Azkenean, ezin. Alex Aranburuk lan izugarria egin du ihesaldian, baina Anthony Turgis frantziarra izan da lehena Tourraren bederatzigarren etapan.
Etapa ikusgarria izan da, kilometro asko galipotik gabeko bideen gainean egin delako.
Halako bidexketan trebea da Tadej Pogacar esloveniarra, eta horretaz baliatzen saiatu da Remco Evenepoel belgikarrari ateratzen dion 33 segundoren tartea handitzeko. Jonas Vingegaard danimarkarrari 1.15 ateratzen dizkio.
Ihes egiteko hainbat saio egin ditu Pogacarrek, baina alferrik. Vingegaardek ez dio aukerarik eman, eta Evenepoelek ere ez, nahiz eta arazo gehiago eduki dituen eusteko.
Arazoak aipatuta, Primoz Roglici buruz hitz egin behar da. Ez da eroso ibili, baina, halere, hoberenen multzoan sartzea lortu du, eta Pogacarrengandik 1,36ra geratu da, sailkapen nagusiko laugarren postuan.
Hamar bat txirrindularik ihesaldiari ekin diote, tartean Aranburu. Eta talde hori helmugaratu da lehenik. Esprintean Tom Pidcock eta Derek Geeri aurre hartu die Turgisek, eta laugarren egin du Aranburuk. Mikel Landa zortzigarren postuan heldu da.
Pena eta amorrua
«Banoa pena handiz eta amorru pixka batez», esan du Aranburuk helmugaratu berritan. «Irabazten saiatu gara, baina ez da atera».
Landak adierazi duenez, etapa «berezia eta ezberdina» izan da. «Ikusgarria izan dela uste dut. Eguna salbatzea lortu dugu, denborarik galdu gabe».