Urdaibairen jarraitzaileek edota bihotzean beste kolore bat daramaten arraunzaleek bi begiak behin baino gehiagotan igurtzi behar izan zituzten atzo, Lekeitioko (Bizkaia) uretan gertatutakoa xehe-xehe barneratzeko. Bou Bizkaia traineruko entrenatzaile Iker Zabalak ere lanak izango ditu bere kuadrillak egindako lanari baina bat jartzeko. Urdaibaik txapela kentzeko moduko erakustaldia emanda irabazi zuen Euskadiko Txapelketa, klubaren historian zazpigarrenez. Gisa horretara, Hondarribiarekin eta San Pedrorekin berdinduta daude orain, txapelketa ofizialeko garaipenak kontuan hartuta.
Goren mailako zortzi euskal taldeek larunbataz geroztik hirugarren estropada segidan jokatu behar zutela eta, prestatzaile batzuek eskifaian aldaketak egiteko hautua egin zuten; besteek, berriz, zaldi onenak atera zituzten; horietako bat izan zen Urdaibai. Gainera, Eusko Label ligan ez bezala, txapelketetan, eskifaian gutxieneko harrobi kopurua ateratzeko araurik ez dagoenez, Zabalak buruan marraztua zuen kuadrilla ezarri zuen Bou Bizkaia ontziko tostartean.
Naturaren aldagaiek asko baldintzatu ohi dute Lekeitioko estropada eremua; atzo, esaterako, ipar-mendebaleko haizea eta itsasoa izan ziren protagonistak. Zoriak hala erabakita, bi ertzetako kaleetatik joan ziren Urdaibai eta Hondarribia; Bizkaiko txapelduna lehendabizikoan eta Gipuzkoakoa laugarrenean; bigarrenetik Donostiarra aritu zen, eta Zierbena hirugarrenetik. Modu tradizionalean eman zioten hasiera estropadari; itsasoko epaileak bandera gorria jaitsi orduko, lau ontziek lehen arraun kolpeak eman zituzten. Oriok lehen txandatik egindako denbora zeukaten une oro begiz jota; lan oso txukuna egin baitzuen Jon Salsamendiren taldeak.
Urdaibaik eta Donostiarrak ondo baino hobeto baliatu zituzten euren kaleak, Santa Katalina itsasargiaren babespean; ipar-mendebaleko haizeak gutxiago jotzen baitzituen; Hondarribia eta Zierbena, berriz, biluziago zihoazen. Hain zuzen, luze erdirako, bitan hautsi zen estropada: Bou Bizkaia eta Torrekua aurretik, eta Zierbena eta Hondarribia atzetik. Bi talde horiek gogotik sufritu zuten. Urdaibai izan zen ziabogara aurrena heldu zen taldea, Donostiarrarekin batera. Biek ala biek Orioren denbora hiru segundo hobetu zuten. Hondarribiari hamahiru segundo atera zizkion, eta Zierbenari hamasei.
Maniobraren ostean hasi zen festa. Urdaibaik eta Donostiarrak arraunkadak sarritu zituzten olatuei ahalik eta zukurik handiena ateratzeko. Torrekua, une batez, bi segundora hurbildu zitzaion Bou Bizkaia-ri, baita Orio ere. Gehiago ez, ordea; izan ere, Bermeoko traineruko patroi Gorka Aranberrik olatu eder bat hartu zuen, eta ez zuen askatu. Metro dezente airean joan ostean, zuloan geratu ziren. Orduan, Aranberrik arraunlariei eskatu zien arraunketa gehiago sakontzeko, eta traineruaren txopa altxatu orduko, erritmoa bizitu zuten, atzetik zetorkien olatua hartzeko. Bai hartu ere.
Ontzia hegan zihoala heldu zen bigarren ziabogara. Aranberrik eta Mikel Azkarate aurrekalariak ziba baten moduan biratu zuten Bou Bizkaia, eta, motorra berriz olioztatuta, kanporanzko lan mardulari ekin zion Zabalaren kuadrillak. Donostiarrari zazpi segundo ateratzen zizkion, Oriori hamar, Zierbenari 22, eta Hondarribiari 27.
Lau ontziak zanbuluka zebiltzan, sehasken antzera, eta, aldian-aldian, ezkutatu ere egiten ziren olatuen artean. Donostiarrak bazekien brankaz Urdaibai gehiago zela. Hortaz, jo eta jo aritu zen. Bermeotarrek, berriz, beren betiko arraunketan segitzen zuten, minutuko 36 arraunkadako erritmoan. Bazekiten bandera irabazteko gako nagusietako bat luze horretan zegoela. Zehazki, metroak egin ahala, bizkaitarrek zazpi segundotik 11ra zabaldu zuten Donostiarrarekiko aldea, eta handitzen jarraitu zuten.
Sufrituz, gozatzen
Gustura zihoazen Aranberri eta beste hamalau arraunlari. Ternuaraino ere joateko moduan ziren, baina, ohartzerako, kanpoko balizen parean ziren. Zabalarenek ez zuten arazo handirik izan ziaboga emateko, eta Oriok egindako denbora hamabost segundo hobetu zuten; hain zuzen, Donostiarra San Nikolas baino segundo bat azkarrago heldu zen. Zierbena eta Hondarribia, berriz, lehiatik kanpo ziren. Banderaren makila eta gehiago Bermeora bidean ziren.
Hutsegite larria egin behar zuen Urdaibaik ordura arte egindako guztia kareletik jaurtitzeko. Aranberri eta haren kuadrilla, ordea, ez dira atzo jaiotakoak; zailduak dira. Bigarren luzearen gisan, ikuskizun aparta eman zuten azken luzean. Patroi zarauztarrak hamalau arraunlariei izenez banan-banan deitu zien, hanketik hasi eta aurrekalariaren tostaraino: «Bi minutu, eta ikurrina!». Hasieratik amaiera arte egindako lanaren saria jaso zuten, merezita.
Arrauna
Txapela, erakustaldia emanda
Urdaibaik aise irabazi du Euskadiko Txapelketa, Lekeition, eta Hondarribiak eta San Pedrok adina garaipen ditu orain: zazpi. Oriok eskuratu du zilarrezko domina, eta Donostiarrak brontzezkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu