Herenegun jokatu zuen azken partida Asperekin Hego Euskal Herrian, Eibarren, eta martxoan jokatuko du agurrekoa, Miarritzen. Bere azken egunak garratzak izan dira, enpresarekin ika-mika sortu baita. Fernando Bidartek Aspeko buruak telebistaz zuzenean jakinarazi zuen ez zuela jarraituko. Are gehiago, atzo oharra bidali zuen Xalak (Lekuine, Lapurdi, 1979) bi disko hernia eta protusio bat duela berretsiz. Xalak «gezurretan» aritzea leporatu zion herenegun. Dema ez da amaitu.
Zure kirol ibilbideko aro bat bukatu da. Zer moduz zaude?
Ondo. Banekien iritsiko zela Hego Euskal Herrian azkeneko partida jokatuko nueneko garaia, eta ez da ahaztu behar beste partida bat dudala Ipar Euskal Herrian [martxoan jokatuko du, trinket eta ezker pareta binakako txapelketen arabera]. Gero jarraitzeko aukera izango dut, trinketean, esku pilotarekin, eta ezker paretan, Garferekin. Hau ez da gelditu, eta horrek digeritzen lagundu dit.
Hau ez da erretiroa, beraz?
EPELekin, bai, baina bestela, ez. Nik jokatzen jarraituko dut.
Aspek eman dizun azalpenak konbentzitu al zaitu?
Konbentzitu edo ez, ugazabak agintzen du. Eta esaten badizu gazteen alde egingo duela. Tira, nire azken kontratuan izan dudan bizkarreko lesioarekin hori ulertzen dut.
Nola bukatu duzu enpresarekin?
Oraindik ez dugu bukatu. Bidartek telebistan esanikoek, eta berari ere esan diot, min eman zidaten. 15-16 urte aritu naiz nire onena ematen, gaizki nengoenean ere jokatu dut, eta txapelketetan ahalik eta profesionalena izaten saiatu naiz. Entzunikoak min eman didate, baina nire azken partidara arte nire onena emango dut.
Ez da oso bidezkoa izan.
Bidezkoa... ez dakit. Mundu honetan zer da bidezkoa? Nik dakidana da min eman zidala. Hark hori pentsatzen badu... Nik jokatzen jarraituko dut.
2011ko buruz buruko finalak enpresarekin zenuen harreman aldatu al zuen?
Aldatu... Ez, enpresetan ez zoaz ugazabarekin bazkaltzera edo parrandan. Zuk zure entrenamenduekin jarraitzen duzu, jokatzera zoaz... Ez zen aldatu, ez hobera ez txarrera. Une gogorra izan zen niretzat, eta eurentzat ere bai uste dut. Nik jokatzen jarraitu dut, eta une politak izan ditut. Unean uneko zerbait izan zen, eta enpresak ere ikusi zuen erabakia ez zela zuzena. Nahiko motza izan zen hura. Orain, urteekin, eskerrik asko eta dena esan diezaieket sortu zidaten amorruak finala jokatzen lagundu zidalako. Dena den, enpresarentzat ere ez zen operazio txarra izan. Nik irabazi egin nuen, eta udan jaialdiak saltzeko lagungarria izango zitzaien.
Merezi izan zuen borrokatzea?
Bai, buruz buruko txapela irabazi nuelako. Asko kosta zitzaidan, aurretik bi final galdu ondoren. Merezi izan zuen borrokatzea.
Olaizolari zor zaion errespetuarekin, jende asko poztu zen zuk final hori irabazi zenuenean.
Aurrenekoa ni! Familiakoak, jende asko Iparraldean, eta Hegoaldean ere hala uste dut. Jendeak ikusi zuen final hori jokatzeko eskubidea nuela.
Zergatik aldatu zen guztia? Zerk aldarazi zuen enpresaren jarrera zure parte hartzearen inguruan?
Ez dakit. Ezin dizut esan. Inoiz ez didate azalpenik eman, eta agian hobe da horrela.
Aspeko beste pilotariak ere zurekin zeuden.
Bai, pilotari guztiak esango nuke. Bidezkoa ez zela ikusten zuten, eta pentsatuko zuten eurei ere toka zitzaiekeela, eta horrek jarriko zituen nire alde.
Final hura ikusgarria izan zen, hunkigarria.
Historia guztiarengatik, 17-11 galduz joan nintzelako... Pentsatu nuen hona iristeko zure ibilbidea arriskuan jarri baduzu, pilotalekuan ezin zara gutxiago izan. Arriskatu egin behar duzu. Egun hartan gauzak ondo irten zitzaizkidan. Inoiz buruz buruz jokatu dudan partidarik onena izan zen. Partida gogorra izan zen, eta Olaizolak ez zidan ezer oparitu.
Dena ala ezer ez, beraz?
Bai argi nuen, edo finala jokatzen nuen edo nire ibilbidea bazter utziko nuen.
Epaitegietara joatearekin mehatxu egin zenuen. Egingo zenuen? Edo keinu bat izan zen?
Jokatu izan ez banu, bai. Hain nengoen konbentzituta nire eskubidea nuela, eta hain gaizki egin zituztela gauzak, ezin nuen aukera pasatzen utzi.
Hilabete batzuk lehenago Barriolari ez zioten zurekin bikote eginez finala jokatzen utzi. Arrazoi ekonomikoak argudiatu zituzten. Zure finalarekin harremana izan zuen horrek?
Ez dut halakorik pentsatu izan.
Hamabost urte on egin dituzu Aspen: buruz buruko txapel bat, binakako hiru... Zer balantze egiten duzu?
Ez nuen hainbeste espero. Nire helburua Lehen Mailara iristea zen, eta orduan pentsatzen nuen. «Nahikoa egin dut». Gero lehen finala etorri zen, Oskar Lasarekin, 2002an, oso bizkor iritsi zitzaidan. Non nengoen ere ez nekien. Gero, urteekin, ikusi dut noraino iritsi nintzen, baina gero erakutsi beharra zegoen ez zela kasualitatea. Hori zaila da kirolean, behin iritsi eta berriz ere egon zaitezkeela. Irabazten duzun aldiro hutsetik hasten zara.
Hutsetik haste hori gogorra da?
Pilotari batek aurrera egiteko, txapela irabazi ondoren, txapel hori irabazi izan ez balu bezala entrenatzen hasi behar du. Zentratu egin behar duzu.
2002ko finalean ez zenuen ez dejadarik bota ez gantxorik egin.
Jokatzeko beste modu bat zen. Atzelari hura nuen. Oskarri beldur handiagoa nion aurkariei baino! Partidak ez zidan presiorik eragiten, berak baizik [barrez].
Panpi Ladutxeren urteak ziren haiek. Entrenamendu saio luzeak, milaka gantxo, 180 gramoko pilota lodi hura...
Pilota hura gastatu zen. Oinarri guztiak ikasteko nituen, trinketetik nentorren. Lan karga handia egin behar nuen, errepikatu eta errepikatu: gantxoa, eskuina... Ordu pila batez entrenatu nintzen; oroitzapen oso gozoa da. 20 urterekin dena berriz ikasi behar nuen, eta erronka handia zen. Fisikoa hartu behar nuen, gantxoa, nola jo... Nik horretan guztian pentsatu behar nuen; besteentzat, aldiz, zerbait naturala zen.
«Hau ez dago niretzat egina» pentsatu al zenuen noizbait?
Inoiz ez. Hainbeste gustatzen zitzaidan, edozer gauza egingo nuela hobetzeko. Zuriz jantzita bide onetik nindoala ikusten nuen. Panpik zioena egiten ikusten nuen hobera egiten nuela.
Hasi zinenean oso berde zeunden. Egun debutatuko al zenukeen maila harekin?
Ez dakit bada. Garai hartan nuen mailarekin agian ez nintzen profesionaletan sartu izango. Lehen pilotari askoz gehiago zeuden. 20 urterekin nuen mailarekin, ez, 21ekoarekin, agian.
2004ko buruz buruko lehen final hura nola oroitzen duzu—Irujoren aurka galdu zuen—. Hura zen ilea zurea...
Ile hark nire kideei ere itzal egiten zien. Panpik esaten zidan, «goazen lan egitera», berak esaten zuen buruz buruko final bat jokatu ahalko nuela, baita irabazi ere. Eta nik ez nion sinetsi. Ni? Ezkerra izanda?... Final hori egokitu zitzaidan eta galdu egin nuen. Orduan konturatu nintzen irabazterik banuela, eta gogor egin nuen lan berriz itzultzeko.
Pilotari belaunaldi oso on batekin egin duzu topo, ezberdinak eta oso handiak.
Agian hurrengoa hobea izango da.
Zuk uste?
Ezin da jakin. Jendeak hori dioETB sartu zelako, eta jendeak ostiral eta igandez ikusten zituen lehen txapeldunak izan garelako, eta horrek ere eragina du. Egia da bilakaera izan dugula jokoan. 2002an gantxo bakarra eman nuen finalean, eta orain dena da erasoa, eta agian aldaketa horrek igoarazi du maila. Irujo eta Aimar bezalako pilotariek, hiru modalitatean jokatu dutenak... zaila da maila horretara iristea.
Nor da izan duzu aurkaririk gogorrena?
Modalitatearen arabera. Buruz buru izan dudan aurkaririk okerrena: Irujo, ez diodalako inoiz irabazi. Lau t'erdian, Olaizola II.a. Eta binaka, bi horiek eta Titin.
Zeure burua horien mailan ikusi ahal duzu?
Ez, fisikoki ni baino indartsuago izan dira. Ni baino hobeak ikusten nituen nik, baina une jakin batzuetan, ondo prestatuta eta jokoarekin egonik, gerra eman niezaiekeela uste nuen. Panpik beti esaten zidan: «Gogor lan egiten baduzu, zure ibilbide osoan iritsiko zaizu zure urtea. Faboritoak min hartuko du, eta zu hor sartuko zara». Beti gertatzen da zerbait, eta zu hor baldin bazaude, toka dakizuke. Eta iritsi zen.
Ladutxe da zure ibilbideko pertsonarik garrantzitsuena?
Bai, hark irakatsi zidan dena. Beti egon izan naiz harekin, eta hura gabe inoiz ez nintzen iritsiko txapel bat irabaztera.
Aitarekin ere oroituko zara, ezta? Beti elkarrekin.
Bai, beti nirekin. Astelenan, hor goian, zutabe baten alboan, beti zutik. Urduri egoten zen. Oroitzapen oso onak dira; nabaritzen dut hutsunea. Lekuinetik Baionara bere autoarekin joaten zen, eta harentzat hori Pariseraino joatea bezala zen. Asko gustatzen zitzaion pilota eta ni ikustea, eta banekien autoa hartzeko prest bazegoen nirekin joateko gogo bizia zuelako zela.
Alor emozionalean zerk bete zaitu gehien?
Egun batzuk daude, sentitzen duzuna pilotakada guztiak sartzen direla, ia pentsatu gabe, eta pilota nahi duzun tokian jartzen duzu. Eta zeure buruari esaten diozu. «Hainbeste lan egin ondoren, nahi bezala ari naiz orain».
Zer eman dizu pilotak?
Zirrara.
«Xala hotza da». Egia al da?
Nik ez dut hala ikusi izan. Hotza? Horrek zer esan nahi du? Esan izan didate, izateko era bat da, ez dakit ona edo txarra den. Beti ere termometroa non sartzen duzun araberakoa. Batek hotza zarela esaten dizu; besteak, ez duzula ezertarako balio; besteak, onena zarela... Ez dut horretan pentsatu.
«Xala kristalezkoa da». Hori entzungo zenuen. Zama izan al da?
Pilotari guztiak bezalakoa, agian Titin eta Olaizola kenduta. Pilotari asko lesionatu dira. Nik ez dut lesio larririk izan, baina bai molestia txikiak: bizkarra, sorbalda... Arruntak dira hain kirol bortitz batean. Agian niri gehiago begiratu didate, baina ez dakit beste batzuk baino gehiagotan lesionatu naizen.
2012an ezin izan zenuen buruz buruko txapela defendatu, bizkarrak ez zizulako utzi. Orduan hasi zen bizkarreko mina?
Bai, orduan hasi zen. Gripea izan nuen astebete lehenago eta orduan hasi zen mina. Gripearen eraginez, nekatuta nengoen, baina entrenatzea erabaki eta ziztada nabaritu nuen. Gorputzari entzuten jakin behar da, eta entrenatu izan ez banintz, hobe. Hilabete batzuetan min txikiak izan nituen, eta zaila da maila onean egotea. 2012an, halere, beste final bat jokatu nuen, binakakoa.
Ipar Euskal Herriaren zama sumatu al duzu? Nolabait lurralde baten ikurra zinen.
Ez dut horregatik zama edo harrotasun berezirik sumatu; hain barruan zaude sartuta, ez da erraza altuera hartzea egoera kanpotik ikusteko. Zure ardura, beti, hurrengo partida edo txapelketa da; ez duzu horretan pentsatzen. Zahartzean agian gehiago pentsatuko dut horretan.
Pilotari dagokionez alde handia al dago Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean?
Bai, hor bai. Zalea oso ezberdina da. Hegoaldean pilota festa bat da, Ipar Euskal herrian giro hori errugbian dago. Pilota Ipar Euskal Herrian lasaiagoa da: pilota ikusi egiten da. Hegoaldean partida eta festa eskutik doaz. Nik hori nabarmenduko nuke.
Euskalduna, ikastolen alde ere agertu izan zara... Nola ikusten duzu egoera Iparraldean?
Gustura egin izan dut. Gonzalezek eta biok. Semea ere ikastolan dago. Pilota eta euskara oso lotuta daude, Iparraldean bereziki. Ez dut uste euskararen egoera okerrera doanik, baina hobera ere... Herrietan mantentzen da, baina hirietan asko kostatzen ari da txertatzea. Frantziatik datorren jende asko dago, eta hamar urtean 10.000 pertsona gehiago etortzea espero da. Jende berri horrekin indar handiagoa egin beharko dugu euskara, pilota eta euskal kultura babesteko. Ni saiatuko naiz nirea egiten nire seme-alabekin, euskaraz ikas dezatela eta pilotan joka dezatela.
Eta orain zer egingo duzu? Ikasketarik ba al duzu?
Ez dut pentsatu, oraindik pilota izango dut hor. Atseden pixka bat hartuko dut. Oraindik ez diot kontu korronteari begiratu, ez dakit zenbat dagoen.
Yves Salaberri 'Xala'. Pilotaria
«Txapeldun izan nintekeela zioen Panpik, eta nik ez nion sinesten»
Jenio bat da Xala, eta ez du erretiroa hartu, bere ibilbideko aro bat aldatu baizik. Txapeldun ohiak Asperekin bukatuko du aurki, eta minduta doa, enpresaburuaren azken moduak ez zaizkiolako gustatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu