Logurak akabatzen dago Axio Araña (Beasain, Gipuzkoa, 1961). Luze joan dira Espainiako Kopa irabazi osteko ospakizunak, eta lo kuluxka bat egiteko irrikan da. «Jada ez ditugu 20 urte, eta atseden hartu behar dugu. Gainera, hurrengo eguna ere gozatzeko da, eta ez bakarrik ohean botata egoteko», aitortu du.
Handia egin duzue berriro Espainiako Kopa irabazita.
Bai, eta handia izan da berriro zaleek adierazi diguten maitasuna. Lehenbizi, jende mordoa joan zen Santanderrera, taldeari finalean babesa emateko. Eta behin txapela irabazi eta etxera iritsita, harrera hunkigarria egin ziguten. Horrelakoak barrura iristen dira.
Sufrituta lortutako garaipenekin gehiago gozatu ohi da. Eta zuek gogotik sufritu zenuten txapela irabazteko, 17-0 hasi zinetelako galtzen. Zorionez, iazko finalean egin bezala, buelta eman zenioten emaitzari.
Hala da, bi finaletan irabazi dugu behetik gora egin ondoren. Horrek argi erakusten du azkeneraino borrokatzen garela.
17-0koarekin txapela ihes egiten ikusi zenuen?
Bai, noski. Ez ginen gaizki hasi, baina Quesos Entrepinaresek oso ondo baliatu zituen guk alboetan utzitako zuloak. 17-0 jarri zen aurretik hogei minutuan. Txapela ihes egiten ikusi nuen, baina zaleen animoei esker, eutsi genion, suspertu ginen, eta irabazi genuen. Ikusgarria izan zen zaleen jarrera. Oihuka ospatu zuten gure jokalariek aurrera egiten zuten metro bakoitza, eta gure jokalariak animo eta indar horretaz kutsatu ziren.
Bigarren zatian jo zenuten kolpea.
Bai, eta garrantzi handia izan zuen atsedenaldira partidan bete-betean sartuta iristeak. Lehen entseguak indar eta konfiantza handia eman zigun. Orduan hasi ginen gure jokoa egiten, beti aurrera, sendo. Eta horrela iritsi ginen atsedenaldira, soilik hiru puntu atzetik [17-14]. Kapitainak [Joanes Aierbe] ondo gogorarazi zuen atsedenaldian aldagelan zailena egina zegoela, kolpeari aurre egin geniola. Argi genuen oraindik erdibidean ginela eta gogotik egin beharko genuela lan txapela irabazi nahi bagenuen. Baina aldartea beste bat zen.
Taldea oso ondo iritsi zen partidaren azken txanpara. Argi dago Liga erregularreko azken jardunaldian hainbat jokalariri atseden eman izanak on egin ziola taldeari.
Sekulako mesedea egin zion. Polita da liga eta kopa irabazteko borrokatzea, baina argi izan behar dugu zer-nolako taldea dugun sasoi honetan, ohi baino jokalari gutxiagorekin. Inoiz baino gehiago kudeatu behar ditugu indarrak, jokalariak fresko egoteko. Hau ez da gau batez lo egin eta kito, jada sasoiko nago, bete-betean aritzeko prest. Atsedenak denbora behar du, eta guk finalari begira hainbat jokalariri atseden ematea erabaki genuen. Eta igandean ikusi zen erabaki egokia izan zela.
Kopako txapelak konfiantza emango dizue ligako kanporaketei begira.
Bai, baina nik beti diot txapel bat irabazteak on egin diezazukeela, baita kalte ere. Lasaitu egin zaitezke. Zorionez, aste honetan ez dugu partidarik, eta horrek ere mesede egingo digu. Batetik, lortutakoarekin gozatzeko. Bestetik, kili-kolo ditugun jokalariak osatzeko.
Aldaketa asko eta garrantzitsuak egin zenituzten taldean iazko udan, baina oraingoz ez dirudi horren ondoriorik sumatu duzuenik. Helburuak betetzen ari zarete.
Kopuruan egin dugu behera, jokalari gutxiago baititugu. Kalitatean, ordea, mailari eutsi diogu. Eta hori iaz Kopako finala jokatu zuten etxeko lau jokalari gazte falta direla. Zorionez, harrobi sendoa dugu.
Axio Araña. AMPO Ordiziako entrenatzailea
«Txapela ihes egiten ikusi nuen, baina zaleen animoei esker suspertu ginen»
AMPO Ordiziak bigarren aldiz jarraian irabazi zuen Espainiako Kopa, herenegun, VRAC Quesos Entrepinaresen aurka (17-27). Garaipen horretan zaleek izandako garrantzia azpimarratu du Axio Arañak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu