PILOTA

Txapela jarri nahi diote udari

Udako Masterraren finala jokatuko dute igandean, Donostiako Atano III.a  frontoian. Etxegarai eta Gaminde Arrizabalagaren eta Bergararen aurka ariko dira.

Arrate Bergara, Enara Gaminde eta Maddalen Etxegarai. JON URBE / FOKU
Arrate Bergara, Enara Gaminde eta Maddalen Etxegarai, babesle eta udal ordezkariekin, atzo, Atano III.a frontoian, finalaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko irailaren 19a
05:10
Entzun

Igande honetan amaituko da uda, eta egun berean amaituko da Emakume Master Cupen Udako Masterra. Egun horretan jokatuko dute finala Donostiako Atano III.a frontoian, 12:00etan hasita (ETB1). Maddalen Etxagarai eta Enara Gaminde Olatz Arrizabalagaren eta Arrate Bergararen aurka ariko dira udako txapelik garrantzitsuena jantzi nahian.

Pilotazaleak asetzeko moduko txapelketa izan da: batetik, hamar pilotari bikain aritu dira; bestetik, lehiak bi hilabete luze iraun du; eta, azkenik, Donostia kontuan hartuta, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hamasei herri eta hiritan aritu dira pilotariak. Barakaldon (Bizkaia) hasi zuten lana, eta Donostian bukatuko dute.

Bost bikotek ekin zioten txapelketari, eta bi iritsi dira finalera. Aurreko asteburuan sailkatu ziren biak: Arrizabalagak eta Bergarak 22-17 irabazi zieten finalerdietan Miren Larrarteri eta Nora Mendizabali, Zarautzen (Gipuzkoa). Etxegaraik eta Gamindek, berriz, 22-11 menderatu zituzten Aizane Ibarrola eta Andrea Capellan, Galdakaon (Bizkaia).

Bai Etxegarai, bai Bergara «oso pozik» daude finala jokatuko dutelako. Biek azaldu dute «txapela irabazteko lehian aritzea» zutela helburu Masterra hasi zenean. Uste hori indartzeko, biek goratu egin dute beren bikotekidea. «Asko poztu nintzen Olatzekin jokatuko nuela esan zidatenean; egungo pilotaririk onenetakoa da. Gainera, aurten, gogorrago entrenatzeko asmoz, haren klubera joan naiz, Lea-Ibarrara, eta, horri esker, harreman estuagoa dut harekin. Olatzekin arituta, banuen itxaropena finalera iristeko, eta hala izan da. Oso pozik gaude», esan du Bergarak.

«Urte osoko eta udako ahalegina islatu da txapelketako emaitzetan: partida guztiak irabazi ditugu»

MADDALEN ETXEGARAIPilotaria

Etxegaraik, berriz, Gaminderekin jokatu zuen azken aldiari erreparatu dio. «Bikote izan ginen azkeneko binakako nagusian, eta finala jokatu genuen. Galdu egin genuen, baina oso ondo moldatu ginen elkarrekin. Orain ere oso gustura aritu gara. Ea oraingoan txapela lor dezakegun. Sasoi betean iritsiko gara finalera».

Finalera iritsi dira biak, baina baten eta bestearen bidea oso bestelakoa izan da: Etxegaraik eta Gamindek partida guztiak irabazi dituzte; ligaxkako lau neurketak eta finalerdia. «Sumatu egin da elkarrekin aritutakoak ginela, eta oso ondo moldatzen garela. Baina ez da erraza izan, lan handia egin dugu. Urte osoko eta udako ahalegina islatu da txapelketako emaitzetan: partida guztiak irabazi ditugu».

Arrizabalaga eta Bergara, ordea, gorabeheratsuago aritu dira: bitan galdu dute, ligaxkako bigarren eta hirugarren jardunaldian. Azken horretan, 22-17 galdu zuten Etxegarairen eta Gaminderen aurka, Deban (Gipuzkoa). «Lehen hiru partidetatik bi galdu eta gero, neurketa erabakigarria jokatu behar izan genuen azken jardunaldian, Corellan [Nafarroa], Larrarteren eta Mendizabalen kontra. Zorionez, irabazi egin genuen. Gero, finalerdietan, hutsetik hasi ginen, eta berriro irabazi genuen. Horixe egin nahi dugu berriro finalean». 

Horregatik, hain zuzen, Etxegarai ez da fidatzen aurkariekin. «Gu haiek baino erregularrago aritu gara txapelketan, baina final bat da, eta final batean edozer gerta daiteke. Partida zaila izango da». Iritzi bera du Etxegaraik. «Final gogorra izango da, ziur».

Eutsi eta hautsi

Bi bikoteek dute elkarren berri: badakite bakoitza zertan den ona. «Maddalen eta Enara oso jotzaileak dira: oso luze jokatzen dute, aurkariaren atzelariari lan handiak emateko. Ondo egiten dute hori. Finalean horixe egin nahiko dute: Olatz gainetik pasatu, eta niri lanak eman. Badakit lan handiak izango ditudala, baina ohituta nago; horretarako entrenatzen naiz gogor. Konfiantza dut gure bikotean. Badugu aukera irabazteko», esan du Bergarak. 

Argi du egitekoa: «Nik ahal dudan gehien eutsi behar dut, baina, aldi berean, saiatu behar dut pilota mugitzen, Olatzek errematatzeko aukera izan dezan. Olatz ezin da egon partidatik kanpo. Berezkoa duen gatza eta abiadura atera behar du; horri esker apurtu dezakegu partida».

«Badakit lan handiak izango ditudala, baina horretarako entrenatzen naiz gogor. Konfiantza dut gure bikotean»

ARRATE BERGARAPilotaria

Etxegaraik, berriz,  Bergararen «segurtasuna» eta Olatzen «kalitatea» nabarmendu ditu. «Arratek ez du hutsik egiten, eta pilota jo dezakeenean, jo egiten du. Olatzi buruz, berriz, zer esan... Aurrelari bikaina da: erasoan, tantoak egiteko erraztasun handia du; eta, defentsan, oso ondo moldatzen da; dena egin behar da ondo hari tanto egiteko». 

Hori dela eta, argi du nola jokatu nahi duten: «Gure jokamoldeari eutsiko diogu. Aukerak aprobetxatu beharko ditugu, eta huts gutxi egin; hutsak garesti ordainduko dira».

Finala da helmuga, baina biek azpimarratu dute «gozatu» egin dutela bidean. «Txapelketa oso polita eta berezia da Udako Masterra. Jokatzen dugun herri askotan festak izaten dira, eta giro polita egoten da frontoian. Niri asko gustatzen zait udan jokatzea», azaldu du Bergarak.

Atano III.a frontoian jokatuko dute finala, eta horrek «ilusioa» piztu die. «Iaz, han jokatu nuen Hiru Hiriburuak txapelketako finalerdia Amaia Aldairekin, eta irabazi egin genuen [txapeldun izan ziren gero]. Oroitzapen politak ditut frontoi horretaz», adierazi du Bergarak. Etxegaraik, berriz, frontoiaren historia nabarmendu du. «Oso berezia da Atanon jokatzea, eta are gehiago final bat. Frontoi historikoa da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.