarren liga du, hirugarrena jarraian. 200 puntuko langa gainditu du, eta gertu dauka estropada garaipenen errekorra. Ezohiko asteburuan iritsi zaio saria aurtengo txapeldunari; izan ere, lehenengo asteburua izan du Bou Bizkaia-k garaipenik gabe. Jon Unanue arraunlaria (Azkoitia, Gipuzkoa, 1988) ez da larritu batere horren inguruan, eta uste du ospatzeko asko daukatela aurten egindako ligarekin. Hala ere, gehiago nahi dutela berretsi du, eta Kontxaren ondorengo bi jardunaldietan ere beren onena ematera aterako dira itsasora.

Egundoko marka da liga jada irabazia edukitzea Kontxako Bandera jokatu aurretik, eta Unanue pozik dago helburu hori bete dutela jakinda. Baina ez du ezkutatu asteburu gazi-gozoa izan dela. «Liga aspalditik genuen bideratua, eta horren jakitun ginen. Baina matematikoki ziurtatzeko azkeneko pausoa ematea falta zitzaigun, eta asteburu honetan lortu dugu. Pixka bat estalita geratu da, denboraldiko lehen asteburua izan baita garaipenik lortu gabe, baina horrelakoak ere gertatzen dira. Larunbatean, eguraldia kontra izan genuen, eta, igandean, helmugako argazkiak kendu zigun garaipena. Hala ere, ez dut inoiz halakorik ezagutu: liga bat irabaztea hainbesteko abantailarekin. Eta oso gustura gaude».

«Ez daukat inongo zalantzarik, eta oso indartsu ikusten dut taldea. Uste dut Urdaibairik onena ikusiko dela Donostian»

JON UNANUE Urdaibaiko arraunlaria

Banderarik ez dute altxatu asteburuan, baina liga irabazteak ematen duen konfiantzarekin iritsiko da Urdaibai denboraldiko estropadarik garrantzitsuenera. «Lasaitasun pixka bat ematen du. Azken bi jardunaldiak nahiko xelebre izan dira, eta beste kontu bat da Kontxara joatea jakinda liga irabazita dagoela. Kaxoi batean utziko dugu hori gordeta, eta, noski, azken asteburuan ere saiatuko gara banderak irabazten. Etxeko estropada garrantzitsua da, eta itxieran ere betiko planarekin joango gara. Orain aurretik Kontxa daukagu, eta asteazkeneko sailkatze estropadari begira ari gara buru-belarri». 

Azkenaldian, bazirudien Urdaibaik marka guztiak gaindituko zituela, eta bazen bat guztien gainetik begiz jota zeukatena: hamahiru garaipenen errekorra. Hondarribiak eta Castrok jarraitzen dute marka horren jabe izaten, baina kiniela guztiek Urdaibairi ematen zioten errekor berria. Ostera, bi estropada besterik ez zaizkio geratzen Eusko Label ligari, eta errekorra berdintzeko horietako bat irabazi beharko du Bermeoko taldeak. Gainditzeko, aldiz, biak irabazi beharko ditu.

Unanuerentzat ez da helburu nagusia, baina onartu du horren bila ere arituko direla. «Garaipenen errekorra beti eduki dugu pasadizoko kontu bat bezala. Onartu behar dut gure artean presente egon den kontu bat izan dela, eta horretaz hitz egin dugula noizbehinka. Zorte kontuagatik-edo gu geu ere ez garela oso fin ibili, eta pixka bat kale egin dugu azkenaldian errekor horren bila, baina ez da inongo buruhaustea. Gaur-gaurkoz, hamabi garaipen ditugu, eta saiatuko gara liga ahalik eta txukunen amaitzen. Etorri behar badu, etorriko da, baina gu betiko moduan joango gara: gozatu eta dena ematera». 

Onena ematear

Badituzte pozik egoteko motiboak, baita erne egoteko ere. Uda guztia kontuan hartuta, Urdaibaik ez du inoiz aurkarien aldetik orain duen mehatxurik izan. Unanuek gogor ikusten ditu lehiakideak, baina oraindik ere gogorrago euren burua. «Bagenekien Zierbena hor goian egongo zela, eta ziur lan ona egingo duela denboraldi amaiera bitarte. Donostiarrak ere badu ahal eta indar handia, baina uda hasieran bere mailatik oso behera aritu da. Beti izaten dira ere festara gonbidatuta ez dauden traineruak, eta abuztuko aztoratzailea izan da Donostiarra. Orio ere hor egongo da, eta, Hondarribia kaskar aritu den arren, ziur dena ematera joango dela. Ez daukat inongo zalantzarik gurearekin, eta oso indartsu ikusten dut taldea. Uste dut Urdaibairik onena ikusiko dela Donostian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.