Txapela buruan, falta den laguna gogoan

Battitta Ducassou «oso pozik dago», seigarrenez irabazi baitu buruz buruko txapela, eta hori eginda berdindu egin baitu Manu Martiarenarekin eta Waltary Agustirekin. «Pena» bakarra du: «Asko» sumatu du Panpi Ladutxeren hutsunea.

Battitta Ducassou, txapelarekin eta koparekin, gora begira. GUILLAUME FAUVEAU.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ez dago Battitta Ducassouri (Itsasu, Lapurdi, 1991) buruz buru irabaziko dionik. Sei aldiz izan da banakako txapeldun. Ia bata bestearen atzetik jantzi ditu txapelak: sei, azken zortzi urteetan. Beste bi trinketlarik bakarrik lortu dute halako zerbait: sei txapel irabazi zituzten Manu Martiarena atzelari milafrangarrak eta Waltary Agusti aurrelari kubatarrak. Erretiroa hartuta daude biak, eta sasoi betean Ducassou. Beraz, ezusterik ezean, haiek egindakoa hobetuko du.

Joan den igandean irabazi zuen seigarrenez txapela. Aukerarik ez zion eman Ospitali: 40-11 nagusitu zitzaion Hazparnen (Lapurdi). Sekulako aldea da. Oso gutxitan ikusi ohi dira halakoak. Ezustean hartu zuen Ducassou bera: «Mathieu ez zen biziki ondo aritu. Ni, berriz, oso ondo aritu nintzen, oso kontzentratuta. Ondo sakatu nuen, eta horri esker, gauzak aski fite joan ziren nire alde», azaldu du. Partidaren azken txanpa da dioenaren erakusle: hark egin zituen azkeneko hogei kintzeak, 20-11tik 40-11ra artekoak. Ez zuen espero Ospitalen halako txakalaldia, baina hura «partidatik irten izanaren ondorio» izan zela dio.

Finala jokatu aurretik, Martiarenaren eta Waltaryren izenak zebiltzan bolo-bolo. Haiek eginikoa berdindu baitzezakeen. Lortu du, eta «oso pozik» dago: «Marka aski ederra da. Oso polita da haiek bezala sei txapel irabaziak izatea. Ez nuen espero halako zerbait lortuko nuenik. Trinketean hasi nintzenean, Waltaryren aroa zen, eta niretzat, munstro bat zen ia.Jokatzeko era irauli zuen, pilotari sekulako abiadura emanda, eta inor ez zen gai hari irabazteko».

Ducassouk bere «bidea» egin nahi du. «Harro» dago bide hori «arrakastatsua» izaten ari delako: «Oso erregular ari naiz azkeneko urteetan. Lan handia egin dut, baina xantza ere behar da. Iaz, adibidez, tanto bakar batengatik irabazi nion Sanchezi finalean. Izar txiki bat dut hor nonbait».

«Beste izar» bat izan du oraingoan ere: Panpi Ladutxe, haren entrenatzaile zena —abenduaren 1ean hil zen—. «Txapelketa guztian oso present izan dugu Panpi. Patuak halakoak ditu, eta finala jokatu dugun bi pilotariek makina bat ordu egin ditugu harekin entrenatzen. Berezia izan da Mathieu eta biok finalera iritsi izana. Ziur naiz Panpi harro egongo zela gu hor ikusteaz. Asko sumatzen dugu haren hutsunea oraindik, pertsona handia baitzen. Txapel hau harena ere bada».

Banakakoa irabazita, binakakoan ariko da orain —bihar aurkeztuko dute—. «Arantza» atera nahi du, inoiz ez baitu txapela irabazi: «Biziki maite dut buruz buru jokatzea, eta nire dohainetara ondoen egokitzen den diziplina ere bada. Baina gustatzen zait binaka aritzea ere. Hirutan jokatu dut finala, baina inoiz ez dut txapela irabazi. Ea oraingoan lortzen dudan. Zaila izango da, baina saiatuko naiz. Sasoi betean nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.