Tradizioa gaurkotu nahian

Ainhoa Iñigez matematikari eta arraunlariak biomekanikaren bidez aztertzen du traineruek uretan duten eraginkortasuna. «Landu beharreko esparrua» dela dio.

Ainhoa Iñigez Arraun Lagunak taldeko arraunlaria, atzo, Donostiako kaiko arranplan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2017ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Ezinezkoa zirudiena ohiko bilakatu da arraunean: nork esan behar zuen duela hamarkada gutxi batzuk arraunlari on askoak ariko zirela arraunean nahiz eta garaiera txikikoak izan? «Arraunlariak handia eta indartsua izan behar du ezinbestean». Baieztapen hori alda zitekeenik ere, sinesten lanak garai batean. Baina, orain, arraunlari txikien lana handiena bezain eraginkorra da.

Adibide bat baino ez da arraunaren bilakaera azaltzeko, eta Ainhoa Iñigez (Donostia, 1985) matematikariak eta arraunlari ohiak erabiltzen du. Landua baitauka arraunlariak nola izan behar duen eraginkor traineruan, zenbat indar egiten duen, zenbat egin lezakeen, indar horretatik zenbat den baliagarri... «Biomekanikaren bidez izan dut hori dena ikertu eta aztertzeko aukera».

15 urterekin hasi zen arraunean Arraun Lagunak taldean, eta bere zaletasunari ikerketaren arloa gehitzeko aukera bilatu zuen; bai eta lortu ere. Ingalaterran zela ikasketak tarteko, Zeelanda Berrira joateko aukera izan zuen, Auckland hiriburura, eta hango 23 urtez azpiko selekzioarekin lanean ari zela, biomekanikan erabiltzen den neurgailu sistemaren egileekin jarri zen harremanetan; Cambridgen zeuden hauek, Ingalaterran, eta, harreman horren bidez, enpresan hasi zen lanean. Gehiago ikasteko eta sakontzeko aukera aparta izan zuen, nazioarteko lehiaketetara joanez eta selekzio batzuetako entrenatzaileekin harremanetan jarriz. Espainiako selekzioaren aholkulari da egun, eta, tartean, traineruetako entrenatzaile batzuei ere lagundu izan die.

Ondo ezagutzen du trainerua barru-barrutik, eta arrauna ere bai, jakina: arraunak, materiala, arraunlaria tostan esertzeko leku zehatza, anguloak eta abar. «Badago zer egina arlo horretan hemen», esan du. Pixkana aurreratzen ari dela dio: «Prestakuntzako esparru batzuetan profesionalizaziora jo da, baina biomekanikaren kasuan, ez oraindik. Baina etorriko da hori ere».

Muga zehatza dagoela dio horretarako: «Tradizioa dago parez pare. Adibidez, guk badakigu eta entrenatzaileek ere onartzen dute arrauna dela aldatu beharreko tresna gurean. Baina tradizioaren eraginez egindako arauek diote simetrikoa izan behar duela palak, eta horrek zaildu egiten du pala kolpe bakoitzean atera daitekeen etekin guztia ateratzea; aldiz, aulki mugikorreko arraunekin lor daiteke». Tradizioarekin segituz, traineruen pisuari eta neurriari heldu dio: «Garbi dago traineruak arinagoak balira azkarrago ibiliko liratekeela, baina arauak neurriak ezartzen ditu, eta horren barruan egin behar da biomekanikako lana». Arauak aldatzeko, «denak ados» egotea ezinbestekoa dela dio.

Etenik gabeko ikerketa da bere jarduna, eta amaierarik gabea: «Beti dago zer ikasi, eta arraunean ere ez dago dena asmatua, horrela ematen duen arren. Denok jakingo bagenu trainerua zergatik joaten den azkar uretan...». Azken batean, biomekanikak teknikan ezartzen du langaia, eta horren inguruan, garbi du: «Esaten da arrauna indarra dela, baina ez da horrela. Teknika da funtsezkoena. Oso teknikoa da, ez da egun batetik bestera menderatzen».

Emakumeen jardunari ere erreparatu dio, jakina, eta garbi dauka trainerua ez dela egokia: «Gauza batzuk aldatu eta gero lortu da emakumezkoen lanari etekina ateratzea, neurri batzuk eta mugituz. Baina, lehen, hori ere ez. Baina nola lortu eraginkortasuna? Trainerua aldatuta? Hala eginda, estropadak lirateke?», galdetu du. Tradizioa eta modernotasuna, parez pare.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.