Txapela jantzita amaitzea xede

Gaur jokatuko dute Erremonteko Binakako Txapelketako finala Segurola-Larrañagak eta Goikoetxea V.a-Barrentxea IV.ak. Aurrelarietako batek estreinakoz jantziko du txapela

Iban Larrañaga, Beñat Segurola, Ander Goikoetxea eta Endika Barrenetxea, finalerako pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES.
inigo lasa fresneda
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Urtea amaitzeko moduak eta moduak daude. Txapela buruan dutela bukatu nahi dute 2022a Beñat Segurolak eta Ander Goikoetxea Goikoetxea V.ak. Baina bietako batek bakarrik lortuko du gaur Hernaniko Galarreta pilotalekuko (Gipuzkoa) podiumaren gorenera igo eta erremonteko Binakako Txapelketako garaile izatea (22:25, ETB1). Iban Larrañaga atzean lagun duela arituko da Segurola; Goikoetxea V.ak, berriz, Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.a izango du bizkartzain. Bi aurrelariak «gogoz gainezka» daude txapelketa handi hau estreinako aldiz irabazteko.

Abenduaren 17an jokatu zuten ligaxkako azken neurketa Segurolak eta Larrañagak. Bertan lortu zuten ligaxkako lehen postua bermatzea eta zuzenean finalerako sailkatzea, Ezkurra II.ari eta Martirenari irabazita. Lau partidetan hamahiru puntu bilduta, lehen faseko onenak izan dira aizarnazabaldarra eta azkoitiarra. Azken bi hilabete eta erdi hauek nola joan diren ikusita, «faboritotzat» jotzen dute beren burua. Hala azaldu du Segurolak: «Ligaxkan onenak gu izan gara, eta, nire ustez, bikote modura hobeak gara. Halere, Endika Barrenetxea hor tartean egonda, beraiek faborito direla pentsatzea ere zilegi da. Barrenetxea IV.a orain dagoen erremontistarik onena da, Urrizarekin batera».

Gaurko final handira iristeko lehia bat gehiago jokatu behar izan du, berriz, Buruntzaldea eskualdeko bikoteak. Ligaxka hirugarren amaitu zuten, eta finalerdia jokatu behar izan zuten Ansa II.aren eta Juanenearen kontrairagan larunbatean. 40-20 menderatu zituzten, eta finalera «aldarte ezin hobean» iritsi direlakoan da Goikoetxea V.a: «Finalerdien aurretik urduriago nengoen. Gure helburua finalera iristea zen, eta, behin hori beteta, irabaztea sari bat izango litzateke».

Ligaxkako zazpigarren jardunaldian aritu ziren elkarren aurka gaur finalean indarrak neurtuko dituzten bi bikoteak. Segurola eta Larrañaga nagusitu ziren neurketa hartan: 40-33. Aizarnazabalgo aurrelariaren ustez, «txapelketako neurketarik onena» izan zen, eta, norgehiagoka hura nola joan zen ikusita, argi du zein den beraien plana finalean: «Barrenetxeari pilota asko kentzea lortu genuen partida hartan. Ostegunean ere [gaur] hori egin beharko dugu txapela lortzeko: haren sakeari erantzun on bat eman, eta errebotean deseroso egon dadin lortu. Horretarako, pilota zazpigarren edo zortzigarren koadroan botarazten saiatuko gara». Hori erdiesteko intentzioarekin, pilota motelak aukeratu dituzte gaurko final handirako.

Sakea, funtsezkoa

Bi atzelariak, Larrañaga eta Barrenetxea IV.a, sakez tanto gehien egiten dituzten erremontistetako bi dira. Sake errestoa menperatzea finaleko beste gakoetako bat izan daitekeelakoan da Goikoetxea V.a: «Bi atzelariak oso sakatzaile onak dira, eta bi aurrelariak ez gara hain trebeak errestoan. Sakeak oso garrantzitsuak izango dira. Horretaz gain, finala gure aldera ekartzeko, neurketari abiadura ematen saiatuko gara. Abiadura da gure indargunerik handiena. Horregatik egin dugu pilota bizixeagoen aldeko apustua. Pilota motelarekin, elkarri buruz buru jokatzen hasten bagara, haiek gu baino defentsa lan hobeagoa egiten dute, eta tantoa haien aldera erortzeko aukera gehiago daudela uste dut».

Tantoa luzatzea haien mesederako dela pentsatzen du Segurolak ere. Baina «joko bolada bikainean» da aizarnazabaldarra, eta jokaldia amaitzeko orduan hobetu egin duela dio: «Tantoa lantzea gustatzen zaigu guri. Egia da tantoa egitea kosta egiten zaidala batzuetan, baina azkenaldian fin nabilela esango nuke, azkarrago ibili bainaiz arlo horretan. Jokatu ditudan azken zazpi neurketak irabazi ditut, eta konfiantza aldetik oso ondo nago».

Finala jokatuko duten lau erremontistetatik, bi atzelariek bakarrik dakite zer den Binakako Txapelketa Nagusia irabaztea. Biek ere Javier Urrizarekin lortu zuten —Barrenetxea IV.ak, 2012an, eta Larrañagak, 2019an—. Aurrelarietako bat gaur estreinatuko da. Goikoetxea V.arentzat, «ametsa»litzateke txapeldun izatea: «Orain dela urte batzuk, oso urruti ikusten nuen horrelako txapelketa bat irabaztea. Gainera, aurtengoa oso urte gorabeheratsua izan da niretzat, eta oso handia litzateke 2022a horrela amaitzea». Segurolarentzat ere «sekulakoa» izango litzateke: «Hau da dagoen txapelketarik garrantzitsuena. Kontrario zailak, maila oso ona... Poz handia izango litzateke».

Urteko azken partida da, baita txapelketakoa ere. Denek jokatu eta irabazi nahi dutena, baina inork galdu nahi ez duena. Galarreta pilotalekuak beste izen bat gehituko dio gaur Binakako Txapelketa Nagusiko txapeldunen zerrendari. Besteak 2023ra arte itxaron beharko du gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.