Hirugarrenean bai! Hala dirudi. Uxue Bilbo Basket bi aldiz geratu da Europako final handi baten atarian: 2008an, Turinen (Italia), eta 2010ean, Gasteizen. Orain, esku-eskura du lorpen hori, Eurokopako finalerdietako joanekoan hamar punturen aldearekin menderatu zuelako Budivelnik Kiev Ukrainako hiriburuan. Gauzak diren bezala, Budivelnikek kontrako alde horri buelta ematea ia ezinezkotzat jotzen da, baina karanbola zailagoak ikusi dira kirol munduan, eta hobe egin gabe dagoena egintzat ez ematea. Uxue Budivelnik baino talde hobea da, baina igandean Manresan gertatu zena adibide ona da saskibaloian ardiz mozorrotuta dagoen edonor bilaka daitekeela otso horretarako aukera emanez gero.
Bizitzan arrakastara daramaten trenak oso noizbehinka pasatzen dira, eta horiek hartzea komeni da. Ahalegina egin, behintzat, bertara igotzeko. Eurokopako finalak ate asko ireki diezazkioke Bilbo Basketi. Euroligakoa, hasteko. Txapela lortzen badu, esatea sobera bere historia laburreko arrakasta potoloena litzatekeela. 40 minutu falta dira horretarako, eta ezin da huts egin. Ezin da Manresako jarrera traketsa errepikatu, zabarkeria garesti ordain daitekeelako. Serio kantxaratu behar dute jokalariek, eta, Raul Lopez joko antolatzaileak herenegun esan bezala, hamar punturen aldea dutela ahaztuz: «Bi, bost, bederatzi puntugatik gal dezakegula pentsatzen badugu, gaizki egingo dugu. Onena da kanporaketa berdinduta dagoela pentsatzea, irabazteko asmoz kantxaratzea, eta joanekoan gertatu zena ahaztu, erabat».
Fotis Katsikarisek antzeko hitzak izan zituen atzo: «Saskibaloian bakarrik pentsatu behar dugu, eta emozioak eta ilusioa bazter batean utzi. Partidan bakarrik izan behar dugu burua, eta partida ona egiten saiatu behar dugu, adi-adi, bizitasunarekin eta, batez ere, pazientziarekin, presarik gabe. Gero, gerokoak».
Bilbo Basketeko entrenatzaileak «funtsezkotzat» jo zuen lehia ondo hastea. «Hasieratik utzi behar dugu garbi egoera kontrolpean dugula. Ezin diegu pentsatzen utzi Budivelnikeko jokalariei kanporaketari buelta emateko aukeraren bat dutela. Zaleek ere zeresana izango dute. Beti izan dugu haien babesa, eta ziur naiz oraingoan ere hala izango dela».
Delaney, eta gero besteak
Kieven ikusitakoaren arabera, Budivelnikek jai du. Malcolm Delaneyk zer egin, horren baitan dago bere errendimendua. 38 puntu sartu zituen gaur astebete, eta bistan da Raul Lopez eta Nikos Zisisek haren zaintza lana hobetu beharko dutela. Haren jaurtiketa portzentaje txarragoak behartu, behintzat. Delaney bere burua saldu nahian dabil Europan, Kieven soldata ordaintzen ez diotelako, eta litekeena da Miribillan berekoi jokatzea, bere zenbaki onak bilatzea taldean sobera pentsatu gabe. Ona edo txarra izan liteke hori. Kieven argi geratu zen Delaneyk bakarrik ez duela Uxue gaindituko. Kontua da taldekideak Delaneyk eragin dezakeen dinamika on horretan ez sartzea.
Leo Lyons, Dainius Salenga eta Artur Drozdov, behintzat, joanekoan erakutsi zutena baino jokalari hobeak direlako. Hala diote Eurokopako zenbakiek. Haiengan zaintza ona egin zuten Alex Mumbru, Adrien Moerman, Milan Rakovic eta Lamont Hamiltonek, eta gaur antzekoa egitea funtsezkoa izan liteke. Gauzak normal, Delaney 20-25 puntu sartuko ditu, eraso jokaldi asko bukatzen dituelako. Gakoa, beraz, estatubatuarraren taldekideen zenbakiak apaltzea da. Haietako batzuk 10-15 puntuko langa gaindituz gero, arazoak izan ditzake Bilboko taldeak.
Uxue Bilbo Basketen bi jokalari garrantzitsu ez dira arituko. Roger Grimauk ia ezinezkoa izango du kantxaratzea, Madrilen hamar egun atzera belaunean jaso zuen kolpea espero baino lan handiagoa ematen ari baitzaio. Rakovicek ere ez zuen jokatu Manresan, bizkarreko minagatik, eta partida hasi aurretik zehaztuko da jokatzeko moduan dagoen edo ez. Uxuek 31 partida jokatu ditu etxean Europako lehiaketetan, eta 26 irabazi ditu. Galdutako bost horietan okerrena Nymburken aurkakoa izan zen 46-52, 2009-2010eko denboraldiko Eurokopako final-laurdenetan. Inoiz ez du galdu, beraz, hamar puntugatik etxean. Miribillan 10.000 lagun daudela, zaila da tamaina horretako kolpea hartzea.
BILBO BASKET-BUDIVELNIK
Lehiaketa. Eurokopako finalerdietako itzuliko partida.
Uxue Bilbo Basket. Raul Lopez, Zisis, Pilepic, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Moerman, Hervelle, Hamilton, Rakovic, Samb eta Sergio Sanchez.
Budivelnik Kiev. Lyons, Herasimtxuk, Tsintsadze, Kuksiks, Drozdov, Iegorov, Gorbenmo, Anisimov, Anikiienko, Salenga, Delaney eta Krivtsov
Lekua. Bilbo Arena (9.650 ikusle).
Ordua. 20:00 (ETB1).
Trenak hartu behar dira
Uxue Bilbo Basketek hamar punturen alde ona du, baina ezusteak saiheste aldera hobe du gaur errenta hori ez balu bezala jokatzeaZalantzan dago Rakovic eta Grimau ariko diren; finala amets, Miribilla lepo beteko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu