Urtea ona izaten ari da, eta Perezi (Zaldibar, Bizkaia, 1981) nabaritu egiten zaio irribarrean. Harro mintzo da, baina, logikoa denez, urduri dago hurrengo urtera begira. Taldeko zuzendariek kazetariekin izandako bileraren aurretik erantzun ditu galderak.
Ekainean gaude: lehen balantzea egiteko moduan zaudete. Zer moduz doa denboraldia?
Ona dela esango nizuke, baina hortik askoz gorago dago. Lehen garaipena lortzea kostatu egin zitzaigun; ohorezko postuak bai, baina pausotxo hori falta zitzaigun. Baina, Aragoin irabazi, eta gero beste bi garaipen etorri ziren jarraian. Oso pozik nago, ematen ari garen mailarengatik, taldean dugun giroarengatik... Espero baino askoz gehiago da dena.
Garaipen horiek lasaitasuna emango zizuten.
Bai. Buru-belarri lanean segitzen duzu, baina ikusi duzu taldea irabazteko gai dela, eta berdin jarraituz gero gehiago irabaziko duela. Gainera, behin baino gehiagotan jo dugu zutoina; hogei aldiz sartu gara lehen hiruren artean.
Zuen lehiatzeko modua, gainera, ez da ihesaldia itsu-itsuan lortzea. Hotzago lehiatzen zarete.
Lasterketa irakurtzen dugu. Esprintean irits daitekeen egunen %80 edo %90ean lan egin dugu, eta ez hori bakarrik: itzuli batzuetan sailkapen nagusia lehiatu dugu: Norvegian irabazi genuen, Aragoin eta Luxenburgon lehiatu egin dugu, Yorkshiren...
Yorksihireko Itzuliko bigarren postua emaitza handia izan zen.
Bai, izan zuen oihartzunarengatik, antolatzaileengatik [ASO], ikusle kopuruarengatik... eta Edu Pradesi lehen postua kendu zion txirrindulariarengatik. [Greg van Avermaet (BMC)].
Tropelaren errespetua lortu duzue?
Bai, eta oso garrantzitsua da hori. Ez da gauza bera tropelean tiraka ibiltzea beste batzuen ihesaldiak zapuztu eta gero etapa ez lehiatzea, edota lan hori egin eta lehiatzea. Gu lehiatu egiten gara, eta horregatik irabazi dugu errespetua. Eta gero zutoina jotzen baduzu, gutxienez lehiatu egin zara. Horrela irabazten duzu errespetua. Irudi serioa dugu, eta tropeleko beste taldeek ikusten dute. Zuzendari askok zoriondu gaituzte urtearengatik.
Sasoiko bigarren zatian Espainiako Vueltan ariko zarete—abuztuaren 25etik aurrera—; Itzuliarekin batera, sasoiko helburu handia da hori. Asko baldintzatzen al du zure lana?
Bai, Vuelta ondo egiteko asko pentsatu behar baituzu. Zortzi onenak eraman behar dituzu, eta horien inguruan pentsatu. Zein lasterketa datorkie ondo? Hau? Bestea? Eta egutegia orekatu; ez da erraza. Hamar txirrindulariko hautaketa egin dugu, eta hortik aterako da zortzikoa.
Emaitza on batek zeresana emango luke. Zama da hori?
Bai, ondo pentsatu behar dugu lehen hamarren artean txirrindulari bat sartu nahi dugun eta edo etapa baten bila goazen. Sailkapenaren aldeko apustua sakrifizio handia izan daiteke, gero agian ez duzulako lortzen, eta etapen lehiatik kanpo geldi zaitezke.
Odriozola asko ari da hitz egiten hurrengo urterako egonkortasunik ezin eskaintzeak sortzen dituen arazoez. Txirrindulariei eragiten die horrek?
Haiei ez dut uste, baina guri bai, interesatzen zaizkigun txirrindulariei ezin diegulako luzerako kontraturik eskaini. Hainbatek erakutsi dute kontratu ona merezi dutela, eta guretzat zaila da luzera begiratzea. Pentsatzen dut Pradesek, Bizkarrak, Bravok... eskaintzak jasoko zituztela, edo jasoko dituztela, oso urte ona egiten ari baitira. Baina espero dezagun taldeak etorkizuna ziurtatu ahal izatea haiekin negoziatzeko. Lan ona egiten ari gara, eta ea norbaitek hori ikusi eta gure alde apustu egin nahi duen.
Ruben Perez. Euskadi-Muriaseko zuzendaria
«Tropelaren errespetua lortu dugu»
Kontinental Profesional mailako lehen hilabeteak «arrakastatsuak» izan direla dio: «Espero baino askoz hobeak». Orain, Vueltan du burua, taldearen etorkizuna leundu dezakeen itzulian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu