Ehun metro hesidunen sailkatze lasterketaren nondik norakoak, emaitza eta bizi izandakoa oraindik barneratu gabe, bere saioa amaitu eta hamar bat minutura azaldu da Teresa Errandonea (Irun, Gipuzkoa, 1994) olinpiar estadioko prentsa gunera.
Zure saioan seigarren izan zara, 13,15eko denborarekin. 40 parte hartzaileen artean 31.a izanda, finalerdietatik kanpo geratu zara. Zer sentipen duzu?
Triste eta minduta nago neure buruarekin. Nire marka onenarekin [13,04] finalerdietarako sailkatu delako atleta bat. Ez dakit zer gertatu zaidan. Baina hesi artean ez dut errematatzen jakin. Haustea falta izan zait. Teknikoki ez dut ondo korritu, eta sentipenak ez dira onak izan. Ramonekin [Cid, entrenatzailea] aztertuko dut, ikusten dudanean, eta patxadaz zer gertatu den ikusi beharko dugu.
Zure marka onenetik 11 ehunenenera geratzea gehitxo iruditzen zaizu?
Bai, batez ere sentipen onekin nentorrelako, eta gertu ikusten nuelako hamahiru segundotik jaistea. Adibidez, Espainiako Txapelketan, haizearen baldintzak ez ziren onak izan, eta 13,07 egin nuen. Beraz, posible zen. Entrenamenduetan ere lortzen nuen. Hemen lortu nahi nuen. Baina ez dut urte osoko lana biribildu.
Hasiera, hala ere, oso ona izan da,
Bai, hala da. Berotzen oso gogotsu aritu naiz; oso motibatuta nengoen. Pentsa, ohikoa ez den arren, ondo lo egin nuen. Lehen lau hesietaraino oso ondo nindoan. Baina hortik aurrera gauzak okertu egin dira. Aurrera joan ezinik aritu naiz, bultzaka, kontrakarrean. Agian, hasiera horretan arinegi aritu naiz, eta horrek gerora eragina izan du.
Berna hezurrean pitzadura txiki bat zenuela zenioen iritsi aurretik. Horrek eraginik izan du?
Ez. Fisikoki oso ondo ikusi dut neure burua.
Alde onei ere begiratu beharko diezu, ezta?
Bai, noski. Aukera on batek ihes egin digula jakinda, garbi dago pozik egon behar dudala, Olinpiar Joko batzuetan egoteagatik. Estadioan sartzean izan ditudan sentipenak izugarriak izan dira: poza, emozioa... Gainera, dena eman dut. Bestalde, azken urtean izandako bilakaerari eusteko gai ikusten dut neure burua, batez ere 100 metro hesidunetan hobetzeko tarte handia dudalako oraindik. Gainera, 2024ko Parisko Jokoak ez daude urruti.
Orain oporrak, ezta?
Bai. Atseden hartu eta berna hezurreko lesioa sendatu behar dut. Bizpahiru aste hartuko ditut.
Tokio 2020. Teresa Errandonea. Atleta
«Triste eta minduta nago, ez dudalako ondo korritu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu