Euskadiko Harri Handietako Harri-jasotze Txapelketa jokatuko da etzi, 12:00etan hasita, Aldatzen (Nafarroa). Aurtengo deman lau harri-jasotzaile ariko dira, denak gipuzkoarrak: Aimar Irigoien (Errezil, Gipuzkoa), Joseba Ostolaza (Zestoa, Gipuzkoa), Unai Lertxundi (Aia, Gipuzkoa) eta Urtzi Telleria (Lasarte, Gipuzkoa). Iazko finalean Irigoienek eta Ostolazak bakarrik hartu zuten parte.
Lau harri erabiliko dituzte: 175 edo 200 kiloko errektangeluarra, 175 edo 200 kiloko zilindro-kopa, 150 kiloko kuboa eta 125 kiloko bola. 200 kiloko errektangeluarra hautatzen duenak 175eko zilindro-kopa erabiliko du, eta, alderantziz, 175eko koadroa erabiltzen duenak 200eko zilindroa jaso beharko du. Parte-hartzaile bakoitzak hiru minutuko txanda bat edukiko du harri bakoitzarekin.
Irigoien da faborito nagusia. Errezildarra zazpigarren aldiz ariko da txapelketan —2004an jokatu zuen aurrenekoz—. Denbora horretan lan bikaina egin du, eta azken urteotan bere legea ezarri du, 2006az geroztik berak jantzi baitu txapela. Gainera, harri handiekin duen trebezia erakutsi du. Orain bi urte txapelketako marka ezarri zuen, 9.650 kilo sorbaldan berdindu ostean. Harri txikiekin ere ongi moldatzen da, 2007tik aurrera txapela jantzi baitu.
Joseba Ostolaza da eskarmenturik handiena duen finalista. 1993an izan zuen lehen harremana Harri Handietako Txapelketarekin, eta ordutik hona hamabost jokatu ditu —1996 eta 2007an ez zuen esku hartu—. Lau aldiz jantzi du txapela, laurak jarraian (2002, 2003, 2004 eta 2005). Zestoarrak Juanjoxe Unanue Goenatxo II.a-ren lekukoa hartu zuen palmaresean. 2002an lortu zuen bere markarik onena, 8.850 kilorekin. Harri Txikietako Txapelketa bi aldiz irabazi du (2002 eta 2003). Joan zen igandean, Albizuri Haundi Harria Txapelketan irabazi zuen, 166kiloko harriarekin zortzi jasoaldi eginda.
Unai Lertxundi eta Urtzi Telleriak Aimar Irigoien eta Joseba Ostolazak baino esperientzia gutxiago dute, baina makina bat plaza egindakoak dira, klase guztietako harriekin. Bigarren urtez ariko da aiarra; lehen aldiz 2008an jokatu zuen, eta orduko hartan laugarren postuan sailkatu zen, Irigoien, Ostolaza eta Urperen atzetik. 4.200 kilo berdindu zituen lepoan. Lertxundik 177 kiloko kuboarekin ezarri du marka aurten, lau altxaldirekin bost minutuko txandan.
Azkenik, Urtzi Telleriak lehen aldiz hartuko du parte txapelketan, eta hura da lauretan arinena: 81 kilo. Baina Lertxundik bezala harri-jasotzea zer den ongi daki. Sasoi betean dago, gainera; Albizuri Haundi-arekin jardun zuen iragan igandean aurrenekoz, eta bigarren sailkatu zen, 5 jasoaldi eginda. Abuztuaren 29an, berriz, 127,2 kiloko Dordoka harri baldarrarekin 8 jasoaldi egin zituen bost minutuko txanda batean, Berrobin (Gipuzkoa).
Txapel astunaren lehia
Irigoien, Ostolaza, Telleria eta Lertxundi ariko dira etzi, Aldatzen, Harri Handien txapelketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu