Hondarribian lortu zuen bere hirugarren Euskotren liga Arraun Lagunak taldeak. Jokatutako estropada guztiak irabazita, matematikoki eskuratu du Lugañene-k bigarren liga jarraian, eta, orain, hurrengo helburua bete nahi dute. Ez dira inoiz jokatu hainbeste estropada emakumezkoen gorengo ligan, eta guztiak irabaztea ametsa litzateke Donostiako ontziarentzat. Nahikari Azkue arraunlariak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 2000), argi dauka gaitasuna daukatela horretarako.
Asteburu berezia izan da Azkuerentzat. Hondarribian liga irabazi, eta igandean Pasaiako bandera eskuratu. Ezin du gehiago eskatu Pasai Donibanekoak. «Gogorra izan da asteburua, larunbatean eta igandean bero handia egin baitu. Baina asteburu bikaina izan da, emozioz betetakoa».
«Uste dut errekorra hamahiru garaipenetan zegoela. Hamalaugarrena irabazi genuen igandean, eta gogo handiz gaude hamaseiak irabazteko»
NAHIKARI AZKUE Arraun Lagunak-eko arraunlaria
Pasaiako estropadan hiru luze eta bi ziaboga egin zituzten Euskotren ligako ontziek, normalean egin ohi dituzten bi luze eta ziaboga baten aldean. Baina hori ez zen izan berezitasun bakarra Azkuerentzat: «Aspalditik nengoen estropada honen zain. Hamabi bat urte eman nituen San Juanen arraunean, eta, niretzat, estropada berezia zen Pasaiako bandera. Egutegian markatua nuen zita, eta onartu behar dut zertxobait urduri nengoela».
Liga eskuratu ondoren, ospakizunaren ajea besterik ez zuten oztopo igandean Arraun Lagunak-eko arraunlariek, baina, beste behin, ez zuten hutsik egin. «Beti dago intriga ea beste talderen batek estropada irabazteko gaitasuna izango duen jakiteko. Guk oso argi genuen bai ala bai irabazi behar genuela, oso estropada gutxi geratzen baitira. Hasieran oso urrun ikusten zen, eta ez genuen kosta ahala kosta lortu behar genuen gauza bat bezala ulertzen. Gainera, itsasoan beti gertatu daiteke ustekaberen bat, eta Tolosaldeak, adibidez, aukera izan du irabazteko. Orain, geroz eta estropada gutxiago geratzen direnean, dena ematera ateratzen ari gara».
Markak hautsi nahi dituzte
Hasieran ez zen helburu bat haientzat, baina Azkuek onartu du duela aste batzuk hartu zutela estropada guztiak irabazteko asmoa. «Aurten lehen aldiz jokatzen dira hamasei estropada, eta uste dut errekorra hamahiru garaipenetan zegoela. Hamalaugarrena irabazi genuen igandean, eta gogo handiz gaude hamaseiak irabazteko. Esango nuke lehia amaitzeko sei estropada falta direla hartu dugula bandera guztiak irabazteko erantzukizuna. Asteburu honi begira ere asmo berberarekin joango gara».
Horretarako, Lugañene-k orain arteko mailan aritu beharko du geratzen diren bi estropadetan. Azkuek berretsi du taldekide guztiak daudela exijentzia mailarik handienarekin, eta ez dutela barkatuko. «Etxaberen beldurretako bat zen estropada bat bestearen atzetik irabaztean arraunlariak lasaitzea, eta horren ondorioz garaipenen batek ihes egingo ote zigun. Baina ez gara erlaxatu, eta bandera bat irabazi dugun bakoitzean hurrengoaren bila joan gara. Hilabete asko gabiltza entrenatzen, eta neke puntu bat badugu, noski; baina garaileen pentsaera horrekin jarraitzen dugu».
Denboraldi hasieran pentsaezina zen hainbesteko lorpena eskuratzea, baina, konturatzerako, amaitzen ari da sasoia. Errekorrak hautsi nahi dituzte, eta Azkue baikor dago. «Hamasei estropadak irabazteak helburu guztiak betetzea esan nahiko luke. Uste dut denok amesten dugula horrekin, nahiz eta duela hilabete batzuk pentsaezina zen».