Pilota

Trinitatea dute azken plaza

Ados klubaren Plazaz Plaza txapelketako finala jokatuko dute igandean Donostiako Trinitate plazan. Bi bikoteek uste dute «partida parekatua» izango dela eta «kontu txikiek» erabakiko dutela.

(ID_14246209) (/EZEZAGUNA) zabala-ruizdeinfante
Irati Zabala eta Ainhoa Ruiz de Infante, pilota jotzear, Plazaz Plaza txapelketan. EDUARDO AGIRRE
inaut matauko rada
2024ko irailaren 13a
05:00
Entzun

Ados klubak laugarrenez antolatutako Plazaz Plaza txapelketako bi bikote finalistek Donostiako Trinitate plazan jokatuko dute txapela etxera eramateko, igandean, 12:00etan (Adosen Youtube kanala). Hasierako sei bikoteetatik bi bakarrik geratzen dira: Ainhoa Ruiz de Infantek eta Maite Ruiz de Larramendi Mujikak Iera Agirre Iturriagaren eta Irati Zabalaren aurka jokatuko dute.

Txapelketa berezia da Plazaz Plaza, Euskal Herriko hainbat herritako plazetan jokatzen baita. Zabalak azaldu du zailtasun batzuk izan dituztela batzuetan, beroak, adibidez, kalte egin ziela partidaren batean, baina txapelketak «xarma» baduela esplikatu du. «Sentipen onak» izan ditu kantxan, baina onartu du ligaxkako lehen bi partidak «gogorrak» izan zirela, lehenengoan «izugarrizko beroa» egiten zuelako, eta bigarrenean partida «estu-estu» irabazi zutelako.

Hala ere, Agirrerekin, bere bikotearekin bikain moldatu dela nabarmendu du. Elkarrekin jokatu duten bigarren txapelketa da: «San Fermin torneoa elkarrekin jokatu izanak elkar hobeto ulertzen lagundu digu». Bikotea «sendo» ikusi du, bi txapelketak nahiko jarraian izan baitira gainera. Zabalak baino esperientzia askoz gehiago du Agirrek, eta kantxan «asko» lagundu diola onartu du: «Etxaurin ikusi genuen aurkarien jokoa pilota atzera botatzea zela, eta ahal zuen gehienetan lagundu ninduen, pilotak berak eramanaz».

Zabala ibilia da noizbait Trinitate plazan. «Kantxa motza eta estua» dela azaldu du, eta pilota asko geratzen diren horietakoa dela, asko frenatzen den horietakoa: «Frontoia berezia da, txikiagoa zentzu guztietan, eta jokatu dudanetan ikusi nuen pilota asko geratzen zela». Igandeko partida «gogorra» izango dela uste du, bi bikoteak «oso parekatuta» ikusten dituelako, eta ziur da «kontu txikiek» emaitzan garrantzia izango dutela.

Estreinakoz Trinitate plazan

Ruiz de Infantek lehen aldiz jokatuko du Trinitate plazan; entzun ditu kantxaren ezaugarriak, baina bertara joan arte ezin jakin zehaztasunez nola jokatzeko aukera izango duten. «Donostian gutxitan egon naiz, eta ez dut sekula ikusi kantxa. Entzun dut laburragoa dela; bertara arin joan, eta ahalik eta ondoena moldatu beharko dut».

«Maite [Ruiz de Larramendi] atzean izatea segurtasuna da. Beti egongo da atzean, eta gutxitan huts egingo du»

AINHOA RUIZ DE INFANTEPilotaria

Aurkako bikotearen antzeko kasua da Ruiz de Infanterena eta Ruiz de Larramendirena; bigarrena beteranoa da, urte asko daramatza kantxan, eta atzean izatea laguntza handikoa dela onartu du Ruiz de Infantek. Gainera, askotan jokatu dute elkarrekin, eta «segurtasun handia» ematen diola azaldu du. «Maite atzean izatea ziurtasun bat da aurrelari batentzat. Badakit beti egongo dela atzean eta gutxitan huts egingo duela, eta, gainera, tanto asko egiteko gai da, pilota alde batetik bestera mugitzen dakielako. Luxua da berarekin aritzea».

Partida guztiak irabazi dituzte, eta lehen partidan «izugarrizko sentipen onak» izan zituen Ruiz de Infantek, baina bigarrena zailagoa izan zela azaldu du, Getarikoa (Gipuzkoa). Finalerdia ere zaila izan zen pilotari gaztearentzat, Etxauriko (Nafarroa) kantxak ez baitu ezkerparetarik: «Nire bizitzan bigarren aldiz ibili naiz halako frontoi batean, eta asko kostatu zitzaidan, aurkariek oso ondo jokatu baitzuten».

Igandeko bikote aurkaria «oso gogorra» da, Ruiz de Infanteren ustez, eta finalean asko estutuko dituztela aurreikusi du: «Iera esperientzia handiko pilotaria da, eta horrelako plazetan badaki nola atera etekina jokoari. Eta Irati lan handia egiten ari da, asko defenditzen du, eta tantoak egitea zaila izango zaigu».  

Plazan heziak

Udara Caixabank txapelketarekin batera ari dira jokatzen Plazaz Plaza, eta, udan partida asko pilatu bazaizkie ere, esperientzia hartzeko egokia dela azaldu dute Ruiz de Infante eta Zabala pilotari gazteek. Txapelketa horiez gain, hainbat herriko jaietan antolatutako lagunarteko partidetara joateko ere deitzen dituzte; beraz, ez dute ia asterik partidarik gabe.

«Ierak [Agirrek] eta biok San Fermin torneoa elkarrekin jokatu izanak elkar hobeto ulertzen lagundu digu»

IRATI ZABALAPilotaria

Frontoien monotoniatik eta heterogeneotasunetik plazen aniztasunera egiten dute jauzi pilotariek Plazaz Plaza txapelketan; aurten laugarren aldia da txapelketa egiten dutena. Zabalak esan du plaza bakoitza «ezberdina» dela, eta «jokatzeko modu berezia» eskatzen duela bakoitzak. Hala ere, «pilotarien erroetara itzultzea» bezala dela azaldu du: «Pilotari gehienok plazan edo herriko pareta batean hasi ginen frontoira pasatu baino lehenago».

Ruiz de Infantek azaldu du pilotariek txapelketa hasi aurretik badakitela nolakoa den, eta uste du gauzak gaizki ateratzean ezin zaiola errua kantxari bota, denentzat berdina delako. Kontrara, txapelketa «berezia» izanda, haien jokoa moldatzearen beharra aipatu du. «Oso berezia da, normalean frontoi horiek herrien erdialdean egoten direlako, eta horrek pilota ezagutzen ez duen jendea erakartzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.