Txantxangorriaren hegaldia

Ignacio Corcuerak bigarrenez parte hartuko du Dakar rallyan, gaurtik urtarrilaren 20ra. Abentura amaitzeko helburuarekin, 'Txantxangorria' autoa prest du Peru, Argentina eta Txile zeharkatzeko.

Ignacio Corcuera bilbotarrak gaurtik aurrera Dakar rallyan erabiliko duen autoa, Txantxangorri. BERRIA.
Donostia
2013ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ignacio Corcuerak (Bilbo, 1963) ez zuen familiaren ondoan agurtu 2012. urtea. Familia guztia elkartzeko egun seinalatua izan ohi da abenduaren 31. Hala ere, auto gidariak urte zaharreko afaria alde batera utzi, eta maletak prestatu behar izan zituen. Nora egin dezake auto gidari batek bidaia urteko azken egunean? Dakar rallyra. Maleta horiek ilusioz bete zituen eta Loiuko aireportura abiatu zen. Bilbotarrak lehenbailehen iritsi nahi zuen lasterketako lehen gunera, Limara (Peru). Bertatik hasiko da aurtengo lasterketa, eta Argentina eta Txile ere zeharkatuko ditu. Rallyaren errepideen lehortasuna eta berotasuna gertutik nabaritu nahi du berriro ere, urtebeteren ondoren.

Izan ere, bigarren urtea du Dakarren. Iaz ametsa bete zuen, bertan parte hartzeko aukera izan baitzuen. Argentinako La Pampa, Mendoza, La Rioja eta Catamarcako probintzietan barrena ibili zen, baina ez zuen helburu nagusia bete. Hego Amerikara abiatu zenean, lasterketa amaitzeko helburuarekin atera zen Loiutik. Aldiz, zazpigarren etapan agur esan behar izan zion ikuskizunari, helmugara hamar minutuko atzerapenarekin iritsi baitzen. «Ezintasuna sentitu dut, ni eta autoa jarraitzeko gai ginelako», adierazi zuen orduan. Bilbotarrak ezin izan zien negar malkoei eutsi. Bi lipotimia izan zituen, ondoezak jota ekin zuen Andeetako igoera, kamioien arrastoek lurrean sorturiko nahasketak pairatu zituen... Baina lasterketa uztera behartu zuten. Hamar minutu horiek eten zuten Corcueraren ametsa. Hala ere, Livingston-ek —goitizen horrekin ezagutzen dute taldekideek—, iazko parte-hartzea aberasgarria izan zela aitortu zuen orain egun batzuk: «Asko ikasi nuen. Nire lehen parte-hartzearen akats nagusia Afrikako harearentzako zen autoa prestatu nuela izan zen, eta ez Hego Amerikako hare finarentzat». Hausnarketa horretatik tiraka, iazko 2.300 kiloko autoa 700eko Buggyagatik aldatu du gaur hasiko den lasterketarako —erreskateetarako ere erraztasun handiagoak ematen dituen autoa da—. Aurtengo Dakar, baina, desberdina da; lehia berria da. «Ez noa Dakar errepikatzera, horrek iaz egindakoa errepikatuko dudala esan nahi du eta. Nik Dakaramaitu nahi dut eta horretara noa», dio gidariak.

Orain hamabost urte ekin zion profesionaletan lehiatzeari. 1997. urtetik Euskadi 4x4 taldea zuzentzen du, eta nazioarteko zein Espainiako lasterketa esanguratsuenetan parte hartu du: Tunisia eta Senegal inguratu ditu, Mauritaniako Coronel Tapiocca Espedizioan eta Afrikako Transafrikarra Klasikoan parte hartu du... Zerrenda luzea du. Nazioarteko lasterketetako esperientziak, baina, ez du balio. Dakar desberdina da, bakarra. Zalantzarik gabe munduko rallyrik gogorrena eta arriskutsuena da —21 pilotuk galdu dute bizia—, eta bidea ibiliz egiten da.

Corcueraren autoa Buggy Polaris Ranger RZR 900 XP bat da. Ez da izen makala auto batentzat. Horregatik, akaso, gidari bizkaitarrak euskaldunen artean ezaguna den txori baten izena eman dio Perutik Txilera bi astez gelditu gabe arituko den autoari: Txantxangorria. C3 mailan arituko da lehiatzen; auto arinen mailan, hain zuzen ere.

Hala ere, dena ez da poza Livingstonentzat. Izan ere, orain egun gutxi autoak lapurreta jasan zuen eta herraminta kutxa eraman zuten. Horrek gidaria berri bat erostera behartu du, eta horrez gain, erositako kutxa berria kotxera egokitu beharko du, ia denborarik gabe. Izan ere, aurrekoa rallyrako espreski prestatuta zegoen. Hala ere, bilbotarrak ez du baikortasuna galtzen eta ilusio berdinarekin hasiko du lehen etapa.

Aurten ere, bakarrik

Txantxangorria eta pilotua bakarrik arituko dira berriro ere. Iaz txapelketako berrikuntza izan zen eta 'abenturazale' gisa egin zen ezagun, ez delako oso ohikoa izaten pilotuak inolako laguntzarik gabe irtetea. Ez zuen kopilotuaren laguntzarik izan, ez mekanikorik, ez diru-laguntza potolorik... Bilbotarra bere autoan sartu eta desertu amaigabeetan zehar abiatu zen.

Aurten ere, berdin. Bien artean egin beharko diote aurre Hego Amerikan jokatuko den Dakarri. Edukiko duen laguntza bakarra, beste bide batetik joango den kamioi bat izango da. Bertan, ordezkatzekoak diren piezak eta herramintak eramango dituzte. Aldiz, horiek ezingo ditu erabili helmugara iristen den arte. Corcueraren Txantxangorriak ez du lan makala izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.