Balentria egin duen kirolariak bestelako aldarte batean hasten du biharamuna. Laino artean zegoen atzo Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000). «Pilotari guztion nahia da txapeldun izatea. Pozik jaiki naiz». Ez da gutxiagorako. Lau eta Erdiko Laboral Kutxako Master Cupeko txapela jantzi baitzuen herenegun, Miriam Arrillaga aurreko irabazleari 22-14 gailenduta, txiki geratu zen Mungiako (Bizkaia) pilotalekuan. «Jende asko frontoitik kanpo geratu zen, eta horrek esan nahi du emakumeen pilota gero eta gehiago ikusten dela».
Dimoztarrak familiartean eta lagunartean, gutxienez, izan zuen modurik garaipena ospatzeko, betiere txapelari begirik kentzen ez ziola. Bere garaipen zerrenda badoa gizentzen, apurka-apurka. «Irabazi ditudan gainerako txapelen ondoan jarri dut». Besteak beste, Promozioko lau eta erdiko, Plazandreak-eko eta binakako garaikurren alboan. Zalantza izpirik ez du: «Guztiak dira garrantzitsuak, baina niretzat azken txapela da handiena». Gisa horretara, txapelketa nagusian falta zitzaiona jantzi zuen herenegun. Guztiaren gainetik, «harro» sentitzen da Aldai. «Izena eman eta jakin nuenean finalera heltzeko zer-nolako bidea egin behar nuen, inondik inora ez nuen espero txapela eramatea». 22. tantora heldu zenean, sentipenak pilatu zitzaizkion Dimako aurrelariari barrenean. «Gurasoekin, anai-arrebekin eta inguruko pertsona guztiekin gogoratu nintzen. Horrelako erronkei aurre egiteko indarra izan dut haiengandik jasotako babesari esker».
Etorkizunean, «gustura» oroituko da iraganaz. «Gaizki eta urduri ekin nion txapelketari, baina behetik gorako bilakaera izan dut, eta pozez gogoratuko dut». Finala telebistaz ikusteko astirik ez du izan, «ezta nahi ere», aitortu duenez. «Lotsa ematen dit neure burua ikusteak. Agian, partidak telebistaz ikusi beharko nituzke, ea akatsak non egiten ditudan jakiteko, baina ez zait gustatzen», atera zaio barrutik. Edonola ere, buruan ondo baino hobeto dauka iltzatuta finala.
Hasi, bederen, ez zen ongi hasi. 0-2 atzetik ekin zion Arrillagaren aurkako demari. Aldaik ez du ezkutatu «urduri» atera zela kantxara. «Astea nahiko kaskarra izan nuen, eta pixka bat beldurtuta nengoen, ea gorputzak nola erantzungo ote zidan. Halere, partida aurrera joan ahala, lehiari eutsiko niola jabetu nintzen». 4-4 berdindu ondotik, dimoztarrak hanka egin zion Arrillagari, bigarren zatian nagusi izateraino. Argi du finala irabazteko gakoa non egon zen: «Konfiantza faltarengatik urduritasunak gain hartu zidan arren, pazientziaz jokatzen jakin izan nuen».
Hain zuzen, arlo fisikoa eta teknikoa trebatzeaz gain, mentala ere landu du azkenaldian Aldaik. «Lehen, arin etsitzen eta haserretzen nintzen. Azken urte honetan, mentalki aurrerapausoa eman dut, eta helduagoa sentitzen naiz». Alde horretatik, berebiziko garrantzia eman dio buruz indartsu egoteari. «Elite mailan ari garenok jasotzen dugun presioagatik ezinbestekoa da mentalki ondo egotea. Edonork beharko luke laguntza psikologikoa».
Aurrelaria izaki, lau eta erdiko koadroan «eroso» sentitu zen, eta aitortu du Aginagako atzelariaren aldean «abantaila» zuela. «Tantoa egiteko zuloa topatzen nuenean, dejadaz edota horma-bikoz amaitzen nuen». Mungiako pilotalekuan zeuden ikusleen arreta bereganatu zuen zenbait jokaldirekin, hala nola sakea airez eramanda edota ezker hormari itsatsita sakatuz. «Ezkerrarekin konfiantza handirik ez dudanez, sakeak airez errestatzera saiatzen naiz, aurkaria nahasteko asmoz. Alta, Arrillagaren lanari balioa eman dio: «Miriamek argi erakutsi du maila handia duela, nahiz eta atzelaria izan».
Bilakaera handia eta azkarra
Aldaik hiru urte baino ez daramatza pilotan, eta epe labur horretan sekulako garapena izan du; handia bezain azkarra. «Futbolean urte asko neramatzan, eta emakumeen pilota niretzat ez zen existitzen». Harik eta 2018an Imanol Agirre pilotari ohiak esku-huska hasteko konbentzitu zuen arte. Bada, talde kirol batetik banakako kirol modalitaterako trantsizio bikaina egin du. «Lan handia egin nuen, eta futbolean nituen bertute batzuk kantxan aprobetxatu ditut. Hanka bizkorrak ditut, eta pilotara erraz iristen naiz».
Atsedenik hartu eta tentsioa guztiz askatu gabe, 2022ko Eskuz Binakako Laboral Kutxa Masterrean ariko da Aldai. Emakumezkoen pilotaren gorakadaren lekuko da dimoztarra, eta, aurrerapausoak eman diren arren, argi du bidea dagoela egiteko: «Jarraipena izan behar dugu, eta asteburuero praka zuriak janztea gustatuko litzaiguke, horretarako gaitasuna dugula argi erakusten ari baikara».
Amaia Aldai
Txapel handia buruan
Amaia Aldaik lehendabizikoz jantzi du maila nagusiko lau eta erdiko txapela, finalean Miriam Arrillagari irabazita. Aitortu duenez, konfiantza faltarengatik urduritasunak gain hartu zion arren, «pazientziaz» jokatzen jakin izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu