Tradizioa eta oreka apurtuko ditu

Larunbatean hasi eta uztailaren 21era arte jokatuko da Frantziako Tourraren 111. aldia. Ezohiko ibilbidea eta izarrez jositako tropela izango du. Pogacarrek eta Vingegaardek lasterketa hirugarrenez irabazi nahi dute. Sei euskal herritar lehiatuko dira.

Jonas Vingegaard (Visma) eta Tadej Pogacar (UAE), elkar agurtzen iazko Frantziako Tourrean. CHRISTOPHE PETIT / EFE
Jonas Vingegaard (Visma) eta Tadej Pogacar (UAE), elkar agurtzen iazko Frantziako Tourrean. CHRISTOPHE PETIT / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko ekainaren 27a
05:10
Entzun

Apurtzailea izango da aurtengo Frantziako Tourra. Alde batetik, berritasunez beteriko ibilbidea izango du. Aurrenekoz hasiko da Italian, Alpeetara oso goiz iritsiko da, eta gravel diziplinari keinu egingo dio. Hori gutxi ez, eta erlojupeko batekin amaituko da; ez Parisen, Nizan baizik. Tourreko azken etapa Frantziako hiriburutik kanpo jokatuko den lehen aldia izango da. Olinpiar Jokoek eragin dute aldaketa. Eta tradizioaz landa, beste zerbait ere puskatuko du aurtengo Tourrak: Tadej Pogacar (UAE) eta Jonas Vingegaarden (Visma) arteko oreka. Bina garaipen lortu dituzte azken lau urteetan, eta ezusterik eta ezbeharrik ezean, bietako batek jantziko du maillot horia Nizako podiumean. Ondo babestuta egongo dira, gainontzeko liderrak bezala; zortziko ikusgarriak osatu dituzte talderik onenek. Buruz buruko lehiak ez ezik, borroka estrategikoak ere zeresan handia emango du.

Sei euskal herritar izango dira lehian, eta erronka handi bat edukiko dute: iaz bezain distiratsu aritzea. Etxetik abiatu ziren iaz, baina aurten, Tourrak ez du Euskal Herria ukitu ere egingo. Italian hasiko da, Ottavio Bottecchiaren garaipenetik ehun urtera —italiarren lehen Tourra izan zen—. Menditsuak izango dira lehen bi etapak, eta Frantziara Alpeetatik sartuko dira, laugarren saioan. Azken astean itzuliko dira mendikate horretara. Lehenago, Pirinioetan eta Erdiguneko Mendialdean barna ibiliko dira. Zazpi etapa menditsu jokatuko dituzte, eta bost bukaera egongo dira mendate batean. Faboritoek oso erne ibili beharko dute lehen atseden egunaren aurretik, 32 kilometro egingo baitituzte asfaltorik gabeko bideetan. Bakarka, berriz, 59 kilometroko jarduna izango dute, bi saiotan banatuta. Bata laua izango da, aurreneko astean; azken egunekoa, berriz, menditsuagoa da.

Jokaleku horretan borroka epikoa izan dezakete Pogacarrek eta Vingegaardek. Azken bi Tourretan danimarkarra izan da onena, dezenteko aldez gainera. Bere legea ezarri du mendate luze eta garaietan, baita erlojupekoetan ere. Bi faboritoak euren mailarik onenean egonik, Vingegaardek aukera gehiago izango luke irabazteko. Ordea, dena aldatu du Euskal Herriko Itzulian izan zuen eroriko larriak. Garaiz osatu da Tourrerako, baina ezin izan du behar bezala prestatu. Gauza bera gertatu zitzaion iaz Pogacarri, Lieja-Bastogne-Liejan erori eta eskumuturra hautsi ostean. Aurten, ordea, dena da arrosa kolorekoa esloveniarrarentzat. Hain justu, arrosaz jantzita igaro zuen Giroa. Nagusitasun osoz gailendu zen, eta orain, arrastoa utzi nahi du Frantzian ere. Azken 25 urteetan inor ez da gai izan bi lasterketa horiek urte berean irabazteko. Marco Pantani izan zen azkena.

