Txapelduna, berria

Bartyk eta Vondrousovak Roland Garroseko finala jokatuko dute gaur

Marketa Vondrousova finalerdia irabazi izana ospatzen, atzo. SRDJAN SUKI / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Eguraldiak ahalbidetzen badu, Roland Garrosek txapeldun berria izango du gaur. Berria, eta ezustekoa, Ashleigh Barty australiarra eta Marketa Vondrousova txekiarra ariko baitira finalean, WTA zirkuituko zortzigarren eta 38. sailkatuak, hurrenez hurren. Biak atzo sailkatu ziren, eta bientzat euren ibilbideko Grand Slameko lehen finala da. Gizonezkoen koadroko finalerdietan, berriz, Rafael Nadalek 6-3, 6-4 eta 6-2 irabazi zion Roger Federerri eta hamabigarren aldiz sailkatu da finalerako. Biharko aurkaria zein izango duen gaur jakingo du, atzo, euriaren erruz, bertan behera gelditu baitzen Novak Djokovic eta Dominic Thiemen (2-6, 6-3 eta 1-3) arteko finalerdia. Ondo bidean gaur berrekingo diote, 12:00etan, eta ondoren jokatuko da emakumezkoen finala.

Vondrousovaren kasuan ez da arraroa gaurkoa izatea lehen finala, 19 urte baititu. Grand Slameko final bat jokatuko duen tenislari gazteena da, Caroline Wozniackik 2009ko AEBetako Irekikoa galdu zuenetik. Australiako Irekia jokatu zenetik, garaipen gehien bildu duen jokalaria da, eta aurreikusten dioten etorkizun oparoa aurreratu egin du Parisen. Atzo, gainera, nortasun handia erakutsi zuen Johanna Konta britainiarraren aurka (7-5 eta 7-6). Bi setetan Kontak sakea alde izan zuen azken jokoan, eta bietan Vondrisovak hautsi egin zion. Are gehiago, gazteak aurkako2-5ekoa irauli ondoren irabazi zuen aurreneko seta.

Barty zaharragoa da, 23 urte, eta hark eragotzi zuen nerabeen arteko finala, Amanda Anisimova 17 urteko estatubatuarrari 6-7,6-3 eta 6-3 irabazita. Gorabehera askoko partida izan zen. Lehen setean Barty 5-0 aurreratu zen hamabi minutuan, eta 5-1ekoarekin seta irabazteko bi tanto izan zituen. Ez zituen baliatu, baina, eta Asimovak hurrengo sei jokoak irabazi zituen jarraian.

Bigarren setera luzatu zuen bolada Asimovak, eta 0-3 aurreratu zen. Dena aurka zuenean erreakzionatu zuen Bartyk, eta jarraian egin zituen hurrengo sei jokoak. Partida berdintzeak patxada eman zion australiarrari, eta konfiantzaz ekin zion hirugarren setari. Behetik gora zihoan, eta 5-3 aurreratu zen, baina azken txanpan kostatu zitzaion lasai jokatzea: partidako sei tanto behar izan zituen azken jokoa irabazteko.

Fabrice Martin, gaur, finalean

Bestalde, Fabrice Martin baionarrak binakako finala jokatuko du gaur. Martin eta Jemery Chardy frantziarra Kevin Krawietz eta Andreas Mies alemaniarren aurka ariko dira. Emakumezkoen banakako finalaren ondoren jokatuko dute.Alberto Berasategi izan da azken aldiz Parisko lur harrotuan finala jokatu duen azkeneko euskal herritarra. Duela 25 urte izan zen, eta galdu egin zuen, Sergi Bruguera katalanaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.