Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: 3. etaparen kronika

Tratua eginda zeukan

Goizean abisatu bezala, Joaquim Rodriguezek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa, Zumarragan, eta Sergio Luis Henao jarri da lider

Tratua eginda zeukan.
unai zubeldia
Gasteiz
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Gaurkoa nik irabaziko dut, Arratekoa Nairorentzat da egokiagoa, eta ostiralekoa, berriz ere, niretzat». Nairo Quintanarekin (Movistar) hitz egin beharrik gabe, Joaquim Rodriguezek (Katuxa) bere buruarekin egin zuen tratua atzo goizean, Gasteizko irteeran. «Bai, bai, ondo nago». Sailkapen nagusirako lehian sar daitekeen galdetuta, «ikusiko dugu» zalantzazkoa bota zuen txirrindulari katalanak, baina argi zeuzkan lehentasunak. «Etapa irabazi nahi dut Zumarragan. Ondo ezagutzen dut amaiera, eta asko gustatzen zait ingurua».

Esan eta egin. Amaiera zoragarrian, esperientziaren bidetik hartu zuen mendean Sergio Luis Henao kolonbiarra (Sky), Euskal Herriko Itzuliko lider berria. Hark jo zuen eraso zitala Antioko bigarren igoeran, Beñat Intxaustik (Movistar) erritmoa bizitu berritan, eta Rodriguez eta Quintana bera soilik izan ziren gai Skykoaren erritmo aldaketari erantzuteko. Beherakoan, bihurgune batean, «nahita» zabaletik sartu, esprinterako kokapena hobetu, eta Katuxakoak ondo irabazi zuen etapa.

Antion gorriak ikusita, zazpi segundora helmugaratu ziren Michal Kwiatkowski (Etixx), Rafal Majka (Tinkoff), Michele Scarponi (Astana) eta Samuel Sanchez (BMC), eta atzerapen horrekin geratu dira laurak sailkapen nagusian. Hamar segundora daude, berriz, besteak beste, Simon Yates (Orica), Simon Spilak, Dani Moreno (Katuxa), Tejay Van Garderen (BMC), Ion Izagirre (Movistar), Mikel Landa (Astana) eta Bauke Mollema (Trek).

Rodriguezen errealitateari Caja Ruralena gehituta, nahi izatea gauza bat da, eta ahal izatea beste bat. Baina, Katuxaren antzera, Caja Rural ere esandako guztia betetzen ari da. Omar Frailek ihes egin zuen lehen etapan; Amets Txurruka ibili zen egurrean Bilbotik Gasteizera bidean, bigarren etapan; eta Fraile bera joan zen ihesean atzo ere, Hugh Carthy taldekide ingelesa, Lieuwe Westra (Astana) eta Sander Armee (Lotto) iheskide hartuta. World Tourreko taldeen ondoan, gonbidapenari zukua ateratzen ari da Eugenio Goikoetxeak zuzentzen duen taldea.

Westraren baimenarekin, Frailek ez bada Txurrukak nahikoa eskura daukatelako mendiko maillota. Eta Fraile bera jarri da buruan tarteko helmugetako sailkapenean ere. Bezperan, Sebastien Reichenbachek (IAM) nahikoa lan eman zion Txurrukari mendiko puntuak pilatzeko borrokan, baina Frailek atzo gozo-gozo eskuratu zituen gehienak. Hirugarren kilometrorako ihesean zebilen laukotea, eta santurtziarrak Azazetan argi ikusi zuen mendateetan inork ez ziola aurre egingo. Azazeta, Iturrieta, Urbasa, Urkillaga eta Gabiria. Mendiko maillota jantzita amaitu zuen etapa Frailek.

Movistar, Katuxa, Trek...

Etapa hastearekin batera ihes egin bai, baina, Movistarren kontrol lanarekin, aldea ez zen igo sei minutuko langatik. Behin Urbasa igarota, gainera, hiru-lau minutura murriztu zen ihesaldiaren aldea. Gogorregia eta urduriegia zen amaiera aurretik berriketan ibiltzeko. Movistarreko txirrindulariek beldurrik gabe aitortu zuten irteeran «etapa gogortzea» zela helburua, eta bikain egin zuten lan hori. Hori bai, Ormaiztegira iritsi aurretik Katuxa eta Trek ere agertu ziren tropel buruan. Intentzioaren seinale.

Tentsio handia nabari zen tropelean, eta biribilguneetako batean hankaz gora joan zen Andrew Talansky (Cannondale). Kolpe handia hartu zuen besaburuan, eta sailkapen nagusiko lehiatik kanpo geratu zen estatubatuarra. Westra lasterketa buruan, eta Tinkoff-Saxo aginte makila hartuta. Horrela iritsi zen tropela Antioko lehen igoerara, luze-luze eginda. Jendetzaren erdian, oso larri ibili ziren asko, hanka lurrera botata.

Uste baino min handiagoa egin zuen Antioko lehen igoerak, eta hamabost txirrindulariko taldetxo bat geratu zen aurrean, besteren artean Quintana, Rodriguez, Majka eta Kwiatkowski tartean zirela. Hori bai, Legazpira bidean atzeko taldetxoak bat egin zuen aurrekoarekin. Katuxa lehenengo, Movistar gero... Azken kilometro horietan lehia handia izan zen tropel buruan, eta, espero ez zen bidetik, Henaoren erasoarekin, baina ikusgarria izan zen Antiorako azken igoera. Ikusi egin beharko da liderrak norainoko indarra daukan.

Atzoko berotuaren ondoren, Euskal Herriko Itzuliko etaparik klasikoena jokatuko da gaur, Zumarragan hasi eta Arraten amaituko dena. 162 kilometro dauzka etapak, eta Asentzio (2), Karabieta (2), Izua (1), Gontzagaigana (3), Urregarai (3) eta Pinares (2) igo beharko dituzte Usartzako lehen mailako azken igoerari heldu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.