Pogacarri mesede egiten dio lehen asteko gogortasunak. Ustez, Vingegaard baino indartsuago iritsiko da, beraz, etekina atera beharko lieke hasierako etapa menditsuei. Horrez gain, sekulako taldea izango du. Lider izaera dute Adam Yatesek, Joao Almeidak eta Juan Ayusok, baina uztarriari lotuta izango dira Tourrean. Dena den, ez dirudi langile soilak izango direnik. Esaterako, Yates podiumera igo zen iaz. Hots, probestu egin nahiko dituzte bakarka distira egiteko edukiko dituzten aukerak. Pogacarrentzat ona da horren aliatu indartsuak izatea, betiere talde barruko botere harremanak ondo zehaztuta badaude. Visma taldean, ordea, ez dago halako arazorik, Vingegaard baita buruzagi bakarra. Matteo Jorgenson sasoi itzela ari da osatzen, baina ez dirudi Tourra lehiatzeko moduan dagoenik, oraingoz bederen. Vingegaarden ezkutari onenetako bat izango da, Wout van Aertekin batera. Sepp Kussek, ordea, koronabirusa izan du, eta ez dago prest. 

Roglicen amets utopikoa

Buruz buruko lehian, arrakala handia dago Pogacarren eta Vingegaarden, eta gainontzeko hautagaien artean. Primoz Roglic (Bora) egon daiteke gertuen. Alde dauka eskarmentua, haren hamalaugarren itzuli handia izango baita. Alabaina, bi faborito handiak baino gutxiago da bai mendateetan, bai erlojuaren aurka, eta zoria kontra izaten du maiz. Maillot horia hatz puntekin ukitu zuen duela lau urte, eta eutsi egiten dio ametsari. Dauphine irabazita iritsiko da, eta babes handia emango diote Jai Hindleyk eta Aleksandr Vlasovek. Remco Evenepoelek (Soudal), berriz, Mikel Landa izango du aldamenean. Flandriarrak aurrenekoz jardungo du Tourrean, eta ziurrenik, sufritu egingo du mendaterik gogorrenetan. Landak sekulako igoerak osatu zituen Kataluniako Voltan, eta ikusteko dago zenbateko askatasuna duen.

Ineosen, berriz, Carlos Rodriguezek izango du aginte makila. Ez du beste lider batzuen osperik, baina asko ari da hazten urtetik urtera. Iazko Tourrean etapa bat irabazi zuen, eta bosgarren izan zen sailkapen nagusian. Beste urrats bat egin nahi du orain. Hark huts egitekotan, Ineosek bi alternatiba on dauzka: Egan Bernal eta Tom Pidcock. Bahrainen, berriz, Pello Bilbao da hautagairik sendoena. Seigarren izan zen iaz. Hamar segundo eskasera geratu zitzaion Rodriguezen bosgarren postua. Hori gutxi ez, eta etapa garaipen bat ere zakuratu zuen. Oso zaila da bi helburuak uztartzea, baina gernikarrak ez dio ezeri uko egiten. Ohorezko postuen lehian sartzen saiatuko da, Enric Mas (Movistar), Felix Gall (Decathlon), Simon Yates (Jayco) eta Richard Carapaz bezalaxe (Education First).

Marka, Cavendishen obsesioa

Etapen borrokari dagokionez, Jasper Philipsen (Alpecin) zaku bete garaipen lortzen saiatuko da berriz ere. Iaz lau erdietsi zituen, eta azkarren artean azkarrena izan nahi du berriro. Hori eragozten saiatuko da Arnaud De Lie (Lotto), berriki Belgikako Txapelketan egin bezala. Lehen itzuli handia izango du. Mads Pedersenek (Trek), berriz, garaipen bana lortu du azken bi Tourretan. Jarraipena eman nahi dio boladari. Van Aertek ere zeresana eman dezake esprintetan, beti ere lehia horretan sartzen bada. Mark Cavendishek (Astana), berriz, marka egin dezake. 34 garaipen lortu ditu, Eddy Mercxek adina. Berdinketa hautsi nahi du.

Ehiztarien artean, distiratsu aritu daitezke Mathieu van der Poel (Alpecin), Maxim Van Gils (Lotto) eta Derek Gee (Israel), besteak beste. Euskal herritarrak ere sen onekoak dira; Bilbao eta Ion Izagirre (Cofidis) irabazle izan ziren iaz, eta Alex Aranburu eta Oier Lazkano (Movistar) oso sasoiko iritsiko dira. Landak oraindik ez du etaparik Tourrean, eta aukera izan dezake aurten. Jonathan Castroviejo (Ineos), berriz, lanean ariko da buru belarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.