Txapeldun hasi nahi dute urtea

Urriza-Labakak eta Ansa II.a-Aizpuru III.ak binakakoaren txapela izango dute jokoan gaur, Galarretan. Urrizak seigarrena irabazi nahi du, zortzigarren finalean; beste hirurek, ordea, aurreneko finala dute

Javier Urriza, Jagoba Labaka, Imanol Ansa eta Joxin Aizpuru, joan den asteazkenean, Galarretan egindako finalerako pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Erremontea pauso bat aurretik doa azkenaldian. Hura izan zen pilota diziplinen artean itzuli zen lehena koronabirusaren aurreneko olatua pasatu zenean, eta hura izango da 2021ean txapela banatuko duen lehena ere. Binakakoaren 50. aldiaren finala jokatuko dute gaur Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan, 15:30ean (ETB1). Javier Urriza (Iruñea, 1981) eta Jagoba Labaka (Azpeitia, Gipuzkoa, 1991) ariko dira batetik, eta Imanol Ansa (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) eta Joxin Aizpuru (Azpeitia, 1992) bestetik.

Kontrasteen finala izango da. Izan ere, Labaka, Ansa II.a eta Aizpuru III.a aurreneko aldiz lehiatuko dira maila nagusiko txapel bat jantzi nahian. Beste muturrean dago Urriza, hamazazpigarren finala baitu: bederatzi banaka eta zortzi binaka. Garaipen zerrenda ikusgarria osatu du aurreko hamaseietan: zazpi bider izan da banakako txapeldun, eta bost aldiz binakakoa. Gaur, seigarren txapela nahi du, eta Kike Elizalde eta Koteto Ezkurra gainditu. Patxi Zeberiok irabazi ditu gehien: zazpi.

39 urte izanagatik, sasoiari eusten dio, baita jokoari ere. Hark irabazi ditu lehiari berriro ekin zitzaionetik jokatu diren bi txapelak: Galarretaren 50. urteurrenarena lehenbizi, Aritz Zubirirekin; eta banakakoa gero. «Oso bolada onean nago. Pandemiaren lehen olatuan beste urtebetez jarraitzea erabaki nuenean neure buruari agindu nion buru-belarri ariko nintzela. Lan handia egiten ari naiz, eta fruitua ematen ari da. Badakit nire azken pilotakadak izan daitezkeela, eta neure burua finaletan ikusten segitzeak indar handia ematen dit. Oso pozik nago».

«Oso gustura» ari da Labakarekin. «Ikusgarria da: beti dago adi, eta beti du jarrera ona, baikorra. Ez genuen espero finalean egotea, baina bikote ona osatu dugu, eta une erabakigarrietan asmatu egin dugu. Ea finalean gurea eman dezakegun. Oso partida zaila izango da. Ansak eta Aizpuruk perfektu egin dute dena orain arte; beti irabazi dute, baita guri ere [40-35]. Ea inork lortu ez duena lor dezakegun. Horretarako, ezin dugu berriro partida atzetik hasi, eta nik lehenago hartu beharko dut abiada. Ezin diegu ihes egiten utzi; bestela, ez dugu zer eginik».

Iritzi berekoa da Labaka. «Oso final gogorra izango da. Oso ondo ari dira. Itxuragatik, badirudi Ansak ez duela indar handirik, baina izugarri bizia da, eta abiadura handia ematen dio pilotari. Hankak ere azkarrak ditu. Aizpuru, berriz, oso ondo ari da, oso seguru. Sakearekin asmatu beharko dut, eta ahal ditudan pilota gehien eraman eta baztertu. Badakit Javierrek asko lagunduko didala, pilota zail asko kenduta, eta txapeldunen izaera aterata».

Labakak aitortu duenez, «plazera» da harekin jokatzea. Oso babestua sentitzen naiz, eta etengabe animatzen nau. Dakidan bezala jokatzeko esaten dit beti. Konfiantza handia ematen dit, eta izugarri eskertzen dut hori, are gehiago lehen finala jokatuko dudala kontuan hartuta. Ea txapela irabaz dezakegun. Ikaragarria litzateke urtea horrela hastea».

Garaipen boladari eustera

«Ikaragarria litzateke»; horixe aitortu dute ere Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak, haiek ere aurreneko finala baitute. Aurkariak bezala, haiek ere jokatzeko «sekulako gogoa» dute. Aitortu dutenez, «inoiz baino lasaiago daude». «Finalerdia jokatu aurretik bai genuela tentsio handia. Ez genuen hutsik egin ligaxkan, eta finalerdietan hanka sartzeko beldurra genuen. Zorionez, irabazi egin genuen. Helburua bete dugu, ondo bete ere. Datorren guztia oparia izango da», dio Ansa II.ak.

Biek oso argi dute zein izan den jokatutako bost partidak irabazi izanaren gakoa: «bikote ederra» osatu dutela eta «izugarri» gustura ari direla elkarrekin. «Asko hitz egiten dugu elkarrekin, eta gauzak oso argi esaten dizkiogu elkarri. Hala izan behar du. Frontoitik kanpo ere mezu asko bidaltzen dizkiogu elkarri, elkar motibatuz eta animatuz. Oso-oso gustura ari gara, gozatzen, eta finalean hori egin behar dugu ere: gozatzen saiatu», dio Aizpuru III.ak.

«Oso gogorra da»; halaxe definitu dute Urriza-Labakak osatutako bikotea. «Denok ezagutzen dugu zer-nolako pilotari puska den Urriza. Kantxa ia osoa estaltzen du, eta oso zaila da hura gainditzea. Pilota asko kentzen du, eta aurrean min handia egiten du. Hura bezalako aurrelari bat izanda, oharkabean pasatzen da atzelariaren lana, baina Labaka oso ondo ari da, oso seguru».

Halere, euren lanak axola die. Ansa II.a: «Saiatu behar dugu dakiguna egiten: sakearekin asmatzen eta piloteoan nagusitzen. Erakutsi dugu gaia badugula. Ea finalean gure onena eman dezakegun. Ziur haiek emango dutela. Ondo hasi behar dugu ere, haiei presioa sartzeko. Urriza-Labaka bezalako bikote bati irabazteak balio handiagoa emango lioke txapelari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.