Turkiarrak ziren faborito, eta ez dute huts egin, baina Georgiak gogor egin die aurre. Lehen aldia dute georgiarrek txapelketa handi bateko azken fasean, eta gaur baieztatu dute merezimendu osoz iritsi direla Eurokopako multzokako fasera. 3 eta 1 amaitu dute neurketa, baina markagailuak ez du islatzen norgehiagokako jarduna. Amaierara arte partida berdintzeko aukera izan dute georgiarrek, eta turkiarrek azken minutuan sartu dute hirugarren gola.
Dortmunden (Alemania) jokatu dute norgehiagoka, 18:00etan hasita. Euri jasak ez ditu zaleak kikildu, eta, batez ere, turkiarrez lepo egon dira harmailak. Txistuka aritu dira Georgiako ereserkia entzun denean eta georgiarrek baloia hartzen zutenenean. Aurrez, bost bider jokatu zuten elkarren aurka bi selekzioek. Horietatik hirutan nagusitu ziren turkiarrak; behin, berdindu egin zuten; eta, beste behin, Georgiak lortu zuen garaipena.
Bi taldeek indartsu ekin diote neurketari, baina Turkia nagusi izan da lehen zatian. Hamargarren minutuan partidako lehen gol aukera izan du Turkiak. Kaan Ayhan euskarriak zutoinera bidali du baloia. Jarraian, Georgiak jo du erasora. Khvitxa Kvaratskhelia taldeko izarrak areaz kanpotik jaurti eta Turkiako atzelari bati jo ostean, baloi pozoitsua geratu du Gunok atezainak.
Partidak intentsitate handiarekin jarraitu du, eta, zenbait aukeraren ostean, 25. minutuan iritsi da neurketako lehen gola. Turkiarren erasoa eragotzi du Georgiako atzelari batek, baloia urrunduta, baina Mert Muldur Fenerbacheko jokalariak area ertzetik airez jo eta Giorgi Mamardaxvili atezainak ezin izan du ezer ere egin. Hurrengo jokaldian Kenan Yildiz Juventuseko jokalari turkiarrak gola sartu du. VARa erabili ostean, baina, baliogabetu egin dute, Yildiz jokoz kanpo zegoelako.
Turkiarrek jaun eta jabe ziruditen, baina Georgiarrek ez dute etsi. Azkar iritsi da berdinketa. Georges Mikautadze Frantziako ligan jokatzen duen erdiko aurrelariak 31. minutuan sartu du gola. Hortik aurrera Turkiarren nagusitasuna ez da horrenbestekoa izan. Markagailuak 1-1 erakusten zuen atsedenaldian.
Turkia, defentsan sendo
Bigarren zatia aurrenekoa amaitu moduan hasi da. Bi taldeak txandakatuz aritu dira erasoan, nahiz eta Turkia nagusitu den baloiaren jabetzan. 65. minutuan iritsi da partidako hirugarrena. Arda Guler Real Madrileko jokalari gazteak areaz kanpotik jaurtitako ezkerkadarekin eskuadran iltzatu du baloia. 19 urte baino ez ditu Gulerrek, baina Turkiako selekzioaren erasoa bideratu du gaurkoan.
Georgiarren erantzuna ere iritsi da, baina Giorgi Kochorashvili Levanteko jokalariak gutxigatik ez du gola sartu. Baloia atzelari turkiar baten gainetik pasatu ostean, langara jaurti du. Ordutik, georgiarrak indartsu aritu dira erasoan, baina turkiarrak sendo defentsan. Halere, aukera izan dutenean kontraerasora jokatu dute, eta Mamardashvili Valentziako atezainak turkiarren gol bat baino gehiago eragotzi ditu. Atezaina bera eta Kvaratskhelia Napoliko jokalaria izan dira Georgiako jokalaririk nabarmenenak.
Azken minutuetan aukera bat baino gehiago izan dituzte georgiarrek. Azken minutuan falta jaurtiketa bat eta bi korner izan dituzte euren alde, baina ez dute lortu baloia sareratzea. Bigarren kornerraren ostean, azken segundoen faltan, turkiarrek kontraerasora jokatu dute. Georgiako atezaina aurkarien zelaian zegoen, izkinako sakea errematatzeko asmotan. Hori dela eta, georgiarren atea babesik gabe topatu du Kerem Akturkogluk, eta hirugarrena egin du partidako azken jokaldian.
Bihar, bigarren jardunaldia
F taldeko lehen partida izan da Turkia eta Georgiaren artekoa. Bigarrena 21:00etan jokatuko dute Portugalek eta Txekiar Errepublikak. Neurketa horrekin amaituko da multzokako faseko lehen jardunaldia. Portugaldarrak dira F multzoko faborito nagusiak, baina bigarren posturako lehia estua espero da. Garaipenarekin, Turkiak urratsa egin du final-zortzirenetarako sailkatzeko.
Eurokopak ez du atsedenik izango, eta bihar hasiko da bigarren jardunaldia —hiru jardunaldi izango ditu multzokako faseak—. Hiru partida jokatuko dituzte: Kroazia-Albania (15:00etan), Alemania-Hungaria (18:00etan) eta Suitza-Eskozia (21:00etan). Oraingoz ez da sorpresa handirik izan, eta faborito nagusiak multzoetako lehen postuetan daude.