URRIZA 30 - 27 BARRENETXEA IV.A

Txapela buruan, ibili munduan

Urrizak zortzigarrenez irabazi du buruz buruko finala, Barrenetxea IV.a iazko txapelduna garaitu ostean. Galtzaileak bereak eta bi egin ditu nagusitzeko, baina nafarra eraginkorrago aritu da azken zatian

Endika Barrenetxea IV.a eta Javier Urriza, Galarreta pilotalekuan, garaikurrak eskuan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Pilotakadak. 207Iraupena. 72.24 minutu.
Egindakoak. Urrizak 24; Barrenetxea IV.ak 23
Galdutakoak. Urrizak 6; Barrenetxea IV.ak 4
Markagailua. 0-1; 1-0; 6-6; 11-10; 15-14; 15-19; 19-19; 24-24; 29-25; 30-27.
Bestelakoak. Bederatziehun ikusle inguru bertaratu ziren Hernaniko Galarreta pilotalekura.

Duela hamabost egun, Javier Urrizak min hartu zuen iskion hezurrean eta eskumuturrean. Ordutik, Iruñeko aurrelaria makina bat aldiz joan zen masaje emailearengana, buruz buruko final handira puntu-puntuan heltzeko eta Endika Barrenetxea IV.a mendean hartzeko. Bada, nafarrak garaiezina dela berretsi zuen atzo. atzelari gipuzkoarrak aurkaria bigarren zatiko hastapenean estu hartu bazuen ere, Urrizak eskarmentua izan zuen makulu, eta 30-27 nagusitu zitzaion, borborka egon zen Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Zortzigarrenez jantzi zuen buruz buruko txapela, 11 final jarraian jokatuta. Zenbaki handiak eta historikoak. Gertuago du Koteto Ezkurraren marka: 11 txapel ditu irabaziak banakakoan.

Esperotako dema izan zen: partida estua eta gogorra. Bi erremontistek ondo baino hobeto zekiten sakeak eta xehetasun apurrak erabakigarriak izango zirela txapela irabazteko. Barrenetxea IV.a elastiko gorriarekin aritu zen, iaz Urriza garaitu baitzuen buruz buruko finalean. Hain zuzen, hernaniarrak atera zuen lehen sakea, baina iruindarrak ederki erantzun zion motzean, eta hura izan zen lehen tantoa egin zuena.

Hortik aurrera, parekotasun handia egon zen bien artean. Batek jotzen zuenean, besteak berehala erantzuten zuen. Pilotakada askoko kintze ikusgarriak ere egin zituzten, ikusleen gozagarri; hala nola horma-bikoz, erremontera bidaliz edota dejadaz, doi-doi. Bizi-bizi zihoan finala, harik eta bederatzinako berdinketan demaren erritmoa apaldu zen arte. Barrenetxea IV.a eta Urriza nekea nozituz joan ziren apurka-apurka.

15-14, Urriza aurretik

11nako berdinketaren ostean, ordea, gipuzkoarrak sakez hiru kintze segidan egin zituen, baita tarte esanguratsua atera ere. Halere, Urrizak burua hotz mantendu zuen, aurkariaren joaldiari eutsi, eta hura izan zen hamabosgarren tantora heldu zen lehena (15-14). Etenaldi luzearen ondoren, Barrenetxea IV.ak lo harrapatu zuen iruindarra, eta hori baliatu zuen lau tanto erreskadan egiteko: 19-15. Gipuzkoarra eroso zebilen kantxan, konfiantzaz; Urriza, berriz, ernegatuta zegoen, hankamotz.

Hutsegiteak, ostera, garesti ordaintzen dira gisa horretako final estuetan, eta Barrenetxea IV.ak bidean galdu zuen lau tantoren aldeko abantaila, hemeretzina jartzeraino. Orduan, Urriza hauspotu egin zen. Lehia osoan, hamabost alditan egon zen neurketa berdinduta, azkena 24. tantoan. Hortik aurrera, tentsioak nabarmen egin zuen gora.

Kontzentrazioak balio bikoitza zeukan, eta hutsegite bakoitza are garestiago ordaintzeko arriskua zuten. Nafarrak atzeko zuloa eta hernaniarraren ezintasuna baliatu ditu tartea irekitzeko, eta lau tantoko abantailarekin heldu da azken kintzera. Barrenetxea IV.ak etsi-etsian jokatu du, baita arriskatu ere. Hain zuzen, bi tanto egin ditu segidan, 27-29 jartzeraino. Urriza, ordea, ez da kikildu, eta garaipenak ez dio ihes egin. 40 urte ditu jada, eta ikusteko dago datorren urtean buruz burukoan ariko den. «Litekeena da hau azkena izatea, baina hotzean hartu beharreko erabakia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.