Pilota. Binakako finala

Txapela etxean geratuko da

Finala gozatzeko baliatuko du Jokin Etxanizek, txapela Aspen geratuko baita. Ezkurdia-Zabaleta faborito jo, baina gehitu du haien aurkari txarrena Rezusta dela.

Jokin Etxaniz, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan egindako pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon eskudero
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Urtearen joanean makina bat kilometro egin ohi dio autoari Jokin Etxanizek (Bergara, Gipuzkoa, 1970), Aspeko zuzendari teknikoak. Salbuespenik ezean, egunero zuzendu behar izaten ditu entrenamenduak han eta hemen, baina gustuko lekuan aldaparik ez dagoela dio. Are gutxiago lanak fruitua ematen duenean. «Poztasun izugarria dut gure enpresako bi bikote ariko direlako binakako finalean».

Inor gutxik ezagutuko ditu hark baino hobeto finaleko lau pilotariak, guztiekin ordu asko igarotzen baititu kantxan zein kantxatik kanpo. Aspaldiko sasoirik onenean daudela iritzita, Ezkurdia eta Zabaleta jo ditu faboritotzat, baina harrokeriarik gabe. «Haien jokoa inork hauts badezake, hura Rezusta da, eta Elezkano II.a ere konfiantzarekin dago». Horregatik, «final estua eta gogorra» aurreikusi du. Tentsioa ondoen kudeatzen duenak txapela gertu izango duela uste du.

Etxanizen esanetan, oraingoz lasai antzeman ditu pilotariak. Beñat Rezustak hirugarren finala izango du, Jose Javier Zabaletak bigarrena, baina, Joseba Ezkurdiarentzat eta Danel Elezkanorentzat esperientzia berria izaki, zalantzak bazituen. «Bi aurrelariek sari moduan hartu dute finala, eta ez daude itsututa eta urduri. Kontrakoa, uste dut oso lasai daudela. Finalak eskatzen duen protokoloari ondo erantzuten ari dira: prentsari, herritarren ilusioari eta abar. Bikain prestatu dute finala». Igandean edozer gerta daitekeela dio. «Urduritasuna agertuko zaie, ziur. Pixka bat ere behar da kontzentratuta egoteko. Ikusi beharko da lau pilotariek zer-nolako gorputzaldia duten».

Presioa kudeatzen asmatzeaz gain, non egon daiteke gakoa? «Azken hilabetean itxura hobea eman dute Ezkurdiak eta Zabaletak, eta badirudi askotan aginduko dutela. Ea Ezkurdiak zer egun duen. Finalerdietan partida distiratsuak egin ditu, batez ere azkenekoa, eta bide berari eusten badio, gertuago izango dute garaipena». Hori bai, orain arteko erosotasunik ez du topatuko arbizuarrak, akaso. «Rezusta ez da beste edozein atzelari. Haren pilotakadak abiadura bizian etorri ohi dira, okerka askotan, eta zaila da errematean asmatzea. Huts gutxi egin beharko du Sakanako bikoteak». Ziur da: Rezustaren jokoak baldintza dezake aurkarien jokoa.

Ordea, bi urtez goi mailan egon ondoren, garai onean iritsi al zaio finala Rezustari? Zalantzak eragin ditu finalerdietan. «Ezker eskuko arazoekin ibili da, eta igarri zaio. Lehen itzuliko azken partida ere utzi egin zuen, eskuko arazoengatik. Justu samar ikusi dugu, eta finalerdietan ez du eman azkenaldiko maila. Ziurrenik, gaizki ohituta gauzka». Halere, herritarrarekin konfiantza osoa du. «Ondo badago, erne. Bi aste izan ditu geldirik egoteko eta indarberritzeko, eta oso ondo antzeman dut entrenamenduetan. Iruditzen zait erabat osatuta dagoela». Horri gehituz gero Elezkano II.aren sasoia, lehia gogorra planteatuko dutela uste du. «Aurrerapauso nabarmena eman du Danelek bere jokoan. Atzelaria justu ibili zaionean, berak lortu ditu puntuak. Oso bikote sendoa osatzen dute, beti beraiena ematen dutena».

Hain zuzen ere, ezjakintasun hori dauka Etxanizek Ezkurdia eta Zabaletarekin. «Bikoterik indartsuena dira», baina ezin jakin inoiz ondo jokatuko ote duten. Gainera, finalean ez dute aholku emailerik izango. «Askotan egokitu zait haiekin aulkian egotea, eta azken hilabeteetan jarrera aldatu dutela ikusi dut. Orain, gehiago hitz egiten dute elkarrekin, ez dago sekreturik haien artean, eta dena zuzentzen diote elkarri. Horrek kantxan asko laguntzen du». Saskira inguratu, eta pilotak hautatzen ere ikasi dute. «Zabaletaren lana izaten da hori, Ezkurdiaren oniritziarekin. Badakite bikote horretan atzelaria eroso sentitzen bada asko dutela irabazita, eta igandean ere hala egingo dute. Sinesmen osoa dut haiengan».

Belaunaldi berri emankorra

Txapelketa osotasunean hartuta, bikoteen pisua atzelariek eraman dutela garbi du. Aimar Olaizolak urtero esan ohi du binakakoetan atzelariaren lana dela garrantzitsuena lehenbizi, hark erantzuten ez badu zereginik ez dagoela argudiatuz, eta arrazoi ematen dio zuzendari teknikoak. «Bi atzelari onenak heldu dira finalera. Gaur egun, onenak dira atzeko koadroetan». Rezustak denbora darama bere dohainak erakusten, eta Zabaleta orain gerturatu zaio. «Ondo baldin badago, atzelari ikusgarria da. Ederra, bikaina, miresgarria, dotorea. Duela bost urte jokatu zuen binakako finala, eta ordutik lehortean egon da. Ez dizkigu aurreikuspenak bete, oso gorabeheratsu ibili baita. Lesioek ere ez diote lagundu». Aurrerantzean, onbidean sartzea espero du. «Erregularrago izan behar du. Hori lortuz gero, urtero finalean egoteko hautagaia izango da».

Finaletan presentzia handia izaten ari da Aspe azkenaldian. Jokin Altunak irabazi zuen lau eta erdikoa, eta binakakoa ere Eibarko enpresara joango da. Ez zuten halako emaitzarik espero, denbora gutxian gauzatu baitute belaunaldi aldaketa. Historia dira jada Titin III.a, Xala, Gonzalez, Martinez de Irujo, Barriola, Zubieta eta beste. Orain, gazteagoak lanean fin ari direla dio. «Ikusgarriak izaten ari dira emaitzak. Binakako finalerdietan hiru bikote sartu genituen, eta finalean, biak. Oso pozik gaude gure pilotariekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.