Aldatu da Bilbo, aldatu denez. Beste hiri bat ematen du orain, aurrerakuntzek eta modernotasunak saltzen dituen jantziekin gaurkotua. Baina aurrerabideak ezin dena irentsi, eta betiko jardun honek bizi-bizirik jarraitzen du: arraunak. Deustu Arraun Elkartea bizi da hirian, «herri bateko elkarte baten filosofiarekin», Jone Oliban arraunlariak [Lemoiz, Bizkaia, 1992] definitu duen bezala, eta ari da arraunari bizirik eusten. «Familia bat bezala gara», azaldu du Urdax Anteparak [Bilbo, 1996]. Deustukoa bertakoa da Antepara.
Lehengoari bainoago, izango denari begira bizi da Bilbo, eta hiri erdian arraunlariak traineruekin eta arraunekin ikustea bitxia egingo zaio, agian, kanpoko bisitariari. Egoitza berrian da 1981ean elkartea, Udalak emandako eraikuntza berritzailean, eta horixe da Bilbon arraunaren oasia. «Beheko mailetan, hogei bat arraunlari dauzkagu maila bakoitzean», kontatu du Anteparak. «Kopuru polita da, kontuan izanda zein zaila den Bilbon arraunera umeak erakartzea». Bera izan zen horietako bat, eta ume-umetatik hasi zen. Gizonezkoen goiko taldean dabil orain. Berriagoa da Oliban, bigarren urtea duelako emakumezkoen taldean: «Iaz, uda bakarrik egin nuen, traineru sasoia, eta aurten denboraldi osoa daramat hemen».
Bilboren izena estropadaz estropada daramate biek aurtengo udan ere:Antepara KAE 1 ligan dabil, eta Oliban ETE ligan. Tomatera traineruak goian dabiltza: emakumezkoak hirugarrenak dira, eta gizonezkoak bigarren doaz. Bi bandera irabazi dituzte gizonezkoek; azkenengoa oraingoz, aurreko igandean, Pasaian. Emakumezkoek bakarra dute, bezperan Portugaleten lorturikoa. «Helburuak betetzen ari gara», nabarmendu du Anteparak. KAE 1 liga gaur bertan amaituko balitz, Deustuk Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatuko luke, baina hirugarrenarekiko [Donostiarra B] aldea hemezortzi puntukoa bada ere, konfiantzarik ez du nahi: «Edozein akats egitea nahikoa da puntu pila galtzeko, eta lanean segitu behar dugu».
Olibanek eta taldekideek urrun samar ikusten dituzte ETE ligako lehen bi taldeak [Zumaia eta Hibaika]. Hain zuzen, aurreneko biak izango dira iraileko hirugarren asteburuan Euskotren ligara igotzeko kanporaketa jokatzen, eta zail ikusten du biak harrapatzea: «Matematika soilik aintzat hartzen bada, harrapa ditzakegu, baina zail ikusten dut. Biak ari dira oso ondo, eta, gainera, badute guk eduki ez dugun zerbait: erregulartasuna».
Behetik gora baitator Deusturen emakumezkoen taldea, eta goranzko bidera gerturatu baino lehen, ezin emaitza onik atera: «Ekainean osatu genuen udako taldea, eta orduan hasi ginen blokea lantzen. Horregatik goaz berandu prestakuntzan, baina bagatoz gorantz, aurreko larunbatean Portugaleten erakutsi genuen bezala».
Antepara eta taldekideak, berriz, ari dira erregularrak izaten, eta horregatik daude dauden lekuan sailkapenean: «Kanporaketa jokatu nahi duen taldeak ezinbestekoa du emaitza onak ateratzea estropada guztietan, eta horretan ari gara». Zarautz du aurretik Deustuk, eta zarauztarren maila onarekin ez dabil harrituta:«Uda baino lehen esaten ziguten traineru hori bazebilela, eta horixe ari da erakusten».
Uda aurreko garai horretan, Deustu jotzen zen arraun munduan KAE 1 ligako talde indartsuenetakotzat, eta Anteparak ez du ezkutatu taldearen helburua ere halakoxea dela: «Ez dizut esango liga nagusira igotzea denik, baina bai kanporaketan sartzea, eta behin hor gaudela, aukera izango dugu igotzeko».
Kontu jakina da iraileko hirugarren asteburuko estropada horretan burua duenak prestakuntza ere luzatu edota ondo doitu behar izaten duela, bi lehia garrantzistu horietara sasoiko heltzeko. Baina Antepararen ustez, ez da erraza horretan asmatzea: «Kontuan izan behar da ligan goian ibili beharra dagoela kanporaketan sartzeko, eta sasoi aldetik erdizka ezin zaitezke ibili udan, kanporaketa ez jokatzeko arriskua dagoelako. Irailekoa buruan izanda ere, orain ere topera ibili beharra dago».
Olibanek eta taldekideak egunetik egunera hobetzeko asmoz ari dira lanean: «Gure ligan talde asko gaude oso denbora gutxian, eta banderak garesti daude. Hasieran ere, gu ondo ez egonagatik, gertu samar ibili ginen garaipenetatik, eta horrek ere esan nahi du zerbait». Orain arteko emaitzetan, hala ere, bada bat buruko min dezentekoa ematen diena: «Bizkaiko txapelketa irabaztea polita izango zen, baina Lekeition Kaikuk aurrea hartu zigun, gure gabezia handiena itsasoan dagoelako, oraingoz».
Elkartea, gorantz pausoka
Aurreko asteazkenako akatsak zuzentzeko aukera izango dute gaur, Lekeition, ETE ligako estropadan: «Horretan ari gara, eta ea gai garen lan ona egiteko».
Antzeko ustean da Antepara ere gaurkoari begira [11:30ean hasiko da emakumeena, eta ondoren gizonezkoena, ETB1]: «Eremua ezaguna baino ezagunagoa dugu, askotan aritzen garelako lehian hor, eta beste borroka bat izango da, zaila, itsasoan ariko garelako. Ea ondo ateratzen zaigun».
Bi taldeen emaitzak edozein izanda ere, Deustuk bere bidean segiko du, urratsak eginez gorantz. Bat datoz horretan bi arraunlariak: «Elkartea goranzko bidean da, pausoz pauso joanez, eta ona da hori».
Arrauna
Tribua hiri bateko oihanean
Langintza zailean dabil Deustu Arraun Elkartea: Bilbon arrauna sustatzen. Lehian ariko dira gaur emakumeen eta gizonen traineruak, Lekeition, ETE eta KAE 1 ligetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu