Txapela baino lehen, galbahea

Pentatloiaren kanporaketa jokatuko dute bihar Azpeitian. Hamabi kirolari ariko dira lehian, eta haietako seik egingo dute finalerako urratsa.

Euskal pentatloia.
Herri kirolariak lehia betean, iazko euskal pentatloiko finalean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko irailaren 6a
18:30
Entzun

Euskal Pentatloiak sona handia lortu du herri kirolen zaleen artean, eta maila eta molde ezberdinetan jokatzen ari da azken urteetan. Nolanahi ere, bakarkako txapelketa da proba nagusia, harrabots handiena sortzen duena. Hala izango da aurtengo aldian ere; Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan jokatuko dute beste urtebetez, eta maila goreneko kirolariak bilduko ditu. Azken urteetakoari eutsiz, lagun ugarik eman dute proban parte hartzeko izena. Hamabi kirolari lehiatuko dira estreinako kanporaketan, bihar (18:00), eta sei onenek erdietsiko dute finala jokatzeko eskubidea. Garaikurraren lehia irailaren 21ean jokatuko dute. 

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a da egungo txapelduna —erreskadan irabazi ditu azken hiru txapelak—, eta, harekin batera, finalera sartzeko lehian ariko dira gainontzeko hamaika kirolariak: Xabier Zaldua Gurrutxazpi, Xabat Olaizola, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Aritz Irazabal, Julen Kamañares III.a, Beñat Amade, Ander Altuna, Beñat Telleria, Daniel España, Jon Bengoetxea eta Iker Goldarazena. Iazko finalean aritu ziren Iruretagoiena, Zaldua, Olaizola, Gisasola, Irazabal eta Kañamares.

Parte hartzaileek kanporaketan ohikoak diren lanak egingo dituzte. Harri jasotzen ariko dira lehendabizi, zortzi arroako bolari —100 kilo ditu— hamar jasoaldi eginda; ondoren, plaza bat osatuko dute giza proban, 400 kiloko harria erabilita. Segidan, bi enbor ebakiko dituzte aizkoran: kana-erdikoa bat —54 ontzakoa da— eta 45 ontzakoa bestea. 50 kiloko txingekin hiru plaza osatuko dituzte azkenaurreko lanean, eta kilometro eta erdi lasterka eginda amaituko dituzte lanak. Hain justu ere, Izeta VI.ak iragan urtean ezarritakoa da kanporaketako markarik onena: 11.48. Aiarrak Jose Ignazio Orbegozo Arria II.ak 1983an egindakoa hobetu zuen iaz (12:07).

«Akatsak, garesti»

Kontuan hartu beharreko bi aldagai batuko dira biharko proban: lehiakide kopuru handia, eta lan motza. Izan ere, parte hartzaileen erdiak finaletik at geratuko dira, eta horrek asko estutuko du galbahea. Horren inguruan zalantza gutxi du egungo txapeldunak. Iruretagoienak azaldu du lana «bikain» egin beharko duela irabazteko: «Edozein akats txiki garesti ordainduko da». Egungo txapeldunak gaineratu duenez, «lan honetarako ez dugu prestakuntza handirik egin; finalera begira ari gara pentsatzen. Joan zen urteko marka egitea zaila ikusten dut, oso egur onak ziren eta. Saiakera egingo dut, eta ez naiz bakarra izango. Finalerako txartela lortzea izango da lehena, eta gero, marka egitea baldin badago, hori egin». 

Hautagaien artean egon nahi du, halaber, Olaizolak ere. Zarauztarrak urrats nabarmena egin du pentatloian, eta, Iruretagoienaren atzetik, bigarren sailkatu zen joan zen abuztuaren 4an jokatutako Gipuzkoako txapelketan. Olaizolak azaldu duenez, «gorpuzkera onean» helduko da biharko saiora: «Helburua ohorezko txandan sartzea izango da [hiru onenak sailkatuko dira hartarako]. Denborari dagokionez, uste dut finaleko lana egokiagoa zaidala kanporaketakoa baino, luzeagoa delako. Ahal izanez gero, estutuko dugu eta hozka egingo diogu horri ere».

Hautagai sorta handia bildu da finalera sartzeko lehia horretan. Izeta VI.a da, ezbairik gabe, gainditu beharreko kirolaria. Aiarrak laugarren garaipena du begiz joa, baina Zaldua eta Irazabalen gisako pentatloilari esperientziadunek eta azkenaldian hautagai gisa agertu direnek —Olaizola eta Gisasola, kasurako— zaildu egingo dute galbahetik igarotzea. Zer esanik ez kontuan hartuta Telleria eta Kañamaresen gisako kirolari zailduak eta Goldarazena, Altuna eta Bengoetxearen gisara indarrez ailegatu direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.