Triste, ez burumakur

AS Baionak eta Ampo Ordiziak galdu egin dute finalerdietan: 12-40 eta 39-26, hurrenez hurren. Oso ondo aritu dira aurkari indartsuen kontra

Carla Arbez AS Baionako joko irekitzailea pase bat ematen, titulurako kanporaketetako lehen partidan. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Lan zailak zituzten biek, eta bai AS Baionak, bai Ampo Ordiziak triste egin zuten etxerako bidea atzo. Triste bai, baina ez burumakur, biek ala biek maila oso ona eman zutelako titulurako finalerdietako partidetan. ASB Baionak 12-40 galdu zuen Montpellierren aurka, Auchen (Frantzia), eta Ampo Ordiziak 39-26 El Salvadorren aurka Valladoliden (Espainia). Finaletik kanpo gelditu dira biak ala biak.

Maila txukuna eman zuten bi euskal taldeek, lehiakor aritu ziren, baina aurkaria titulurako faborito nagusia denean, hori ez da aski izaten. ASBk, esaterako, azken sei ligetatik bost irabazi dituen eta sasoi honetan galdu gabea zen aurkaria zuen parean, eta indarrek eutsi zioten bitartean aurre egin zion Montpellier ahaltsuari.

Maika Brust ASBko jokalariak aste honetan esan du BERRIAn, hutsak eginez gero, garesti ordainduko zituztela Montpellierren aurka. Bada, defentsan eginiko biri esker aurreratu zen aurkaria (0-12). ASB, baina, borrokarako zegoen, eta entsegu marratik oso gertu adierazitako uztartze itxi batean gogor bultz egin ondoren, Celine Ferer bigarren lerrokoak entsegua lortu zuen (12-5).

Atsedenaldira emaitza horrekin iritsi ziren. Montpelierrek eman zuen lehen kolpea bigarren zatian (19-5), baina ASBk beste entsegu bat lortu zuen Nadege Luperen bitartez, jokaldi nahasi batean (19-12). ASB partidan zen, baina nekea sumatzen hasi, eta Montpelierren jokalarien maila bikaina —Frantziako selekzioa erdia dira— azaleratu zen azken txanpan. Tartea ireki zuten beste hiru entsegurekin. ASBk, halere, Montpellierren zelaian bukatu zuen, estutzen, eta entsegua lortzear egon zen azken jokaldian.

Ordiziak, 70 minutu on

Ampo Ordiziak ere partida handia jokatu zuen Valladoliden, eta 70 minutuz eutsi zion El Salvadorri. Are gehiago, atsedenaldian, aurretik zen: 15-16. Norgehiagokaren hasieran, 0-5 aurreratu zen Gabriel Engelbrechten entseguarekin (17. min.), eta El Salvadorrek erreakzio oso ona izan zuen arren, goierritarrek partidan sartuta jarraitu zuten, Valentin Cruzek zangoarekin lorturiko puntuei esker.

Etxekoek hobeto ekin zioten bigarren zatiari, eta berehala ireki zuten aldea bi entsegurekin (29-16, 55. min.). Lehiak hautsita zirudien, baina Ordiziak ez zuen amore eman. Julen Goiaren entsegu batek eta Cruzen zangoak itxaropena berpiztu zuten (29-26, 66. min.). Oreka zegoen partidan, baina, aldaketen eraginez, El Salvadorrek freskoago zirudien, eta aldea ireki zuen berriz (34-26, 70.min.; eta 39-26, 80. min.).Azken txanpan, Ordiziak eraso on pare bat izan zituen, baina huts egin zuen. Presaka ibili behar izatearen lanak ziren.

Bestalde, Baionak 32-26 irabazi zion atzo Neversi eta Top 14ra igotzeko kanporaketetako finalerdietarako sailkatu zen. Hurrengo larunbatean jokatuko du finalerdia, Oyonnaxen zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.