Tronuan eseri da

Ben King izan da ihesaldiko indartsuena Espainiako Vueltako laugarren etapan. Michal Kwiatkowskik maillot gorriari eustea lortu du

Tronuan eseri da.
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Abizenez King izanagatik, Ben Kingek (Dimension Data) atzo arte ez zuen aukera gehiegi izan kirol ibilbidean errege izateko. Taldearen aginduek edo tropelaren aginteak baldintzatu izan ohi dituzte estatubatuarraren lasterketak. Alfacarko helmugan lortu zuen garaipenaren loriaz gozatu zuen atzo, Espainiako Vueltako laugarren etapan. Inoiz irabazi duen etaparik garrantzitsuena lortu zuen, eta, bide batez, Dimension Dataren sasoiko aurrenekoa.

Eguneko ihesaldian indartsuena izateaz gain, azti ere jokatu zuen. Azken mendaterako bidean, iheskideekin akordioa hautsi, eta aurrera egin zuen Jelle Wallaysekin (Lotto Soudal) eta Nikita Stalnovekin (Astana) batera. Atzeko multzoan gelditu ziren, besteak beste, Luis Angel Mate (Cofidis), Pierre Rolland (Education First) eta Aritz Bagues (Murias).

Etaparen zati handi batean, Kingek maillot gorriarekin ere amestu zuen. Izan ere, Sky taldeak ez zuen interesik erakutsi Michal Kwiatkowskiren lidergoa defendatzeko. Azken igoeran, ordea, Lotto Jumbok esnatu zuen King. Sepp Kuss gazteak jarritako erritmo bortitzak sei minutu murriztu zuen aldea.

Kussen indarrak ahuldu zirenean, Simon Yatesek (Mitchelton) egin zuen faboritoen arteko lehen erritmo aldaketa. Ez zuen inork hartu haren gurpila, eta bakarrik egin zituen azken hiru kilometroak. 27 segundo atera zizkion Kwiatkowskiri. Emanuel Buchmann (Bora), Miguel Angel Lopez (Astana) eta Alejandro Valverde (Movistar) ere ahalegindu ziren azken kilometroetan. Hala ere, Kwiatkowskik, azken metroetan erritmoa estutu, eta maillot gorriari eutsi zion. Ion Izagirrek (Bahrain) arazorik gabe iraun zuen taldean, eta sailkapen nagusian seigarren da, 30 segundora.

Gaur, 188 kilometroko etapa gorabeheratsua edukiko dute. Ihesaldientzat aproposa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.