Eibarretik Donostiara. Zortzi urte. Hiru txapel. Buruz buruko txapeldun gazteena. Eta bere kirol ibilbideko azken tantoa, azken pilotakada, ibilbide horren isla. Indartsua, ezkerrez eta ia erreboteraino. Atano III.ean bildutako 1.500 pilotazaleak, jaikita eta txaloka. Betiko oihua inoiz baino ozenago: «Irri, Irri; Irri, Irri». Iker Irribarriak nekez izan zezakeen agur politagorik atzo izan zuena baino. Hala aitortu zuen agur partidaren amaieran: «Hitz egitea zaila da egoera honetan. Baina zortzi urtean jaso dudan txapelik ederrena da: frontoia beteta, atzean nire lankide, enpresakide eta kontrarioak. Izugarri gozatu dut kantxetan, eta espero dut hemendik aurrera zuekin guztiekin kantxatik kanpo ere gozatzen segitzea». Gero aitortu zuen ez zitzaiola ezer falta izan agurrari. «Hemendik 10 urtera izatea bakarrik».
Arratsalde hasieratik antzeman zen Atano III.aren inguruetan egun berezia zela. Irribarriaren kamiseta ugari, gehienak gorriak; eta pilotazaleetako asko, batez ere Irribarriaren herrikideak, Aramakoak, zapi gorri batekin lepoan. Bertan, bost data ageri ziren: Irribarriaren debutarena, irabazitako hiru txapelena eta agurrekoarena. Bai zapia baita elastikoa ere bazeramatzan Asier Muñagorrik. Aspalditik du ezagun Irribarria. Peru semearekin zihoan. «Herriak oso modu berezian bizi izan du Ikerren agurra. Tristura puntu batekin. Izan ere, pena da halako pilotari handi batek, dituen ahalekin, lesio batengatik uztea pilota. Baina harro eta pozik gaude egin duenarekin. Pilotari eta lagun handia izateaz gain, Aramari asko eman dio». Beste herri askotatik bertaratuziren pilotazaleak Irribarriari merezitako agurra ematera. Irun eta Lezotik ailegatu ziren Pili eta Gemma Legorburu ahizpak. «Betidanik izan gara Irribarriaren oso zaleak. Haren garaipen nahiz porrotekin asko gozatu eta sufritu dugu. Hain urte gutxian lortu duenak erakusten du nolako pilotaria izan den. Baina gehien gustatu izan zaiguna haren izateko modua da: indartsua eta aldi berean umila. Agurra ahaztezina izatea merezi du».
Behin frontoian sartuta, giroa berotuz joan zen. Irribarriak ondoan izan zituen, pilotazaleak ez ezik, lagunak eta senideak ere. Tartean zen Aritz Elustondo Realeko jokalaria. Lehengusua du Irribarria. Honela mintzatu zen: «Sentimendu askoko eguna izaten ari da. Iker gozatzen ikusi dugu kantxan, baina osasuna denaren gainetik dago, eta utzi egin behar du pilota. Une politekin geratu behar du. Ziur nago irribarre batekin amaituko duela eguna».
Pilotari eman dionari erreparatu zion Oinatz Bengoetxea pilotari ohiak: «Zorte txarra izan du. Baina beti izan da indar handiko pilotaria, ausarta. Hark izan du beti partiden aginte makila. Aurkari gogorra izan da». Orain datorrenari baikor begiratzeko aholkatu zion. «Ederra da».
Peio Etxeberria enpresakideak esan zuen «egun berezia» zela atzokoa. «Merezi zuen halako agur bat: ikusi da zaleek nolako estimua dioten. Pertsona bizia da, eta haren ibilbidea ere halakoa izan da. Oso gaztetatik lortu du arrakasta, eta jakin du hori behar bezala kudeatzen». Askotan izan du Irribarria aurkari. «Bolearekin min handia egin du beti, eta sekulako joa izan du».
Omenaldia eta oroigarriak
Irribarria beroketa ariketak egitera irten zenean hasi zen berotzen frontoia. Pilotariak albo banatan zituela irten zen, bikotekide izan zuen Jose Javier Zabaletarekin eta Altuna III.a eta Martija kontrarioekin. 22-18 irabazi zuten Aramakoak eta Zabaletak, eta zaleek gogotik txalotu zituzten haren tantoak.
Partida amaitu ostean irten ziren bi enpresetako pilotariak kantxara, eta haiek inguratuta jaso zuen omenaldia Irribarriak. Ez zitzaion ezer falta izan. Josu Arrizabalaga Izer trikitilariak, trikitia hartu, eta Agurra jo zuen. Hura izan da Irribarriaren pandero irakaslea. Dantzan, berriz, Garazi Egiguren aritu zen, Tolosako Kimua dantza taldeko kidea. Keinu polita egin zion 2016an Irribarriak irabazi zuen buruz buruko txapelari. Egiguren izan zen txapel hura irabazi ostean Araman egin zioten omenaldian dantza egin zuena. Gero iritsi zen Aitor Sarriegi bertsolariaren bertsoa.Aramakoaren «ezker zoragarria» izan zuen gogoan, eta etorkizunera begira jarri zitzaion: «Lehen eskua sartua haiz/ mila pilota klaseri,/ ta hau saskian utzita/ ezin haiz sillan eseri./ Badaukak nondik hasia,/ nori heldu eta zeri./ Eskerrik asko, Iker, ta/ bizitzaz gozatzen segi».
Oroigarri bat baino gehiago jaso zituen: Fernando Bidarte Aspeko buruak Iñigo Manterola eskulturagilearen artelana eman zion. Alabarentzat Asperen elastiko bat jaso zuen, atzean Irribarria izena ageri zela. Unai Lasok txapel bat jantzi zion, Pilotari Profesionalen Elkartearen izenean. Eta, amaitzeko, Aspeko enpresakideen aldetik, koadro bat jaso zuen, bere ibilbideko une garrantzitsuenen argazkiekin. Beñat Rezustak eman zion.
Hain zuzen ere, Rezustak gaur izango du jokoan, Peio Etxeberriarekin batera, Binakako Txapelketako finalerdietan egoteko aukera. Bilbon jokatuko dute (18:00, ETB1), Peña II.a eta Mariezkurrena II.aren kontra. Irabazlea finalerdietan izango da.
Txapel ederrena darama
Iker Irribarriak pilotazaleen eta pilotarien beroa eta estimua jasota esan dio agur pilotari. Egin duen azken tantoa, jo duen azken pilotakada, errebotera joan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu