Tratu bera jaso nahi dute

Saskibaloia eta futbola berriz hasi ostean, Laura Urra karatekak ez du ulertzen zergatik ez diren hasten berea bezalako kirolak. Kontaktuari «errespetua» dio, baina ez «beldurra».

Laura Urra, eskuinean, entrenamenduetako batean. LAURA URRA.
ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiaren fase honetan, kirolari batzuk argia ikusten hasi dira. Batzuek lehiari berrekin diote, eta beste batzuek gertu dute itzulera. Badira, ordea, hori oso urruti duten kirolariak. Esaterako, karatean. Halaxe azaldu du Laura Urra Berriozar taldeko karatekak. «Federaziokoek ez digute abisurik eman, eta etxean entrenatzen segitzen dugu. Eskerrak herrira, Irañetara etorri nintzela konfinamendua pasatzera, eta, horri esker, ondo moldatzen naiz. Ganbaran gimnasio moduko bat dut, zaku batekin eta korrika egiteko zinta batekin». Hor entrenatzen da, Iosune ahizparekin. «Hark ere karatea egiten du. Ni baino gazteagoa izan arren, gutxienez aukera dugu elkarren aurka indarrak neurtzeko, eta asko gozatu dugu. Batera bizi garenez, lasai eta arriskurik gabe egin ahal izan dugu». Gainera, herri txikia izanda, mugak lehenago kendu zizkieten. «Mendira joateko aukera izan dut azken asteetan, eta izugarri gozatu dut».

Ondo moldatu arren, «zentzugabea» iruditzen zaio futbola edo saskibaloia hastea, eta beraiena bezalako kirolak ez. «Argi dago futbolak eta saskibaloiak diru asko mugitzen dutela, eta interes asko dituztela atzean. Egunerokoan ikusmin guztia bereganatzen dute, eta, hainbeste zabalkunde ez duen kirol bateko kide moduan, amorru eta pena pixka bat ematen dit horrek. Egoera honetan, amorru edo pena hori areagotu egiten da, kirol horietan ere kontaktua baitago, eta, zenbaitetan, gurean baino gehiago. Talde kirola izanda, pertsona gehiagoren artean dago kontaktua, eta, beraz, birusa kutsatzeko arrisku handiagoa egon daiteke».

Uste du gutxienez abuztu arte ez direla normal entrenatzen hasiko. «Uda pasatu arte ez dugu lehiaketarik izango, eta uste dut aste batzuk gehiago itxaron beharko dugula entrenatzen hasteko».

Errugbiak eta halako kirolek, adibidez, mahai gainean jarri dute arauak aldatzeko aukera, batez ere kontaktu handiena eskatzen duten jokaldietan. Karatean hori egitea zail ikusten du Urrak. «Gure kirolaren funtsa kontaktua da, eta, hori kenduz gero, esentzia galduko luke. Orain arte bezala segitu beharko luke; bestela, ez litzateke karatea izango». Harago doa. «Ni lehiatzera irteten naizenean, dena ematera irteten naiz, eta jartzen dizkidaten mugengatik ezin badut, ez nintzateke eroso sentituko». Uste du, gainera, karateken artean oso zabaldua dagoela sentipen hori. «Errespetuz irtengo naiz lehiatzera, baina beldurrik gabe».

Helbururik gabe, hobe

Nabarmendu du, gainera, kutsatzeko arriskua lehiatzeko momentuan baino gehiago aurretik ikusten duela. «Batez ere txapelketetan izaten diren entrenatzeko guneetan. Lehiakide asko elkartzen gara bertan, eta, beharbada, gauzak aldatu egin beharko dituzte gune horietan». Beste traba da eremu itxian jokatzen direla txapelketak. «Aire librean egiten diren kirolentzat, errazagoa izaten ari da berriz hastea. Baina eremu itxietan arriskua handiagoa da, eta segurtasun eta osasun neurriak betetzea, zailagoa». Nahiago du, hala ere, horretan ez pentsatu oraingoz. Ezta erronka posibleetan ere. «Helburu handiak jarri ditudanean, gauzak ez zaizkit ondo atera. Neure burua gehiago estutu izan dut horregatik». Azken Espainiako Txapelketak jarri ditu adibide. Aurrena 21 urtez azpikoekin lehiatu zen, eta gero seniorrekin. «21 urtez azpikoekin, helburua txapeldun izatea zen, eta, ahal bazen, Europako Txapelketara joateko lehian ibiltzea. Lehen aldia zen halako helburu batekin nindoala, eta azkenean ez nintzen ezta dominak lortzeko lehian ere ibili. Bost urte ziren dominarekin gabe geratzen ez nintzela». Seniorretan, berriz, txapeldunorde izan zen. «Asmo eta presio handirik gabe joan nintzen, oso aurkari onak baitzeuden. Kasu askotan, nazioartean asko lehiatzen direnak, eta Olinpiar Jokoetan egoteko aukera dutenak. Baina ezustea eman nuen. Nik eta nire ingurukoek ez genuen halakorik espero».

Oraingoz, proba gutxi jokatu ditu nazioartean, eta nahiko luke, Espainiako txapeldunorde izanda, atzerrian lehiatzeko aukera gehiago izatea. «Baina hor arazoa dirua da. Izan ere, egiteko, karatea ez da kirol garestia. Baina nazioartean lehiatzeko dirua izan behar duzu, eta proba horietan lekua lortzea ez da erraza».

Dena den, gauzak patxadaz hartu nahi ditu. «Niretzat karatea ez da hil edo biziko zerbait. Soin heziketa ikasten ari naiz, eta nire etorkizuna hor egongo da». Karateak eman diona nabarmendu du. «Karateari esker, neure burua gehiago ezagutzen eta kontrolatzen ikasi dut, eta lagundu dit baita nire konfort gunetik irteten ere.Horrek kirolari moduan hazten lagundu dit, baina batez ere pertsona gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.