Arrauna Euskotren liga

Traba izan nahi dute gainerako taldeentzat

Bilbon hirugarren tokia lortuta, eta Sestaon laugarren izanda, orain arteko astebururik onena egin du Hondarribiak. Emaitza onak pilatzen jarraitzeko indarra eman die horrek.

Hondarribiako eskifaia Bilboko erlojupekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hondarribiako eskifaia Bilboko erlojupekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
pettan uralde
2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Euskotren ligan jokatu diren sei estropadak Arraun Lagunak-ek irabazi dituen arren, joan den asteburuan ustekabea gertatu zen Bilboko ibaian. Lehen txandan borrokan ari den Hondarribiak hirugarren postuan amaitu zuen, bigarrenarengandik segundo eskas batera. Igandean, berriz, ohorezko txandan irten, eta laugarren postuan amaitu zuen Iker Cortesek zuzentzen duen taldeak. Miren Garmendia patroiak (Hernani, Gipuzkoa, 1999) argi dauka pauso handi bat eman dutela aurtengo denboraldian: «Sekulako asteburua izan da, orain arte egin dugun onena, eta oso-oso pozik gaude lortutako emaitzarekin».

Nekez ahaztuko du Garmendiak, larunbatean Bilbon egin zuten estropada. «Estropada bukatzean oso ondo sentitu ginen, bai baikenekien oso estropada ona egin genuela. Baina ondoren Donostiarra sartu zen helmugara. Eta ikusi genuenean gu baino segundo bat azkarrago amaitu zutela, berriro bosgarren geratuko ginela pentsatu nuen. Baina Orio eta Tolosaldea atzetik geratu ziren gure ustekaberako, eta oso pozgarria izan zen hirugarren tokian amaitzea».

«Hankak lurrean eduki behar ditugu, baino iruditzen zait asteburu honek konfiantza eman digula jauzi txiki hori egiteko, eta gora begiratzeko» 

MIREN GARMENDIAHondarribiako patroia

Euskotren liga zortzi traineruko liga bihurtu zenetik ez zuen lortu Hondarribiak hirugarren toki bat; ezta asteburu berean bi aldiz lehen lau ontzien artean geratzea ere. Garmendia pozik dago bere taldeak erakutsi zuen mailarekin: «Bukatu eta berehala esan nien taldekideei aurten oso gogor prestatu direla eta Bilboko estropadan agertuko zela entrenatu duten guztia. Negua oso gogorra izan da, baina fruituak eman ditu, eta asteburuan ikusi da. Igandean harrobiko sei arraunlari aritu ziren, horietako bi gazte kategoriakoak, eta alde horretatik ere harrotasun handia sentitzen dugu, berriro lehenengo lauren artean amaitu genuelako».

Ama Guadalupekoak argi utzi du; asteburuan ohorezko txandako traineru bat despistatzen bada, haiek ez dute barkatuko. «Txantxetan esaten dugu gure artean goiko taldeak molestatzeko gaudela, baina badakigu gure lana ona denean, eta egoera gure alde jartzen denean, toki on bat lortzeko aukera dugula. Datozen estropadetan ere hori izango da gure nahia», nabarmendu du Gramendiak.

Dena eman zuten

Bilboko estropadan indarrez hustu ziren; arraunlarien aurpegiak ikusi besterik ez zegoen. Ibaian egiten diren estropadek hori daukate, Garmendiaren ustez, fisikoki «hustu» egiten zarela. «Asko zukutu nituen taldekideak. Bigarren luzea, batez ere, oso gogorra zen, baina hasieratik mentalizatuak joan ginen ziaboga egin ostean oso lan gogorra izango genuela. Bigarren luze horretan oso ondo eutsi genion sufrimenduari, eta talderik azkarrenetan bigarrena izan ginen luze horretan. Betikoa egin genuen: geure ehuneko  eman. Azkenean zorte pixka bat ere izan genuen, erritmo horri eusteko gai izan ginelako».

Hala ere Hondarribiak badaki ezin dela lasaitu, eta asteroko borroka horretan jarri behar dute fokua, Garmendiaren ustez. «Lehen txandako taldeak ere gure aurretik geratzeko gai dira. Hankak lurrean eduki behar ditugu, baino iruditzen zait asteburu honek konfiantza eman digula jauzi txiki hori egin, eta gora begiratzeko. Asteburu honek eman digun indarrarekin oso gogor entrenatuko gara aste barruan, eta ziur nago asteburu polita izango dela datorrena ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.