Iker Zabala. Urdaibaiko entrenatzailea

«Trainerua ez da fin-fin joan uda osoan, orain asko ibili den arren»

Hirugarren aldiz irabazi zuen Zabalak herenegun Eusko Label liga entrenatzaile moduan. Beste bost dauzka arraunean lortuta. Irabazle petoa da, eta exijentzia handikoa: asko eskatzen dio bai bere buruari eta bai taldeari.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Perfekzioaren atzetik dabil beti Iker Zabala (Bermeo, Bizkaia, 1979). Jakinda ez dagoela halakorik. Baina pauso bakoitza hobekuntza da harentzat. Entrenatzaile lanetan hobetu nahi du, eta garbi dauka Urdaibain segituko duela, «goi mailako taldea badago». Telefonoz erantzun ditu BERRIAren galderak.

Zein da udako emaitzen zure balorazioa?

Bederatzikoa. Bikaina.

Hamarra ateratzeko zer falta izan zaizue?

Kirolean, hamarrekoa jotzea oso zaila da. Beti dago hutsuneren bat, akatsen bat... Uste dut Bermeok ahal duela beste puntutxo bat eman. Denboraldia laburra egin zaigu. Arraunlari oso onak izan ditut esku artean, baina banaka. Gero, taldea osatu egin behar da: elkar ezagutu, une txarretan bat egiteko... Teknikoki, azkeneko estropadetan ibili gara asko, baina fin-fin, inoiz ez.

Hortaz, ez da nahikoa arraunari oso onak batu, traineruan jarri eta uretara botatzea.

Jende askok esaten du Urdaibai Real Madril dela, eta fitxaketekin egiten dugula dena. Ikusi dugu beste talde batzuek ez dutela emaitzarik atera gure antzeko filosofiarekin. Horrek esan nahi du ez dela hain erraza. Taldea behar da, eta hori izan da gakoa. Hasieratik jarri genuen helburu bat eta lan egiteko era bat. Apurka-apurka asmatuz joan gara, eta dena jarri zaigu era-eran.

Zuk zeuk esan zenuen ez zinetela hain faboritoak.

Klubaren kanpotik zarata asko egon da. Gu ginela oso faboritoak eta abar. Aurkari batek esan zuen ez zeukala zer eginik gure kontra, baina gero ez da horrela izan. Arraunlariek lan izugarria egin dute. Oso denbora gutxian gauza asko lortu ditugu.

Adibidez?

Lan egiteko era bat. Azkenekourteetan, Bermeoko arraunlariak oso anarkikoak izan dira arraun egiteko eran eta entrenamenduetan. Orain, nahiko finkatuta dagohori dena. Emaitzek arrazoi eman digute.

Baina ligako laugarren jardunalditik 11.era arte ez zenuten alerik irabazi.

Ikusi dugu negu osoan oso lan ona egin genuela, baina ligako lehen egunean, bosgarren izan ginen, ezustean. Zaplazteko handia izan zen, baina oso garbi eduki nuen egun bateko kontua zela. Bukaera arte eutsi behar genion geureari, eta gero ikusi da taldeak beste maila bat eman duela. Asteak pasatu ahala, hobetuz joan gara.

Mugarria Hondarribian izan zen, han busti zenutelako lehortea, eta batez ere, hurrengo egunean, Getarian, Hondarribiaren akatsarekin. Liga Hondarribiak galdu du?

Egia esan behar dugu Bermeotik: Hondarribiak ziaboga hartan ez balu kale egin, liga haiena izango zen ziurrenik. Baina kirolean eta bizitzan, gertatzen dira horrelakoak, eta, liga bat irabazteko, erregularrena izan behar da, eta ahalik eta akats gutxien egin. Hondarribiak hanka sartze handia egin zuen, eta guk irabazi. Iraultza egon zen ligan, eta, ordutik, sekulako lehia polita izan dugu bion artean. Indartsu heldu gara azkenera, eta hor egin da azkeneko aldea.

Taldea aztoratu egin zenliga hasieran?

Ez. Geure lekuan egon gara. Beste urte batzuetan ikusi dut ez daukala zentzurik urduri jartzeak.

Hondarribiari hitz politak esan zenizkion igandean. Lehia badago, baina leundu egin da?

Uretan guk irabazi nahi dugu, eta haiek ere bai. Egon dira urte batzuk tentsio handiagokoak, baina ezin gara bizitza guztian horrelako tentsioarekin ibili. Gauza batzuk gertatu ziren, baina ahaztu egin behar dira. Har dezagun gogoan bi taldeen maila handia. Batek edo besteak irabaz dezakegu, eta estropada nahiko garbiak ikusi ditugu uretan azken urteetan. Sekulako aurkaria da, baina hoberenak gu izan gara aurten.

Zer izan da herrira itzultzea?

Erronka indartsua eta gogorra. Urtea luzea eta gogorra egin zait. Gauzak oso ondo atera dira, baina hemen ez dago lo hartzerik. Denboraldia amaitu da, baina dagoeneko ari gara datorrenera begira.

Hurrengo lana taldeari eustea da, ezta?

Bai. Erakutsi du dena irabaz dezakeela, eta klubak eta nik sinetsi egin behar dugu talde honetan. Bakoitzak izango ditu bere interesak datorren sasoiari begira. Ikusi behar dugu nor geratzen den eta nor ez. Horren ondoren hartu beharko dira ondorengo erabakiak.

Emaitza oso onak lortuta, errazagoa da taldeari eustea?

Jakina. Baina taldea beteranoa bada, eta emaitza onak baditu, emaitza onak lortzea izaten da arrazoi bat arrauna uzteko. Nik neuk 2016an laga nuen, dena irabazi nuelako.

TKEko batzarrak erabaki zuen larunbatean ezin direla erabili material eta produktu teknologikoak nabigazioan laguntzeko. Zer iritzi duzu?

Hasieratik esan dut iaz eta aurten pegatina hori legearen barruan erabili dela. Araudia garbi dago. Baina klubek erabaki badute ez dela legezkoa, hemendik aurrera ez dugu erabiliko. Arraunerako ez da ona. Esparru batzuetan aurrera goaz, baina ligan gero eta atzerago goaz, eta ez dut esaten gai honegatik bakarrik.

Zer dago gehiago?

Epaileen maila oso eskasa izan da aurten. Kirolariak gero eta gehiago prestatzen dira, gero eta denbora gehiago eskaintzen diote. Ligak aztertu beharko ditu neguan gauza horiek guztiak; luzea da urtaro hori, baina ez daukat itxaropenik ezer aldatuko denik, onerako ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.