Munduko Kopa irabaztea besterik ez zaio falta Leo Messiri. Hori du amets Rosarioko aurrelariak, eta ametsa egi bihurtzeko aukera izango du igandean. Argentina uste baino zailtasun gutxiagorekin gailendu zitzaion atzo, Kroaziari, eta finalean izango da. Maradonak bi final jokatu zituen, eta 1986an lortu zuen garaipen preziatua. Messik, askorentzat haren oinordekoa denak, bigarren aukera izango du gorenera heltzeko, eta 2014tik barruan daukan arantza ateratzen ahaleginduko da. Hori buruan daukate taldekide guztiek, eta lehen minututik erakutsi zuten helburua lortzen saiatuko direla. Partida osoa jokatu zuen Argentinak, eta defentsako lanean oinarritu zuen garaipena.
Hasieratik espero zen partida ikusi zen joko zelaian. Bi taldeek errespetu handia erakutsi zioten elkarri, eta galtzearen beldurrez, ez zuten arrisku handirik hartu. Hala ere, lehenengo minutuetan Kroaziak izan zuen baloiaren jabetza. Brasilen aurkako partidak konfiantza eman zien Zlatko Dalicen jokalariei, eta ordura arte ez bezala, askatasun handiarekin mugitu zuten baloia.
Argentinak presio gogorra egin nahi zion baloia zeukan jokalariari, baina Kroaziak zailtasun handirik gabe egiten zion aurre. Hala ere, ondo koordinatu ziren Scalonirenak defentsako lanean, eta kontraerasoan min egiten ahalegindu ziren.
Prestatzailearen argibideak argiak ziren, eta ezin hobeto atera zitzaion plana. 31. minutuan iritsi zen Argentinaren lehen gola, partidako lehen aukera garbian. Enzo Fernandezek pase bikaina egin zion Julian Alvarezi jokalari guztien gainetik, eta bakarrik gelditu zen Livakovicen aurrean. Aurrelari gazteak ez zuen nahi bezalako errematea egin, baina atezainak aurretik eraman zuen: Penaltia. Nola ez, Messik hartu zuen erantzukizuna, eta ez zuen barkatu. Atezainak iristen ez diren tokira bidali zuen baloia.
Bertan hasi zen estadiora hurbildu ziren milaka zale argentinarren festa, baina hasiera besterik ez zen. Gola sartu eta berehala iritsi baitzen bigarrena. 39. minutuan bere zelaian jaso zuen baloia Alvarezek, eta ziztu bizian egin zuen Livakovicen aterainoko bidea. Estropezuka eraman zuen baloia, baina bi erreboteren ostean sareetara bidali zuen baloia. Kroaziako atzelariak ez ziren elkarren artean ondo ulertu, eta bigunegi jokatu zuten.
Kroaziak partida kontrolpean zeukala zirudien, baina hamar minutuan egindako bi hutsek kondenatu zuten. Argentina, ordea, ezin hobeto aritu zen hamar minutu horietan, eta hirugarrena ere gertu izan zuen Nicolas Tagliaficok. Livakovicek saihestu zuen, ordea.2-0ekoarekin iritsi zen atsedenaldia.
Ez zen ezer aldatu
Atsedenalditik bueltan aldaketak egin zituen Dalicek. Nikola Vlasic eta Mislav Orsic zelairatu zituen, buruz-buruko jokaldiak egiten trebeak. Bigarren aurrelari bat ere sartu zuen prestatzaileak, Bruno Petkovic, eta Herbehereek erabilitako taktika bera erabiltzen ahalegindu zen Kroazia. Bi aurrelari handirekin egin zion min Louis van Gaalek Argentinari, joko zuzenarekin, eta hori bera egiten ahalegindu zen Dalic. Scalonik, ordea, berehala ikusi zuen mugimendua, eta beste atzelari bat zelairatu zuen.
Bost atzelarirekin sendotasuna erakutsi zuen Argentinak une oro, eta Kroazia baino arrisku gehiagorekin aritu zen erasoan. Kroaziak ez zuen lortu prestatzailearen nahia zelaian erakusta, eta ez zuten abantaila bat bera ere lortu banakako jokaldietan. Lan bikaina egin zuten Argentinako atzelariek. Kontzentrazioa galdu gabe, eta konfiantzaz gainezka.
Konfiantza horren adierazgarri izan zen hirugarren golean Messik egindako jokaldia. Eskuin hegalean hartu zuen baloia, eta buruz-buruko jokaldia egin zion Josko Gvardioli. Munduko Kopako orain arteko jokalari onenetako bat da Kroaziako atzelaria, baina erritmoa behin eta berriro aldatu eta gero gainditu zuen Messik. Esku-eskura utzi zion gola Alvarezi, eta aurrelariak ez zuen huts egin.
Kroazia saiatu zen markagailuan gerturatzen, baina gertuago izan zuen laugarren gola Argentinak.
Qatarko Munduko Kopa. ARGENTINA 3 - 0 KROAZIA
Txapeldun nahi dute
Uste baino errazago gailendu zaio Argentina Kroaziari lehen finalerdian. Messi eta Alvarez izan dira izarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu