Trapu zaharrak, arazo berriak

Baskoniak asteko gorabeherak baztertu behar ditu gaur, etxean Unicajaren aurkako liga partida irabazteko

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Unicajaren aurkako partida dago gaur, baina ez dirudi hala denik. Asteazkenean Lyetuvos Rytasen aurka galtzeak min handia egin dio Baskoniari, eta orain arte ezkutuan zeuden hainbat trapu zaharrek argia ikusi dute. Jakina da trapu zaharrak etxean garbitzea dela onena, eta azaleratu badira, taldearen egunerokoa aztoratzen luze daramatela seinale.

Ivanovici egin dio erreferentzia giro txarrak. Zaila da entrenatzailearengan sentimendu bat edo beste sumatzea, baina asteazkenean etsita mintzatu zen oso, kontrakoa saltzen saiatu bazen ere. Konfiantza edukitzeko benetako unea zela esan zuen, taldea gaizki zegoelako, baina jokalariek berarekin federik ba ote duten ez zekiela esan zuen. Esan, edo ihes egin, eta horrek erakusten du aginte-makila galdu duela. Musli eta Bjelica bere apustuek ez dute funtzionatzen, Logan ere berekoiari da, eta Baracek ez du berarengandik espero zen jarraikortasunik lortu. Bere gustukoa, edo berak hain gustuko dituen baloreak ez dituen jokalari multzoa du Ivanovicek, eta ezinean ari da.

Kontrako bidean doaz Kerejeta presidentearen esanak. Ivanovicen lanpostua ez omen dago jokoan, baina emaitzek kontrakoa erakusten dute. Aspaldiko talde txarrena baita gaur egungo Baskonia. 31 partida jokatu ditu denboraldi honetan, eta 14 galdu. Erdia ia. Asko, talde txapeldun batentzat. Okerragoa da azken 10 partiden datua, horietatik zazpi galdu baititu. 2002-2003az, behin bakarrik pilatu du porrot gehiago Baskoniak: 16 partida galdu zituen 2005-2006 sasoian.

Emaitza txarrak eta Ivanovicen inguruko susmoak nahiko ez, eta publiko egin da taldeko jokalari biren arteko liskarra Twitter sarean. Bistan da, David Logan izan zen Ivanovicek asteazkenean zigortu zuen jokalarietako bat, bost minutu bakarrik jokatu zituelako. Eskoltak esaldi hau jarri zuen sarean, partida bukatu eta gutxira: «Pailazo hauek lehen hegazkina hartu eta etxera joateko gogoa pizten dizute». Bere kontua mugatua izan arren, mezua berehala zabaldu zen.

Baskoniako zale batzuek Logan kritikatu zuten, eta hark, «entrenatzailea ez bazara, isil zaitez», erantzun zuen. Pau Ribas sartu zen orduan sarean, eta «gutxiago idatzi, eta gehiago jokatu eta irabazi, hostia!» idatzi zuen. Sarean zeudenak hitz horiek Logani esan ote zizkion galdetu zioten, eta hark ezetz, bere buruari esan zizkiola. Loganek ere ukatu egin du taldekideei pailazo deitu dienik.

Trapu zahar horiek ez dira ohikoak Baskonian, eta zaleen artean zein erreakzio eragingo duten ikusteko dago Okerrena, gaur Unicaja datorrela, Gerald Fitch eskolta fitxatu berriarekin, eta Malagakoek ur nahasietan arrantza oparoa lortzeko aukera dutela.

BASKONIA-UNICAJA

Caja Laboral Baskonia. Ribas, Garcia, Huertas, Logan, Oleson, Bjelica, S. Emeterio, Teletovic, Sow, Batista eta Barac.

Unicaja Malaga. Rodriguez, Freire, Blackney, McIntyre, Fitch, Blanco, Tripkovic, Jimenez, Printezis, Rubio eta Freeland,.

Sailkapena. Baskonia 4. (11-7); Unicaja 10. (9-9).

Ordua. 18:00 (Teledeporte).

Tokia. Buesa Ar. (9.800 ik.).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.