Pilota

Txapelak, egunerokoaren zama arintzeko

Ados Pilota klubak udan egindako hiru txapelketak irabazi ditu Iera Agirrek. Irakasle, puntako pilotari, eta Adoseko langile nekaezina da.

Iera Agirre. IÑIGO URIZ / FOKU
Iera Agirre, udan irabazitako hiru txapelekin, Leitzako plazako frontoian. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
Leitza
2024ko urriaren 19a
05:05
Entzun

Arratsaldeko bostak eta erdi dira, eta euria ari du Leitzan (Nafarroa). Jende gutxi dabil herriko plazan, eta dabiltzan horiek udaletxeko arkupeetan bilatu dute aterpea. Hutsik dago frontoia. Eskertu egin du hori Iera Agirrek (Leitza, 1987), lotsa ematen baitio argazkilariaren objektiboaren aurrean jartzea jendea inguruan duela. Eskuetan ditu udan irabazi dituen hiru txapelak: sanferminetakoa, Plazaz Plazakoa eta Udara Caixabank-ekoa. Lotsatuta ekarri ditu, kazetariak hala eskatuta. Ondoan izan ditu solasaldiak iraun bitartean. Irri egin du begiratu dien aldiro. Harrotasunetik eta apaltasunetik, bietatik du haren irribarreak.

Txapelek, berriz, asko daukate berezitik. «Nafarra izanik, ilusio handia pizten dit sanferminetako txapela irabazi izanak. Plazaz Plaza, berriz, gure txapelketarik kutunena da. Ni plazan jokatuz hazi naiz, asko jokatu dut plazetan, eta ederra da halako txapelketa bat irabaztea. Azkenik, Caixabankek lehen aldiz egin du apustu gure alde, eta ilusio berezia egiten dit nire izena lehen aldiko palmaresean egoteak».

Horren ondo aritzeko bi gako azpimarratu ditu. Batetik, «inoiz baino indartsuen» aritu da. «Udan izan ditudan disgustuek indartu egin naute: adibidez, pilotarien gaixotasunek eta Andrearen istripuak [Aldaregia]». Bestetik, «inoiz baino gehiago gozatu» du. «Pilotari behar duen garrantzia eman diot: hau da, joko bat dela, eta gozatzeko jokatzen dugula. Horri esker, inoiz baino gehiago gozatu dut».

Ez da bakarrik aritu, eta bikotekideak goratu ditu. «Iratik [Zabalak] eta biok lehen aldiz jokatu genuen sanferminetan, eta gustura aritu ginen. Plazaz Plazan, berriz, zozketak jarri gintuen berriro elkarrekin, eta, lehendik bikote izan ginenez, azkar eta ondo uztartu ginen. Azkenik, plazera izan zen Naroarekin [Agirrerekin] Udara Caixabank torneoa jokatzea».

«Udan izan ditudan disgustuek indartu egin naute, eta inoiz baino gehiago 
gozatu dut»

IERA AGIRREAdos Pilota klubeko pilotaria

«Lehia polita» izan dute etxean txapelen harira. «Maiteren [Ruiz de Larramendiren] aurka jokatu nuen Plazaz Plazako eta Udara Caixabankeko finaletan, eta horrek lehia pixka bat eragin du etxean. Helburua beti da biek jokatzea finala, txapela etxean geratzeko. Oraingoan, nik ekarri ditut txapelak etxera, baina beste batean hark ekarriko ditu. Garrantzitsuena da gure adinarekin oraindik finalak jokatzen ari garela [Agirrek 37 urte ditu, eta Ruiz de Larramendik, 51]. Indartsu datoz gazteak, eta guk gero eta lan gehiago egin behar dugu. Baina oraindik hemen gaude, eta hori ondo ari garen seinale da».

Horretarako «ahalegin handia» egin behar dutela nabarmendu du. «Ordu asko sartu behar dira, eta zaila da dena antolatzea. Nik lan egiten dut goizetan [ikasketaburu da Etxarri Aranazko San Donato Ikastetxean], eta arratsaldetan saiatzen naiz entrenatzen. Gauean, berriz, klubeko lanak egin behar ditut etxean. Gero, asteburuetan partidak jokatu behar ditugu. Ama ere banaiz. Hori dena uztartu behar da, eta batzuetan gogorra da».

Hala ere, «soka» baduela dio. «Ondo ari naiz, baina gero eta ahalegin handiagoa eskatzen dit entrenatzeak. Atzetik datozenak oso indartsuak dira, egun osoan egiten baitute kirola. Niretzat beste lan bat gehiago da etxera iritsi eta korri egiteko zintan aritu behar izatea». Bai bera eta bai Ruiz de Larramendi «prest» daude lekukoa pasatzeko. «Bidea irekitzen ari gara, baina bidea egina dagoela eta datozenak indartsu ari direla ikusten dugun unean ez dugu arazorik izango erreleboa pasatzeko».

Bidea eten ez dadin

Iraganean pilotan aritutako neska askoren istorioa da haiena. «7 urterekin hasi nintzen ni pilotan, herriko elkartean, Aurreran. Sei urtez jokatu nuen esku pilotan, harik eta neska faltagatik 13 urterekin paleta goman jokatzen hasi nintzen arte. 28 urterekin heldu nion berriro esku pilotari; hau da, hamabost urtez egon nintzen esku pilotan aritu gabe. Erraz esaten da hori. Eduki ezazu kirolari bat hamabost urtez bere modalitatean jokatu gabe, eta eska diezaiozu gero ondo aritzea itzultzen denean».

Hain zuzen, haiei gertatutakoa ondorengoei ez gertatzeko sortu zuten berak eta Ruiz de Larramendik, duela hiru urte, emakumezko eskuzko pilotarien lehen klub profesionala: Ados Pilota. «Oso harro» daude egin zuten apustuagatik. «Bi helburu genituen. Bata profesionaltasuna bultzatzea zen, eta, gaur egun, klubeko hamahiru pilotariok urte osoko lan kontratua dugu. Horrez gain, harrobiko lana sustatu nahi genuen, eta, orain, 40 neska gazte ari dira gure lau pilota eskoletan: Latasan, Olaberrian, Sunbillan eta Zerainen. Atzetik inor ez badator, ez du ezertarako balio goian sei-zazpi pilotari aritzeak. Egiten ari garen lanari esker, 7 urterekin pilotan hasten den neskatxak nahi duen arteko ibilbidea egin dezake gaur egun. Guretzat oso garrantzitsua da hori».

«Egiten ari garen lanari esker, pilotan hasten den 7 urteko neska gazteak nahi arteko ibilbidea egin dezake gaur egun»

IERA AGIRREAdos Pilota klubeko pilotaria

Bidea egiten ari dira, baina «asko» dago egiteko. «Informazioa bidali arren, asko kostatzen zaigu komunikabideetara iristea. Gizonezkoetan, ordea, edozer gauza da albiste». Nabarmendu duenez, telebistan ez azaltzeak «zaildu» egiten du oihartzuna izatea eta babesleak erakartzea. ETBk ez du Adosen partidarik eman 2022ko otsailetik, klubaren lehen binakakoaren finala eman zuenetik. «Gure betiko borroka da ETBk gure partidak ematea. Oraindik ez digute erantzun ulergarririk eman. Haiek diote gurea eta Emakume Master Cupena produktu bera dela, eta nahikoa dutela Emakume Master Cupekin. Guretzat hori ez da baliagarria. Gizonezkoetan ez al dira gauza bera Aspe eta Baiko? Eta bien partidak ematen dituzte, ezta? Hori gutxi ez, eta urtean, gutxienez, 150 ematen dituzte. Emakume Master Cupekoak, berriz, zortzi. Oso gutxi da. Eta guri, bat bera ere ez? Horrek dituen ondorioekin? Ez dugu etsiko borroka horretan». 

Kosta egiten zaie jendea frontoira eramatea ere. «Aurreko igandean, 2.700 ikusle egon ziren Ogetan, Hiru Hiriburuak txapelketako finalean, baina nahiko nuke antolatzaileek esatea zenbat gonbidapen eman zituzten. Errealitatea oso ezberdina baita. Dohainik zen, eta Gasteizen etxez etxe banatu ziren gonbidapenak. Kontuz ibili behar da halakoekin: dena eginda dagoela saltzen da, eta ez da horrela. Hurrengo egunean toki berean jokatu, eta gerta liteke ia inor ez egotea». 

Adosen sarrera kobratzen dute: bost euro jaialdiko, eta hamar finaleko. «Zergatik kobratzen dugun? Uste dugulako gure lanari balioa eman behar zaiola. Gaur egun, edozerk balio du bost euro. Hori balio du gure lanak, eta jendeari irakatsi egin behar zaio hori. ‘Bost euro? Zertarako?’. Hori galdetzen digute. Galdetuko lukete halakorik gizonen jaialdi batean?».

Zailtasunak zailtasun, «ilusioa» egiten die haiek sortutako egitasmoa «sendotzen» ari dela ikusteak. «Urte osoko egutegia osatu dugu: binakakoa, Udaberri torneoa, sanferminetakoa, Plazaz Plaza eta Udara Caixabank». «Zoriontsu» daude elkarrekin. «Giro ederra dugu pilotarion eta senitartekoen artean. Familia bat gara». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.