Basque Team fundazioak hiru berriemaile bidali ditu Tokioko Olinpiar Jokoetara. Horietako bi dira Helena Etxebarrieta eta Iñigo Asensio. Fundazioarentzat ez ezik, EITBrentzat ere egiten dute Olinpiar Jokoen jarraipena.
Azken egunera iritsita, nolakoak izan dira zuentzat Jokoak?
HELENA ETXEBARRIETA. Nahikonekagarriak. Uste genuen beste modu batekoa izango zela antolakuntza.
IÑIGO ASENSIO. Antolakuntza aldetik oso Joko traketsak izan dira.Garraio sistemek oro har nahiko gaizki funtzionatu dute. Prentsa eta garraio gune nagusiak elkarrekin ez egotea akats handia izan da. Gune batetik bestera joateko, gainera, ez da egon modu zuzen bat. Autobus batetik besterako itxaronaldiak kasu batzuetan ordubetekoak izan dira, eta, gainera, bero handiarekin. Bestalde, kirolguneek ez dute berdin funtzionatu. Gunearen arabera deskubritu behar izan dugu nola funtzionatzen zuten. Bestalde, zentzugabea da guneak hutsik egonda kazetari kopuruari mugak jartzea. Ezarri dituzten neurri batzuek ez dute ez hanka ez buru izan.
Nekagarriena hori izan da?
H. E. Bai. Oso Joko burokratikoak izan dira. Bai hona iritsi aurretik, baita hemen ere, agiri eta baldintza asko bete behar izan ditugu, eta, azkenean, ez dute ezertarako balio izan. Neurriak beste bide batetik joan dira, eta COVID-19aren aitzakian beste traba batzuk jarri dizkigute. Gu eskubiderik gabeko telebista moduan gaude akreditatuta, baina horrek dakartzan baldintzen barruan ere zailtasunak jarri dizkigute lan egiteko, nahiz eta kirolariak horretarako prest egon.
Horrek beste modu batera lan egitera behartu zaituzte?
I. A. Olinpiar Joko guztiak dira desberdinak, eta guztietan egiten da modu desberdinean lan. Baina kasu honetan ia eguneroegin behar izan dugu modu desberdinean lan. Eta horri gehitu kutsatzeko arriskua edo beldurra.
H. E. Hona eskaleta edo lan egiteko modu batekin etorri ginen, eta lehenbiziko egunetik jabetu ginen ez zuela ezertarako balio. Eta hori guztia gure lanen entrega orduekin koordinatu behar izan dugu.
Baina azkenerako lortu duzue egunez egun euskal kirolarien jardunaren berri ematea.
H. E. Bai. Lehen egunetan, gauzak pilatu zitzaizkigun. Aukeraketa bat egin genuen. Baina, egun erabakigarriak iritsi ahala, joan gara denera iristen.
I. A. Trabak traba, ustebaino leku gehiagotara iritsi gara.
Zein izan da unerik bereziena?
H.E. Beharbada, Maialenena [Chourraut]. Balentria handia egin du hirugarrenez jarraian Olinpiar Jokoetako podiumera igota.
Modu berezian bizi dituzue haien lorpenak eta probak?
I. A. Bai. Anderren [Elosegi] eta Maialenen finalen egunean, adibidez, urduritasun puntu bat sentitu nuen nik. 2011tik egin dut haien jarraipena, eta beste kirol batzuen kasuan ere hala gertatu zait. Ikusi dituzu sufritzen, gozatzen, irabazten... Eta kazetaritzatik harago doan harreman bat sortu da gure artean. Gertukotzat gauzkate, eta euskarazko hitz batzuk entzuten dituztenean aurpegia aldatzen zaie.
H. E. Azkeneko Olinpiar Jokoak urruti izan dira, eta kasu askotan gurekin egin dute terapia. Psikologo lanak egitea tokatu zaigu.
Gozatzen al da Jokoetan?
H. E. Nik, unean bertan, ez. Denborarekin gozatzen dut, konturatzen naizenean profesionalki zer kontatzeko aukera izan dudan.
I. A. Momentu gutxi batzuk daude gozatzeko. Baina oro har lan ordu askoko egunak dira, lo gutxi egitekoak,gaizki jatekoak... Supermerkatuko janari ontziratua jan behar izan dugu ia beti.
Zer iritzi duzue euskal kirolarien jardunaz?
I. A. Ni ez naiz oso exijentea emaitzekin. Izan ere, oso zaila da hona iristea, eta bideari ematen diot balio. Baina uste dut albiste onak ditugula. Maialenen eta Julenen [Aginagalde] dominak oso garrantzitsuak dira, haien ibilbidea zein handia izan den erakusten baitu. Bestalde, etorkizuneko hainbat gazte azaldu dira. Asier Martinezek handia egin du, Teresa Errandonea eta Odei Jainaga lehen aldiz izan dira Joko batzuetan... 30 kirolari izatea izugarria da gurea bezalako herri txiki batentzat.
Zer da Basque Teamentzat berriz ere Joko batzuetan egotea?
H. E. Ikasketa prozesu bat. Orain Paralinpiar Jokoetarako geratuko gara. Fundazioaren apustua da kirol egokituari ikusgaitasuna ematea. Gainera, nik, Jokoetan egotearekin batera, balioa emango nioke Riotik hona izan diren beste nazioarteko txapelketetara joateko egin dugun ahaleginari.
Tokio 2020. Helena Etxebarrieta eta Iñigo Asensio. Basque Teameko kazetariak
«Trabak izan arren, uste baino leku gehiagotara iritsi gara»
Fundazioarentzat eta EITBrentzat ari dira Jokoen berri ematen. Antolakuntza hobea espero zuten: «Horregatik, ia egunero moldatu behar izan dugu lan egiteko era».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu