Zarauzko Ikurrinaren eta Kontxako Banderaren tartean, estropada bihurria jokatuko dute Eusko Label ligako traineruek. Azken urteetan faboritoek ez dute lortu Ondarroako badian gailentzea, eta ustekabean nagusitu dira hainbat traineru. 2020an eta 2021ean Zierbenak irabazi zuen, sailkapen nagusian bi urte horietan bosgarren izan zen ontzia. 2022an etxeko traineruak irabazi zuen lehen txandatik, Ondarroako herriaren zoramenerako. Eta aurreko urtean Orio nagusitu zen, bigarren txandatik denboraldiko lehen bandera eskuratzeko. Eguraldi gorabeherek erabakitzen dute batzuetan Ondarroako bandera, eta gaurkoa ere horrela erabaki daiteke.
Joritz Etxeberria (Donostia, 1988), San Nikolas traineruan ababorreko aldean joan ohi den arraunlariak, ongi gogoratzen du iazko urteko garaipena, baina talde desberdina direla onartu du. «Gure traineruko blokea berria da, eta ibaiko estropadetan erosoago sentitu gara orain arte itsasokoetan baino. Aldaketak nabaritu egiten dira, eta, itsasoa bizi dagoenean, Ondarroan egon daitekeen bezala, gehiago kostatzen zaigu».
Izan ere, eguraldi aurreikuspenek estropada baldintzatu dezaketela berresten dute. «Metro bateko olatuak daude emanda, bai eta haize ufadak ere. Olatu asko ez dago, baina batez ere haizeak narrastu dezake estropada. Haizeak goraka zer ordutan egiten duen garrantzitsua izango da ustekabeei begira, aurreko urtean bezala. Badaezpada txanda irabazi beharra dago, gero ustekabeak iristen badira». Hala ere nabarmendu du, lana «ondo» egiten badute, txanda «menderatzeko gai» izan behar dutela.
«Larunbatean Getariak aurrea hartu zigun, baina igandean lan ona egin genuen, eta itxura ona emanez irabazi genuen. Hori lortu nahiko dugu Ondarroan eta Getarian, txanda menderatzea»
JORITZ ETXEBERRIA Orioko arraunlaria
Ohorezko txandan aritu zen Orio denboraldi hasiera, baina pixkanaka eroriz joan da beste taldeen gorakadarekin. Etxeberriak horrelaxe aitortu du: «Guk behera baino, uste dut beste traineruak egin dutela gora. Donostiarrak eta Hondarribiak garai honetan ematen dute jauzia, eta Zarauzko estropadan ikusi egin zen».
Beherakada eman ez dutela iruditzen zaion arren, eta erakutsitako maila ona den arren, hainbat gauza hobetu behar dituztela dio Etxeberriak. «Gustura gaude. Pasatzen zaiguna da bi luze oso on egiten ditugula eta ondoren erori egiten garela. Egoera txartzen denean, edo nahastu egiten garenean, denbora dezente galtzen dugu».
Talde askori kostatu zaie ohorezkotik bigarrenera jaisten direnean arazoak izatea, eta txanda horretan dagoen maila nabarmendu du Etxeberriak. «Donostiarra eta Hondarribia txanda honetan aritu direnean ere ikusi da kosta egiten dela gainerako traineruekin tarte handiak sartzea. Larunbatean Getariak aurrea hartu zigun, baina igandean lan ona egin genuen, eta itxura ona emanez irabazi genuen. Hori lortu nahiko dugu Ondarroan eta Getarian, txanda menderatzea».
Konstantziaren bila
Txanda menderatzeko, ligaren lehen erdialdean erakutsi zuen jarraitutasuna azaleratu beharko du Oriok. «Igandean lortu genuen konstantzia hori, larunbatean ez bezala. Bigarren luzea oso gaizki egin genuen, eta Getariak hamabost segundoren tartea ireki zuen. Laugarren luzea, berriz, estropada osoko onena egin genuen. Berriro iraunkorrak izaten lortu behar dugu».
Hori lortuz gero, igandean berriro onenen artean aritzeko aukera izango dutela adierazi du Etxeberriak. «Txanda menderatzen badugu, ohorezkoan sartzeko aukera egon daiteke, lauretako batek gure denbora hobetzen ez badu. Urte osoan lortu dugu tarteka gerra ematea goiko traineruei, eta hori izango da gure helburua».
Alabaina, lehia ez da faltako bigarren txandan, Etxeberriak aitzakiarik jarri ez duen arren. «Isuntza, Getaria eta Ondarroa bikain aritzen dira itsasoan, eta edozein egunetan parean edo aurretik dituzu. Baina estropada ona egiten badugu, haien aurretik beharko genuke».